Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Olaeta Ballets Elkarteak 'Suare' pieza estreinatuko du Arriagan

Dokumentuaren akzioak

Olaeta Ballets Elkarteak 'Suare' pieza estreinatuko du Arriagan

Pandemiaren eraginez emankizuna atzeratu ostean 'Ama Lurra'-rekin batera eskainiko du gaur
Egilea
Ane Araluzea
Komunikabidea
Deia
Mota
Albistea
Data
2021/11/13
Lotura
Deia
Guztira 50 dantzari, 30 abeslari eta 15 musikari inguru taularatuko dira bi piezak interpretatzeko.
Guztira 50 dantzari, 30 abeslari eta 15 musikari inguru taularatuko dira bi piezak interpretatzeko.

Klima larrialdiaren harira bukatu berri den Glasgowko goi-bileraren inguruan ezer jakin baino askoz lehenago hasi zen Olaeta Ballets Elkartea gaur estreinatuko duen pieza prestatzen. Izan ere, Suare izeneko lana izaki bizidunek habitatarekin duten harremanaren inguruko hausnarketa bultzatzeko asmoz ekoitzi zuten. Pandemiatik eratorritako murrizketak direla eta iazko abenduan ikuskizuna bertan behera geratu ostean Arriaga Antzokiko oholtza gainera eramango dute ballet-ekoizpen berria ehun bat parte-hartzailerekin. Horrez gain, berrikuntzekin aurkeztuko duten Ama Lurra lanaren bidez Euskal Herrian zehar egindako ibilbide bat ere proposatuko dute.

"Orain dela bi urte hasi ginen prestatzen eta zailtasun ezberdinak izan ditugu", kontatzen du Jone Goirizelaiak, Olaeta Ballets Elkarteko koreografo eta irakasleak. Irudimena zukutuz, piezaren pausoak etxean zeudela adostu behar izan zituen Mari Carmen Muñozekin batera. "Guk ezin genuen dantzarik egin, baina koruak ezin zuen abestu. Hori koordinatu egin behar izan genuen", zehazten du. Gainera, abenduan, emanaldia prest zegoenean, berriro itxi zen dena eta estreinaldia ezin izan zuten egin. "Ilusio eta gogo handiarekin gaude berriz jendearen aurrean egon eta euren berotasuna eskuratzeko. Txaloak, guretzako, altxor preziatua izango dira", aitortzen du Jone Goirizelaiak.

Emankizuna prestatzen hasi zirenean naturaren zaintza zuten hausnarketa bezala, puri-purian dagoen kontua. "Une honetan lotura zuzena dauka gertatzen ari denarekin, eta, horregatik, nahiko egokia iruditzen zaigu hori helaraztea ikusleei", dio Goirizelaiak Suare piezari buruz. Ariketa horretan Ziriza Ahots Taldea emakumeen abesbatza, Ius Pérezen zuzendaritzapean, eta Bilbao Sinfonietta orkestra, Iker Sanchez zuzendari dela, izango dituzte lagun. Naturaren garrantzia zein den azpimarratzeko asmoz koreografian hainbat trikimailu erabiliko dituzte: hala nola, txoriak an-tzeratuko dituzte edota mendi bat irudikatuko dute. "Dantza tradizionaletik urruntzen da zenbait momentutan. Mugimendu batzuetan uzkurdurak eta eskuekin jokoak daude, baina beste mugimendu ba-tzuetan makila txikiak erabiltzen ditugu, ohi bezala", zehazten du.

Ibilbidea 

Ama Lurra lanari dagokionez, Olaeta Ballets Elkartearen sustraietan sakontzeko asmoz sortutakoa da. "Ibilaldi bat egiten dugu gure lurralde ezberdinetatik eta hortik ateratzen ditugu guretzat garrantzitsuak diren dantza ezberdinak", adierazten du elkartearen historiarekin lotura handia duen abokatuak. Horrela, Bizkaiko Dan-tzari Dantza egin ez arren, Banako eta pauso batzuk sartzen dituzte Dantzarinango izena daraman dantzan. Ikusleek Sagardantza, suletino berezi bat, Axuri Beltza edota Kontrapas eta Museta ere identifikatu ahalko dituzte. "Ama Lurra beste batzuetan ere dantzatu dugu baina beti ez dugu egiten dantza berdinekin. Egitura ez da berria, baina beti sartzen ditugu dantza berriak", azaleratzen du. 

Kasu honetan, esaterako, omenaldi berezi bat egingo diote Kepa Junkerari. "Guretzat Kepa oso pertsona inportantea da, oso gauza bereziak bizi izan ditugulako berarekin. Azkenengo diskoa atera zuenean bira berarekin egin genuen. Koreografia ezberdinak ditugu bere abestiekin eta omenaldi txiki bat egin nahi genion kontutan harturik momentu honetan nola dagoen", adierazten du Goirizelaiak, Gaztelugatxeko martxa eta Ahuntza dantzatuko dituztela zehaztu ondoren. Gainera, Aupa Maurizia izeneko dantza ere interpretatuko dute, Maurizia Aldeiturriaga pandero-jotzailearen omenez. "Bere figura, indarra eta prestakuntza azpimarratu nahi ditugu", azaltzen du Gorizelaiak.

Estreinaldia Arriaga Antzokian egingo zutela oso argi zuten hasiera batetik. "Arriagarekin oso lotura zuzena daukagu historikoki, Victor Olaeta ballet taldea zuzentzen egon zenetik. Gainera, laguntza ikaragarria izan dugu euren aldetik, baita Bilboko Udalaren aldetik ere", aitortu zuen koreografoak. Bestetik, Segundo Olaeta eta bere familiaren sustraiak Gernikan daudenez, eta, gerraz geroztik, Biarritzen hainbat urte bizi izan zirenez, aipatutako lekuetan ere emankizuna aurkezteko aukera izatea espero dute. 

Dokumentuaren akzioak