Dokumentuaren akzioak
Oinkari, dantzari txikien eskola handia
Eszenatokia prest, dantzariak oholtza gainean dantzan
hasteko irrikitan eta musikariak ondoan, euren tresnen doinuak astindu
nahian. Horrelakoak dira Villabonako Oinkari dantza taldeko emanaldiak,
biziak eta ilusioz beterikoak. Horretarako, erakustaldi bikain bat
eskaintzeko, lan asko egin behar izan dute aldez aurretik eta izerdi
franko atera, euren maila erakusteko.
Lan guzti hori astean zehar egiten dituzten entseguetako
fruitua da. Gaur egun, Villabonako dantza taldean 3 urtetik hasita eta
32 urte bitarte 241 bat lagun elkartzen dira. Lagun guzti horiek
bederatzi taldetan banatuta daude eta euren buru, dantza egiten
erakusteko prest Edu Munduamendiaraz eta Lurdes Esnaola daude. Azken
hauekin batera, taldeko beste dantzari nagusiek Villabonan edo Asteasun
hasi berriak diren txikienei erakusten diete. Izan ere, Oinkari dantza
taldean 14 urtetik gora 100 dantzari daude, gainontzeko guztiak txikiak
dira, 140 bat dira denetara. Hauek, nagusien artean bezala, Villabona,
Asteasu, Larraul eta Adunako dantzariak aurkitzen dira.
Lan gogorra
Oinkari dantza taldea famili bat bihurtu da. Famili
horretan helburu asko daude, horien artean, kideak handitzea, hauei
erakustea eta etorkizun on bat izatea. Horretarako, ordu asko ematen
dituzte euren kideak dantzak prestatzen, ikasten eta erakusten.
Erakustaldiak jende aurrean eskaini aurretik emanaldiaren kalitatea
bermatuta egon behar duelako. Hori diote behintzat, Oinkari dan-tza
taldeko arduradunak diren Eneko Arteagak eta Alazne Gurrutxagak.
Kalitate hori lortzeko lan gogorri heltzen diote eta
honi lagun-tzeko zuzeneko musika eransten diote. Dena, helburu bakar
eta argi batekin puntu puntako talde bat izatea. Horretarako urtean
60.000 euroko aurrekontua dute Villabonako dantza taldekoek. Diru
horren zati bat Udalak ematen diete. Dena den, Oinkari dantza taldekoen
esanetan «zerbait gehiago egin zezaken Villabonako Udalak ikusita
herrian sortzen dugun giroa eta ekintzak denontzat onuragarriak direla.
Gainera, Oinkarik ezagutzera ematen du gure herria». Bestalde, azken
hilabetetan lokal baten bila dabiltza dantza taldekoek, orain arte
erabiltzen zuena itxi egin baitiete. Badirudi Udalarekin gai hau
bideratzeko zuten harreman okertu egin dela. Gauzak horrela,
Oinkarikoek aurrera jarraitzen dute eta behar duten diru gehiena
taldeko kideek bultzaturiko tonbola, errifa, egutegiak, Gabonetan
jarritako tabernatik ateratzen dute. Bestalde, urtean zehar emanaldiak
eskaintzen ditutze. Udan batez ere. Herriz herri ibiltzen dira, eta
euren saioetan 50 dantzari eta zazpi musikari profesional aritzen dira
dantza tradizionalak eta bestelakoak ere eskaintzen.
Laguntza beharrezkoa
Dantza ikasten ordu asko emateaz gain, Oinkari kideek
taldeko gastuei aurre egiteko lan asko egin behar izaten dute.
Arduradunen esanetan «Eusko Jaurlaritzaren aldetik hutsune handia dago
euskal dantza taldeei laguntzeko. Euskal Herrian dauden lau-bost
taldetan zentratuta daude, bai emanaldiak antolatzerakoan baita,
laguntza horiek ematerakoan ere. Gainontzekoek lan asko eginda ere,
ahaztuta gauden sentsatzioa dugu. Gure ustez jarraipen arazo batean
gaude eta Euskal Herriko euskal dantzak bultzatzen dituzten bezala,
gure tradizioa islatzen duten dantzak ahaztuta daude. Horrez gain,
herrietan emanaldiak eskaintzea oso zaila».
Emanaldi horiek iristen diren bitartean, Oinkari dantza
taldekoek Murtziara aurtengo udan egingo duten bidaia prestatzen ari
dira. Jumillako folklore jaialdian parte hartuko dute abuztuaren 15etik
18ra eta bertara, autobusez joango dira. Jaialdi honetan 10 taldek
hartuko dute parte eta Villabonako dantzariek bi emanaldi eskainiko
dituzte, ordu erdi batekoak bakoitzak. Gero, herrian barna egingo den
kalejiran dan-tzan arituko dira. Antolatzaileek espero dute aurtengoan
ere, 2.000 lagun hurbiltzea jaialdi hau ikustera. Oinkari Dantza
Eskolako zaharrenek beriz, ekainean Holandako Bolsward Jaialdian parte
hartzeko gonbitea jaso dute.
Arteaga eta Gurrutxagak ilusioz hartu dute Murtziako
emanaldi hau antolatzeko erronka, baina oraindik sartuta duten arantza
atera nahi dute: Euskal Herrian saio gehiago eskaini. Horretarako ezin
bestekoa da Udal ordezkarien inplikatzioa, Oinkari taldekoen
arduradunen ustez «euren esku baitago gu bezalako taldeak
kontratatzea».
Momentuz, Oinkarikoek lanean segitzen dute, 2010ean lan
berri bat estreinatzeko asmoa baitute. Horrek suposatzen du dantza
berriak prestatu, jantziak berritu eta beste gauza asko egitea.
Bitartean, nahi duenak informazioa lortu dezake taldeari buruz euren
web orrialdean, www.oinkari.net. Bertan, agertzen da talde gazte honen lan bikaina.
Dokumentuaren akzioak