Dokumentuaren akzioak
Oinak nork hobeto dantzatu
Euskal Herriko Dantza Txapelketan 11 bikote lehiatuko dira datorren igandean, Seguran
Azkoitikoak, Hernanikoak, Pasaiakoak, Zegamakoak, Bergarakoak, Ordiziakoak, Olaberrikoak, Errenteriakoak eta Azpeitikoak dira Gipuzkoako bikoteak. Bizkaikoak, berriz, bi bikote Sestaokoak dira eta Leioakoa bat. Bikote bakoitzak fandangoa eta arin-arina dantzatuko ditu, txistuz lehena eta trikitiz bigarrena. Jesus Mari Garate Ordiziakoak, Rafa Salaberria Lezokoak, Izaskun Iturri Atarrabiakoak, Gaizka Benguria Portugaletekoak eta Joxean Atxukarro Errenteriakoak osatuko dute epaimahaia.
Lehiaketaren osagarri, Xafol-K taldeak ekitaldia eskainiko du. Aurten sorturiko klake taldea da, eta bederatzi neskak osatua, Larraitz Ugartemendiren gidaritzapean. Swing estiloa dute oinarri, eta eurek sortutako koreografiez eta dantzari mitikoek sorturikoez baliatzen dira.
Txapelketaren lekua eta garaikurra berriak izango dira aurten. Nestor Basterretxearen eskultura eramango dute dantzariek.
GIPUZKOAN SUSTRAITUA. 1977an Guillermo Areizaga Segurako alkate zenak sortu zuen txapelketa. Irabazleek jaso ohi duten eskultura jaioterriko udaletxean gorde ohi dute hurrengo txapelketa ospatu arte. Baldin eta bikote txapeldunak hiru aldiz segidan edo bost urtez txandaka txapelketa irabazten badu, bikoteak ordezkatzen duen udala sariaren jabe egingo da.
Badira txapelketa hirutan jarraian irabazi duten bikoteak: Azpitarte anai-arreba azkoitiarrak (2005, 2006, 2007), Parrondo anai- arreba hernaniarrak (2002, 2003, 2004), Kimetz Larrañaga eta Eneritz Epelde azkoitiarrak (1998, 1999, 2000), Edu Munduamendiaraz eta Amaia Agirre bergararrak (1993, 1994, 1995), Antton Mendizabal eta Amaia Illarreta donostiarrak (1989, 1990, 1991) eta Joxe Juan Ugalde eta Lurdes Esnaola lezoarrak (1981, 1982, 1983).
Hiru aldiz edo gehiagotan, baina ez jarraian, irabazi dute Juanito Sarriegi eta Lourdes Lopetegi hernaniarrek (1977, 1978, 1980) eta Isaac Agirre eta Belen Sagarzazu azkoitiarrek (1985, 1987, 1988, 1992).
Amaia Agirre bergararrak irabazi du txapelketa sarrien; bost aldiz, hain zuzen ere. Edu Muruamendiarazekin irabazitakoez gain, beste bi irabazi zituen Juantxo Urbietarekin (1984, 1986).
1977az geroztik Seguran ospatzen den txapelketak Gipuzkoan du pisua batez ere. Lehiaketa mota hau batez ere Gipuzkoan dago sustraituta: urtean zehar Gipuzkoan 40 bat egiten dira, Bizkaian 5-6, Araban 3-4, Nafarroan 2-3 eta bat bera ere ez Ipar Euskal Herrian.
Lehiaketa: Euskal Herriko 32. Dantza Txapelketa.
Lekua: Segurako Baratze pilotalekuan.
Noiz : Igandean, 18:00etan. Larunbatean kanporaketak izango dira, leku eta ordu berean.
Dokumentuaren akzioak