Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Olaztiko kintoak otsaila iristeko zain

Dokumentuaren akzioak

Olaztiko kintoak otsaila iristeko zain

Komunikabidea
Guaixe
Tokia
Olazti
Mota
Albistea
Data
2024/01/26
Lotura
Guaixe
Kintoak Vicente Argomaniz plazan. UTZITAKOA

Otsailaren 1etik 5era, ostegunetik astelehenera, izanen dituzte kinto olaztiarrek ospakizunak. 

Olaztiko kintoak izanen dira 2024an goiztiarrenak, eta otsailaren 1etik, osteguna, 5era, astelehena, eginen dituzte haien ospakizunak. 2005an jaiotako hemezortzi kintok osatzen dute aurtengo kinta: Olatz Bados Ganuza, Uxue Ondarra Lopez, Joane Garcia Duran, Valentina Costadinova Chimeva, Maddi Goia Anton, Irune Etxaniz Etxandia, Saioa Pascal Alegria, Mara Gomez Zabala, Iraia Sevilla San Gil, Araitz Gurmindo Gabari, Harri Landa Lasa, Eukene Urra Herrero, Julen Martinez Gonzalez, Amaia Santamaria Iglesias, Andoni Mainieri Perez, Jon Lopez de Goikoetxea Perez, Iker Pires Cerro eta Aimar Rodriguez Lorea. Guztiak ere ilbeltzeko azken egunean gaztetxean afaltzera elkartuko dira. Hor haien festako azken hari muturrak lotuko dituzte. 

Kinto festak iraunen dituen bost egunetan La Cigarra herriko txarangak kalejiretan eta abarretan musikarekin lagunduko du; egunero 19:30arte.

Aurreneko egunean gaztetxean hartuko dute hamaiketakoa. Hurrengoetan bi elkarteetan eta bi tabernetan izanen da. Egunero Clinkerren bazkalduko dute eta afariak, berriz, herriko tabernatan eginen dituzte.

2024ko Olaztiko kintoen ospakizunak

Otsailak 1 osteguna

Hemezortzikotea, baserritarrez jantzita, goiz kaleratuko da. 07:00etarako kinto eskea hasteko asmoa dute. Ordu horretan lanera joan edo autobusa hartu behar dutenei eskatuko diete dirua. Bi taldetan banatuko dira. Bata industrialdeetara joanen da diru eske. Aurretik ospakizunaren gastuei aurre egiteko laguntza eskatuz gutuna bidali diete enpresei. Beraz, lantegietan dirua jasotzea besterik ez da izanen. Hango lanak azkar eginda, herrian denda eta establezimenduetan eskean ari den kinto taldearekin elkartuko dira. Kinto festak iraunen dituen bost egunetan gazteei soinu banda herriko txarangak, La Cigarrak, jarriko dio. Hamaiketakoa hartzeko geldituko dute kinto eskea. Baina behin indarrak hartuta kalez kale eta etxez etxe eskean segituko dute gazteek. Bazkaldu ondoren ere txarangak lagundutako kinto eskean segituko du, bost eguneko parrandak aurrekontu handia eskatzen baitu. Afaldu ondoren gaztetxean izanen den beti kintoen afarira joandakoekin bat eginen dute. 

Otsailak 2 ostirala

Hamaiketakoa jan ondoren, txaranga lagun dutela, kintoak eskolara joanen dira 11:00etan. Ikasleen artean miresmena sortzen du bisitak, gainera beti izaten da kinto senideren bat duen ikaslerik ere.  Txikienek ere kintoei dirua emanen diete. Eskolatik atera ondoren poteoa eta kinto eskea uztartuko dituzte gazteek. Bazkariko etenaren ondoren, kinto eske musikatuarekin segituko dute. Baina hura 19:30ean etenen dute, ordu horretan plazan gazteek herriko zortzikoa dantzatuko dutelako. Dantzarako doinua La Cigarra txarangak jarriko du. Afaldu ondoren festa ospakizunak segituko du. Gainera, gaztetxean Bisaiak eta Zazú taldeen kontzertuak izanen dituzte. Barandi tabernan, 23:00etatik aurrera, Oihan Vegaren disko festa izanen da.

Otsailak 3 larunbata

Txarangak lagunduta hamaiketakoa hartu ondoren kinto eskean ariko dira gazteak poteoan dauden bitartean. Larunbat hori egun handia izanen da Olatzagutian, izan ere, kintada guztietako kideak elkartu eta bazkalduko dute. Beraz, bazkaldu aurreko poteo animatua kinto eskea egiteko aukera aproposa izanen da gazteendako. Bazkaldu ondoren, poteoan izanen dira gazteak. Udalak kontratatutako elektrotxarangak eta gaztetxeko Bidean taldearen erromeriak parrandari doinua jarriko diete. 

Otsailak 4 igandea

Santa Ageda bezpera

Aurreko egunetan bezala, hamaiketakoa hartzeko garaian elkartuko dira gazteak. Eta ondoren, kinto eskean ariko dira, bazkal garairaino. Arratsaldean kintoak, musika lagun, poteoan eta eskean segituko dute. Afaldu ondorengo parrandari ez diote uko eginen. 

Otsailak 5 astelehena

Hamaiketakoa hartu ondoren, eguerdian, poteo garaian, gazteak eskean ibiliko dira. Bazkaldu ondoren, gauza bera eginen dute. Eta afaldu ondoren, gaztetxea gauerako hartu dute. Han despedituko dute kinto ospakizuna. Olatzagutiko kinto ospakizunetan ohitura herriko adinduenari, gazteenari, alkateari eta medikuari opil bana oparitzea. Gazteak haiekin hitz egitekoak dira, egokien zaien egunean opila ematera joateko. Aurten, gainera, mediku ohiari ere oparituko diote opila. 

Dokumentuaren akzioak