Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Olaeta Balleta: Emakume baten bidaia mitologikoa oin puntetan hasten da

Dokumentuaren akzioak

Olaeta Balleta: Emakume baten bidaia mitologikoa oin puntetan hasten da

Egilea
Amaia Ereñaga
Komunikabidea
Naiz
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2024/03/21
Lotura
Naiz

 Emakumeak dira protagonista ikuskizun honetan. Irudian, Anbotoko Mari eta Akerra antzeztuko duten dantzariak.

Emakumeak dira protagonista ikuskizun honetan. Irudian, Anbotoko Mari eta Akerra antzeztuko duten dantzariak. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Adimen artifizialaren garaiotan, gizakion sustraietara –alegia, mitologiara– itzultzeko gonbita luzatuko du Olaeta Ballet elkarteak bere ikuskizun berriarekin. Urtero legez, Bizkaiko euskal kulturaren munduak konpainia historiko honekin hitzordua du, eta aurtengo egutegian markatuta dagoen data martxoaren 24a da, Arriaga antzokian (19.00etan). Sarrerak, webgunean eta takilan.

Bilboko erdigunean kokatutako Escolapioen eskolan iluntze honetan jo eta fuego ari dira lanean, martxoaren 24an (19.00etan) egingo duten emanaldiari begira zintzilik gelditzen diren azken gauzatxoak findu nahian. Urtean zehar, gela hauetan ematen dituzte dantza klasiko eta euskal dantzaren klaseak, haur zein helduei. Beraz, esan daiteke datorren 24koa izango dela Bittor Olaetak sortutako elkartearen urteko hitzordu nagusiena; urtetik urtera hiriko antzoki nagusia lepo ikusten ohi da, sustrai sendoak baititu konpainia honek hirian.   

Jon Maia eta Bittor Olaeta

Baina nortzuk dira Olaetatarrak, eta zergatik mantendu da bizirik beraien ondarea? Segundo Olaetak (1896-1971) euskal folkloreak izan duen ikertzaile handienetako bat izan zen; Bittor Olaeta semeak (1922-2007), aitaren musikarekiko maitasuna herentzian jaso eta musikoa, dantzaria eta koreografoa izan zen. 

Nobela batetik ateratako pertsonaia dirudi, bizitza erabat nobeleskoa izan zuelako, beti dantzari lotuta eta abenturaz abentura jauzi eginez: 36.ko Gerraren  eraginez, aitak sortutako Elai Alaiko dantzariekin erbesterako bidea hartu eta, Eresoinkarekin batera –Luis Mariano eta Pepita Embil, Placido Dominoren ama zena, bertako partaideak ziren–, Euskal Herriko enbaxadore kulturalen lana bete zuten nazioarteko agertoki anitzetan.

Bittorrek euskal folklorea balletaren mailara igotzea lortu zuen, dantza klasikoa eta euskal dantza herrikoia bat eginez. 40. hamarkadan Euskal Herrira itzuli ahal izan zuen sendiak, eta Bittorrek bere ametsa bete ahal zuen: akademia propioa sortu zuen.
Arriagan aurkeztuko duten ikuskizunaren lehen zatia, nolabait, ‘dantzaren arkeologia’ ariketa bat kontsidera daiteke: ‘Lau urtaroak’, 14 minututako euskal balleta, taularatuko baita, Olaetaren koreografiarekin, eta José Luis Francoren musikatik abiatuta. Bizitzaren lau etapa bezala irudikatzen dira lau urtaroak bertan: udaberria, haurtzaroa; uda, gaztetasunaren bultzada; udazkena, heldutasuna eta negua, zahartzaroa eta jakinduria.

Bigarren zatian Jon Maiaren ideia batetik abiatutako ‘M eme M (Mari emakume Mitologikoa)’ (50. minutuko luzeera) balletaren txanda izango da. Ikuskizunaren ‘plater nagusia’ da, berreskuratu eta osagai berriez egokitutako koreografia bat baita. Taularen gainean, zuzenean, 40 bat dantzari, 25 bat emakume kantatzen eta 17 bat musikoko orkestra. Ez da apustu makala, eta lortu ahal izan da BBK Fundazioa eta enpresa batzuen babesari esker.

«Oraingoan guretzat inflexio puntu bat, hain justu ikuskizun hau beste pertsona baten sormena duelako abiapuntu; hau da, hitzez edo kanta batean adierazteko pentsatutako zerbait dantzara eramango dugu guk. Jon Maiaren ideia da eta berak esan zidan kontatuko genuela gure mitologia, mitologiaren pertsonaiak eta mitologiaren bizipenen bitartez, baina emakumearen ikuspuntutik, emakumea bera erdigunean jartzen eta emakumearen bizipenak islatuz», argitzen du Jone Goirizelaiak, Mari Carmen Muñozekin batera, koreografiaren egilea.

Trasmizioa da hemen gakoa, belaunaldi desberdinen artean kateatutako bidearen emaitza baikara egungoko emakumeak. Harrera bertsoetan egingo da: Jon Maiak eta Josune Aramendik bertsotan hasi eta, txalapartaren doinuek, bidaia magikoan sartuko gaituzte. Garai desberdinetako Mari gorpuztuko duten dantzariak adin desberdinetakoak dira: Elene Gonzalez (8 urte), Lierni Pascuas (13 urte), Aiala Razkin (17) –dantzari profesionala izateko bidean dago egun–, Marta P. Okamika eta Alaitz Etxebarria. Hauekin batera, protagonisten talde horretan, Uxue Ortuetak Anbotoko Marirena egingo du. Mari honek Akerra bereganatuko du, gainera.

Folklorea, klasikoa eta garaikide estiloak nahasten dituzte. «Gure emanaldiak ikusten dituztenek ohartzen dira, fokloretik abiatuz, balleta eta beste estilo batzuk uztartu daitezkeela, eta konturatzen dira ere folkloretik posiblea dela istorioak kontatzea. Honek eragin zuzena izaten du, emanaldi hauen ostean jende dexente etortzen zaigulako gure klaseetara. Hori bai, arazo handi bat dugu: mutilen faltan gaude. Bi mutiko baino ez ditugu, eta beste zortzi beste adinekoak», dio Goirizelaiak.

BilbaoSinfonietta, zuzenean

Ez da batere ohikoa gurean ballet bat zuzeneko musikarekin entzutea. Ohikoena grabatua da, tamalez. Eta esperientzia erabat desberdina da. Ikuskizun honetan Jose Maria Usandizaga, Mikel Laboa, Juan Carlos Perez... mota eta garai desberdinetako hogei bat pieza joko ditu zuzenean BilbaoSinfoniettak, Xabier Kalzadak espresuki moldatutakoak. Iker Sánchez da zazpi urteko ibilbidea duen orkestra honen zuzendaria: «Zuzendaria, ekoizlea, managerra...», dio umorez.

«Orkestra balioaniztun eta moldakorra» bezala definitzen den orkestra hau gai da musika klasikoa edo garaikidea egiteko, baina haien xede nagusiena da «konpositore gazteei ahotsa ematea», Sanchezen esanetan. Hiru disko ditu, hainbat sari eta lan eskerga egin du bai hemen bai kanpoan. Orain gutxi, eta Bilbon eta Donostiatik pasa ondoren, Madrilgo Teatro Real-en egon dira ‘Carmen’ musikal flamenkoarekin.

Mota guztietako lanak egiten dituzte, egia esan, antzerkian –Arriagan, maiz–, baita ere zineman ere, soinu-bandak egiten. «Ezin gara kexatu, ondo moldatzen ari gara, lanari dagokionez, baina beti kanabera eskuan», dio umorez Iker Sanchezek.

Zirzira Ahots Talde berezia

Zirzira Ahots Taldea da emanaldi honen beste ‘hanka’. Basauriko abesbatza berezia da oso, egia esan. Orain 13 bat urte sortu zen, ahots-musika garaikidea eta, batez ere, pop musika eta gaur egungo euskal egileek konposatutako abestien harmonizazioak sustatzeko. 20 eta 50 urte arteko 40 bat emakumeek osatzen dute abesbatza.

Ius Perez zuzendaria da gizonezko bakarra, eta aurten 25 urte bete ditu abesbatzen munduan: «Emanaldi honek erronka dexente ditu, emakumeen ahotsera egokitu behar dugulako. Esaterako, ‘Mendi mendiyan’ eta ‘Baga Biga’ kantentzat egokitzapenak egin behar izan ditut, ahots mistoendako direlako».

Lan eskerga egiten du Basuariko talde honek: musikalak egin ditu –“Las mil y una Cenicientas” musikal feminista estreinatu zuten Santurtzin–, diskoetan kolaborazioak egin ditu –Korrontzi taldearen 20. urteurreneko ”Basauti” kantaren bideoklipean Heviarekin batera kantatu dute–, telelebista saioetan parte hartu dute... «Eta hilero igande bat bakarrik entsaiatzen dugu!», dio umorez zuzendariak.   

Dokumentuaren akzioak