Patinatzaile eta dantzari gisa, askotariko dominak jantzi dituzu azken urteotan hainbat txapelketatan, baita munduko txapeldun izendatu bi aldiz ere dantzan. Zer balorazio egiten diozu egindako ibilbideari?
Zaila da oraindik bidaiatzeko eta gozatzeko asko duela uste dudan ibilbide bat baloratzea. Dena den, beti gustatzen zait azpimarratzea alaia bezain exijentea den karrera bat izan dela, eta izaten jarraitzen duela. Diziplinari, irmotasunari, pasioari eta lanari eskainitako bizitza izan da, eta izango da, kirolean ez ezik ikasketetan ere. Gainera, nabarmendu nahi dut balio horiek, nire ikuspuntutik hain funtsezkoak direnak, lagundu didatela urteotan nire bizitza profesional eta pertsonalean, eta ikasketetan iraunkortasuna lortzen, arduraz jokatuta.
Patinaje artistikotik dantzara egin duzu salto, ala alderantziz? Zein modalitatetan sentitzen zara erosoen?
Nire ibilbidea ulertzeko, amonari erreparatu behar diogu. Beraren familia galiziarra da, eta 40-50eko hamarkadetan jada kalean patinatzen ari zen uhalezko patin tipikoekin. 70-80ko hamarkadan, nire izebak eta amak 3-4 urte eskas zituztenean, patinatzera eraman zituen "profesionalki". Biek txapelketa dezente irabazi dituzte, eta ni jaio nintzenerako entrenatzaile eta arbitro ziren. Bi urte nituenean, patinatzaile eta patinen artean arrastaka nengoen eta, 6 urte nituela, serioago hartu eta benetan patinatzen hasi nintzen; 9 urterako, nazioarteko lehenengo txapelketara iritsi nintzen. Gainera, betidanik izan dut gustuko balleta, baita beste dantza-estilo asko ere.
Pandemiarekin, ezinezkoa izan nuen patinatzea, baina bai dantza egitea, eta pandemiaren osteko Espainiako Dantza Txapelketara sailkatu nintzen. Itxaropenik gabe aritu nintzen, baina 3. postuan lotu nintzen; hala, hurrengo urtean errepikatu eta urrezko domina jantzi nuen. Orduz geroztik, dena izan da amets bat bezala.
Zer nolako lotura dute kirol biek?
Biak landu dituen kirolari gisa, esango nuke ikusleei aurre egin behar zaiela batean zein bestean, artistikoki haiei atsegina den zerbait eskainiz. Eta hori da gaur egun nire ikasleei erakusten diedana, eskakizun tekniko eta artistiko horiek.
Izan ere, lehiatzeaz gainera, Show Getxo Patinaje taldeko entrenatzailea ere bazara...
Bai. Nire kluba deskribatu beharko banu, hiru hitz erabiliko nituzke: dibertigarria, dedikazioa eta taldea. Urteak daramatzat kirolari moduan, eta talde batu bat gara, non puzzlearen pieza guztiak zaindu eta garrantzitsuak diren.
Dantzarako, besteak beste, Italiara joan ohi zara entrenatzera. Zelan uztartzen dituzu bidaiak eta unibertsitateko ikasketak?
Teknikoki hobetzeko, dantzan handiak diren Giulia eta Vittorio Anellirekin lan egiteko aukera izan dut. Amarekin, bigarren munduko kopara eraman ninduten. Nik beti esaten dut nire ama eta biok bat egiten dugula, ama-alabak garelako, entrenatzaile-ikasle, eta bera gabe ezinezkoa litzateke aurrera egitea. Berak irakatsi dit, aitarekin batera, ikastearen eta etengabe eta irmo aurrera egitearen garrantzia. Duela bi urte Fisioterapia ikasten hasi nintzen, eta beti esan dut nire ametsetako ikasketak direla. Orain, dena integratzea ez da lan erreza, bi aldeetatik lan handia eskatzen duelako: irmotasuna, lana eta esfortzua.
Zeintzuk erronka dituzu gaur egun eskuartean?
Hiru hilabete barru Berlinera (Alemania) goaz. Badakigu oso lehia zorrotzari aurre egingo diogula, urteko zorrotzenetarikoa, baina ilusioz eta gogo handiz lan egingo dugu daukagun onena lortzeko.
Aurten, gainera, Bartzelonan jokatuko den Munduko Kopa duzu helburu; zelan aurreikusten duzu lehia hori?
Bartzelonan jokatzeko zortea izango dugu, eta niretzat oso berezia da hori, etxean arituko naizelako, nire jendearengandik gertu. Izan ere, nire familiak nire lehiaz gozatu ahal izango duen lehenengo Munduko Kopa izango da. Berezia izango dela uste dut, eta, zalantzarik gabe, oso desiratua.
Taulara igotzerakoan, dantzarako, zer sentitzen duzu?
Oholtzara igotzea dena emateko eta gorputzarekin sortzen duzun mugimenduaz gozatzeko unea da. Ez dago gozarazten ez nauen dantzarik. Orain, egia da urduritasuna dagoela, baita autoexijentzia ere bai; lehia bakoitzean, kanpo-faktoreak aldatu egiten dira eta, ondorioz, emozioak ere bai. Zaila da tamaina handiko lehia batean emozioak kudeatzea, baina horretarako lan egiten dugu, egoerari askoz hobeto aurre egiten laguntzen digun talde tekniko oso batekin.
Orain gutxi, Berangoko Udalak egindako ibilbideagatik omenaldia egin zizun, baita Getxokoak ere. Zer sentitu zenuen, horren gaztea izanda, zure udalerriek aitortza hori egin izan ostean?
Beti egon naiz, eta egongo naiz, oso eskertuta eta pozik nire bi udalek, Berangok zein Getxok, baldintzarik gabeko laguntza ematen didatelako. Harrotasuna da bai alkateek eta baita haien atzean dauden taldeak ere hainbeste indar, enpatia eta maitasuna transmititzea. Asko eskertzen dut. Hemendik, eskerrik asko, Berango; eskerrik asko, Itziar; eskerrik asko, Getxo; eskerrik asko, Amaia.