Dokumentuaren akzioak
Oinarri berrien gainean abiatu nahi du Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak
Haize berri bila dabiltza Iparraldeko Dantzarien Biltzarreko Administrazio Kontseiluko kide hasiberriak. Haize ufada berri batekin, beste abiada bat emateko gogoz daude. Aurpegi gazteak, eta lanerako gogo indarberrituak. «Abiapuntu berri bat», horrela hasi zuten atzo Luhuson, elkartearen egoitzan emandako prentsaurrekoa. «Urte zailak izan ditugu, eta orain berriz zerotik hasteko gogoz gaude», esan zuen elkarteko kide Peio Labeyriek. Lanerako gogo berri honekin, 2008 urterako egitasmo mardularekin jin dira, eta elkartearen lan ildoak garatuz indarrak biderkatu nahi dituzte. «Dantzaren erreferente bilakatu nahi dugu Ipar Euskal Herrian», laburbildu du Iban Ithurbidek.
Lanerako gogo txalogarria, orain urtebete Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak (IDB) zuen egoera ekonomikoa ikusita: «iaz 50.000 euroko zuloan sartuta ikusi genuen geure burua». Langileen estatus aldaketen aurreikuspen falta, gestioan petoak... ezezagun bihurtuta ikusi zuten elkartea: «aurten hala ere, gestioan egindako argiketei esker, eta dantzarien sostenguari esker, zerotik abiatzea lortu dugu» zehaztu digu Patrick Larralde IDBko kideak.
Erreferente izan nahian
Egoera konponduta, orain arteko lan ildoak jarraitu, eta berrikuntzaz elikatu nahi dute Administrazio Kontseiluko kideek: «orain arte, dantzaren irakaskuntza segurtatzen zuen elkarteak, eta urte osoan adin ezberdinetako dantzarien topaketak eta egunak antolatzen zituen. Guk lan ildo horrekin jarraitu nahi dugu, aldi oro berrikuntzak eginez, egitasmo berriekin aberastu nahi dugu, dantzaren erreferentea bilakatzeko», aipatu du Larraldek.
Horretarako, Luhuson eskura duten dantza gela «gune bizi bat» bihurtu nahi dute. Horrez gain, formazio arloa abian ezarriko dute: «dantza irakasleak formatu nahi ditugu, eta etorkizunean gure diploma ofizialki onartua izateko urratsak eman nahi ditugu». Horrekin batera, dantzaren artxiboa ere abian jarri dute: «dantzari buruzko dokumentazioa, partiturak, dantzen historia, irudiak... bildu eta sailkatu egin ditugu. Orain jendeari eskuragarri emanen dizkiogu, haien ikerketa edo informazio gosea asetzeko», erran digu Larraldek. Artxiboen zenbakitzea ere abiatu dute, eta informatikoki artxiboa sarean emateko xedea daukate IDBko kide gazteek.
IDBk Luhuson ditu bulegoak, eta erakundeekin adostuta, bertako ikusgarri gela biziarazteko ardura ere bai. Baina, orain arte ikusgarri gutxi egin ditu bertan: «gela hutsik dago. Material teknikoa, sonorizazioa, oihalak, kaderak... alokatu egin behar dira ikusgarriak egiteko. Ondorioz, dirutza behar da emanaldiak han egiteko eta, bat antolatzean, gure geroa ezartzen dugu arriskuan», azaldu digu Larraldek.
Kostu arazoez gain, Herriko Etxearekin, gelaren jabearekin, diren tira-birak ez dira lagungarri: «zerbait egin nahi dugularik, ohartzen gara Herriko Etxeak gela uzteko beti duela eragozpenen bat». Halere, gela biziarazteko eta dantza taldeentzat tresna izateko, egutegi mardula prestatu dute aurten. Sei emanaldi eginen dira Luhuson, formazioa ere bai, eta dantza taldeek errepikak egiteko eskura izanen dute gela.
Dokumentuaren akzioak