Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Oinutsik ariko da dantzan Mari Errauskin

Dokumentuaren akzioak

Oinutsik ariko da dantzan Mari Errauskin

Les Ballets de Monte-Carlo dantza taldeak zabalduko du Kursaal Fundazioaren bigarren denboraldia

Egilea
Ainhoa Oiartzabal
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
donostia
Mota
Albistea
Data
2001/10/08

Printzeak ez dio Maria Errauskini kristalezko zapatarik jantziko gaur Kursaalean Les Ballets de Monte-Carlo dantza taldeak eskainiko duen dantza ikuskizunean. Izan ere, ez du oinetakorik galdu Frantziako Jean Christophe Maillot koreografo handiak zuzendu duen Mari Errauskin baleteko protagonistak. Istorio honetan Maria Errauskinen oinen arrastoak hartuko du zapataren lekua, «eta urrats horiek jarraituz aurkituko du Printzeak bere maitea», zioten atzo dantzariek emanaldia eskaini bezperan: «Printzeak, bizi den unibertso itxitik irten eta, bere maitearen atzetik abiatu beharko du, haren urratsen aurrean belaunikatuz eta umiltasunez jokatuz».

Halaber, Mari Errauskinen aita eta amaren presentzia handia dela iragarri zuten. Batik bat, amaren papera nabarmendu zuten: «Hilik dagoen ama maitagarri bihurtzen baita». Dantzarien esanetan aitaren eta alabaren arteko maitasuna, amaren eta alabaren artekoa... Finean, maitasun mota desberdinak ageri dira narrazioaren menera dagoen balet honetan.

Beraz, Maillotek hankaz gora jartzen du Mari Errauskin ipuin klasikoa, eta ikuskizun abangoardista egiten du istorioarekin: «Ikuskizun alai, poetiko eta kritikoa da. Ez du zerikusirik Disney-ek erakutsi digun Mari Errauskin sentimental eta karikaturizatuarekin».

Soiltasuna da Mailloten obraren ezaugarri nagusia, horixe baita, benetakotasuna, transmititu nahi duen ideia: «Pertsonaiek soinean dituzten jantzien bitartez oso ongi islatzen da hori. Maria Errauskinek eta bere amaren jantzi xaloek adibidez, nabarmen uzten dute ahizpaordeen edota amandrearen artifizialtasuna». Horrekin, egungo gizarteari kritika egin nahi zaiola gaineratu zuen Alina Lagoas dantzariak.

Naturaltasuna

Berarekin batera hartzen du parte obran Asier Uriagereka euskal dantzariak. Bere esanetan, elementu artifizial gutxiko ikuskizun «dotorea» da Mari Errauskin. Oso esplizitua omen da obra, eta , beraz, ez ditu balet klasikoaren kodeak erabiltzen. «Oso naturala da. Pertsonaiek musu ematen badute benetan ematen dute, hau da, ez dugu ekintza horren errepresentazioa egiten. Pertsonaiaren barruan sartu, baina norberak bere erara egiten du dantza; norbera ari da dantzan». Horregatik, ulertzen erraza dela zion.

Xalotasun eta naturaltasun hori lortzeko, ordea, gaur egungo aurrerakuntza teknologikoak erabiltzen ditu Frantziako koreografoak. Horrela, argiztapen bereziak emango dio argia Sergei Prokofieven musikaren erritmora dantza egingo duen Mari Errauskin garaikideari.

bigarren denboraldia

Datorren igandean Rokia Traore kantaria izango da

Jada amaitu dira gaur Kursaalaren bigarren deboraldia zabalduko duen Mailloten Mari Errauskin baleterako sarrerak. Emanaldi honen atzetik etorriko diren ikuskizun nahiz kontzertuetarako sarrerak ere jadanik salgai daude. Bonoen salmenta, ordea, itxi dute. Kursaal Fundazioaren arduradunen esanetan, 1.400 bono inguru saldu dituzte musika klasikoaren nahiz musika herrikoi edo poparen emanaldietarako.

Gaurko balet emanaldiari Maliko Rokia Traore kantariaren kontzertuak jarraituko dio igandean, eta honen atzetik Circo Eos ikuskizuna izango da hilaren 18an. Pedro Guerra, Annette Peacock eta Akademie für Alte Musik Berlin Collegium Vocale Gent orkestaren emanaldiek osatuko dute hileko programazioa.

Oreka TX, Cesaria Evora, Espainiako Dantza Konpainia edota Els Comediants-en ikuskizuna izango dira datorren urtarrila bitartean eskainiko diren emanaldietako batzuk.

Dokumentuaren akzioak