Dokumentuaren akzioak
Oinak lehertu arte
Egun osoko egitaraua prestatu du Ereintza Dantza Taldeak
Egitaraua aukera-aukerakoa da horretarako. Goizean hasi eta ordu txikienetaraino egitarau osatua prestatu du Ereintza Dantza Taldeak. Han musikari eta dantzari ugari biltzen dira, baina protagonista nagusiak dantzarako gogoz hara doazen diren euskal herritar guztiak izango dira. Errenteria festa gune erraldoia izango da.
Festara goizean goizetik animatzen direnak 11:00etan dute lehenengo hitzordua. Esmalteria plazan bilduko dira partehartzaile guztiak, eta hamaiketakoa egin ostean kalez kale abiatuko dira musika doinuak eta dantza urratsak Errenteria osoan zehar hedatuz.
Kalejira horiek guztiak 13:00etan Zumardian amaituko dira. Orduan, dantza erakustaldiari emango zaio hasiera. Saio berezia izango da. Batetik, Euskal Herrian jotak dantzatzeko hainbat modu ikusi ahal izango dira; eta bestetik, belaunaldiz belaunaldi dantzak izan duen bilakaera ikusi ahal izango da hainbat dantza emanaldiren bidez.
Erakustaldi horren amaierarekin batera herri bazkaria hasiko da kiroldegian. 500 lagun inguruk Intxaurrondoko Gastronomia Elkarteak prestatutako menuarekin gozatuko dute.
Indarrak berritu ostean, aldiz, guztiak kalera irtengo dira, 18:00etan erromeria nagusia abiatuko baita Zumardian. Hala ere, gune nagusi horretatik at musika izango da Errenteriako hainbat txokotan. Gauean, Alaitz eta Maider eta Lou Seriol taldeak arduratuko dira giroari eusteaz.
Euria egiten badu ere festarako gogoz daudenak lasai egon daitezke antolatzaileek karpa handi batekin estali baitute Errenteriako Zumardia. Beldurrik ez, beraz.
parte-hartzaileak
Trikitilariak
. O. Irastorza-E.Iturbe
. Bigira
. Laja eta Landakanda
. Mamen Maltzeta taldea
Dultzaina-trikitixa
.J. M Beltran eta Astiasaran anaiak
Albokaria
. Ibon Koteron
Dantzarako txarangak
. Patxi eta Batbiru
. Alkarkide
Txistulariak
. Ereintza Elkarteko taldea
Dultzaineroak
. Uranzu
Zubietako zanpantzarrak
Musika taldeak
. Lou Seriol
.Alaitz eta Maider
Herri dantzak gozatzeko jaialdi handia
Duela hiru urte Erromeria Eguna abian jarri zutenetik Denak dantzara plazara! izan da leloa, eta aurten ere bai
Plazara dantzara! da Erromeria Egunaren dei nagusia. «Egun honetan garrantzitsuena jendeak dantza egitea da, horretarako aukera ederra da-eta», diote Xabier Bengoetxea eta Juantxo Maya antolakuntza batzordeko kideek.
Laugarren aldiz lelo horrekin ekingo dio gaur Erromeria Egunak. «Izan ere, jendeak dantza ikuskizun gisa, ikusle moduan, ulertzen du gero eta gehiago, eta jaialdi honen bidez dantzaren zentzu parte-hartzailea aditzera eman nahi genuen», dio Mayak. «Euskal dantzek badute berezitasun hori jarraitzen dio Bengoetxeak, badira plazan egiteko dantzak, horiek ikasi eta dantzatzeko dantzaria izan behar ez dena, eta urteetan zehar Euskal Herriko festa eta erromerietan gozatu izan direnak; guk horiei susperraldi bat eragiteko pentsatu genuen Erromeria Eguna antolatzea».
Garai batean oso ohikoak ziren erromeriak herri eta auzo gehienetan. Gaur egun, ordea, horrelako festak eskasak dira. Afera honi buruz galdeginda, Juantxo Mayak dio: «Argi dago euskal gizartea aldatu egin dela, eta horrekin batera gazteen ohiturak eta festa egiteko modua ere aldatu egin direla; garai batean, dantzak komunikatzeko, harreman berriak eta abar egiteko balio bazuen, gaur egun hori guztia tabernetan-eta gertatzen da».
Bere ustez, ordea, horrek ez du esan nahi festa modu hau agortuta dagoenik: «jendeak dantza gutxiago egiten duela orokorra da, hala ere, Erromeria Eguna edo antzeko jaialdietan ikusten da jendea aukera dagoenean pizten dela, aurreko ekitaldietan, behintzat, jende mordoa izan da Errenterian eta plaza beteta izan da beti, horrek erakusten du oraindik ere posible dela herri dantzak oinarri hartuta festa handi bat egitea».
Helburu bereko saiakera ezberdinak
Erromeria giroa suspertzeko ahaleginean, Ereintza Dantza Taldeak duela hiru urte jarri zuen martxan Erromeria Eguna. Haren pare, ordea, badira antzeko helburua duten beste jaialdi batzuk ere. Hala, Bilbon Bilbo Dantza-n programa osatzen dute urte osoko egitarauarekin, aurten lehenengo Jalgi hadi dantzara jaialdia egin dute Bergaran, Orioko festetan ere erromeria antolatzen dute...
Ekimen hauek denak baikor ikusten dituzte Erromeria Eguneko antolatzaileek: «ahalegin horiek guztiek erakusten dute gaiarekiko interesa dagoela, eta horrelako saiakerekin gune urbanoetan dantzarako ohitura mantentzea errazagoa izango da». Ahalegin guztiak onak direla deritzote, eta aurrerantzean gehiago sortzea ere pozik ikusiko lukete.
Aniztasun handiko festa
Oarsoaldean oso azkar sustraitu da Erromeria Eguna, baina Errenteria inguruetatik ez ezik Euskal Herriko beste txoko askotatik joan ohi da jendea festa giroa bilatzera. Pertsona horiek guztiak, gainera, «oso-oso ezberdinak dira euren artean» diote antolatzaileek: «polita da hainbat belaunalditako jendea elkarrekin ikustea, garai bateko erromerietan jarduten zutenak eta gazteak, eta horrez gain punta-puntako dantzariak direnak eta hasi berriak direnak, edota dantza soilik plazan egiten dutenak; nahasketa ederra gertatzen da».
Jende multzo horretan, Bengoetxeak nabarmentzen du badela urtero-urtero Erromeria Egunari huts egiten ez diotenak: «Pasaiko Alkarkide txarangaren inguruan beti jende multzo ederra etortzen da, Oriotik ere bai , Patxi Perez dantza maisua lagun dutela Lapurdiko koadrila ederra biltzen da urtero, eta hainbat herritan antolatzen diren dantza ikastaroetako ikasle ugari ere hurreratzen dira».
Horiek guztiak eta beste asko ere gaur Errenterian izango dira oinak astinduz. Zenbat, ordea? «Hori ez dago inoiz jakiterik, goizeko 11:00etan hasi eta goizaldean amaitzen den jaialdi batean egun osoan jende ugarik egiten du joan-etorria, eta ezinezkoa da zenbaki bat ematea».
Guztiek helburu bera dutela, berriz, ez dago zalantzarik. Adin, jatorri eta gainerako guztiak ahaztuta dantza, musika eta festa izango dira gaur guztien gurari nagusia. Guztiak dantzara plazara!
Dokumentuaren akzioak