Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 'Oinak kantuz', burua dantzan

Dokumentuaren akzioak

'Oinak kantuz', burua dantzan

Lan diskografiko barria

Egilea
A. Santana
Komunikabidea
Deia Noticias de Bizkaia
Mota
Albistea
Data
2012/04/19
Lotura
Deia Noticias de Bizkaia

GURETZAT tradizioa oso garaikidea da". Hala uste du Patxi Laborda dan-tza-maisuak, Aiko kultur elkarteko kide dena. Izan ere, aipatu taldeak atzo aurkeztu zuen Bilboko Elkar Aretoan disko berria, Oinak kantuz. Dantza tradizionala sustatzeko xedez, bere zazpigarren lan den honek 19 musika-konposizio original biltzen ditu, bertan jotak, jauziak, pasodobleak baita txotiak eta tango bat ere interpretatzen direla. "Pieza berriak dira, modu tradizionalean landuta", argitu zuen Labordak. Dantzariarekin batera aurkezpen lanetan aritu ziren Sabin Bikandi (konpositore eta txistu-jolea, besteak beste), Alvaro García (gitarra) eta Asier García (danborra).

Prentsaurreari hasiera eman baino lehen, Aiko taldeak ekoitzitako bideo baten emanaldia eskaini zen liburu-dendan. "Barkatuko gaituzue emozioa, baina bideoklip baten antzeko zerbait egiten dugun lehen aldia da", desenkusatu zen Bikandi, irribarrez.

Aiko kultur elkartea -aurten bere bosgarren urteurrena ospatzen duena-, aspalditik dabil musika eta dantza tradizionala "komunika-tzen, kutsatzen, garatzen, hedatzen eta irakasten", baina hori guztia gutxi balitz, "dantza egiteko modu erraz eta naturala" aldarrikatzen dute, "lotsa eta konplexu guztiak" albo batera utzita bakoitzak bere erara dantza egin eta dantzaz gozatu dezan. Eta dantza egiteko musika ezinbestekoa denez, Oinak kantuz diskoa sortzea erabaki zuten Aikokoek.

Izenburuak lelo honi egiten dio aipu: Dantzan ez dakiena, beti dau kontetan; dantzari ona berriz, hankakez kantetan. Bikandik argitu zuen honen esangura: "Dantzan egiten ez dakiena, beti dabil bat, bi, hiru, bat, bi, hiru pausuekin goratabehera; baina dantzariak, aldiz, oinekin hitz egin, kantu egiten du".

Disko honek euskal musika tradizionalari leial dirau, hainbat estilo nahasten badira ere. Esaterako, aipagarria da Marijo izeneko doinua, hots, "egitura librea duen tangoa", musikari eta dantzariek zehaztu dutenez. "Euskal Herriko tangorik onenera hautatuak gaude", iseka egin zuen Bikandik. Horrez gain, nabarmentzekoa da ere lehenbiziko pieza,Aitona Txomin, istorio bitxia hartzen baitu bere baitan: "Primo de Riveraren diktadura garaian, elkar heldutako dantzak debekatuta zeuden -azaldu zuten Aikoko kideek-; ondorioz erromerietan jotak, porrusaldak eta biribilketak baino ez ziren jo-tzen. Hala ere, jendeak pasodobleen antzera dantzatzen zuten elkarri helduta dantzatzeko".

LOTSA-PROZESUA Musikaz harago, dantzarien sexuaz ere aritu ziren atzoko aurkezpenean. "Dantzan, eta oro har, asoziazionismoan, %90a emakumeak dira -aitortu zuen Bikandik-, pixkana gero eta gizon gehiago animatzen ari badira ere". Horren harira, zera zehaztu zuen Labordak: "Gizonezkoaren lotsa-prozesua oso bestelakoa da emakumezkoarekin konparatuz gero".

Belaunaldi berriei buruz galdetuta, Bikandi irmo azaldu zen: "Aiko taldeak oso argi du zer egin behar duen haurrekin: bakean utzi". Elkartearen aburuz, dantza ez da umetu behar, dantzan profesionalki aritu baino lehen hobe baita erreferente helduak izatea. "Haurrak eskola garaian hasten badira dantzan, nerabezarora helduta dantza umekeria dela pentsatzeko arriskua gerta daiteke", iritzi du Bikandik. "Edonola ere, 4 urteko umetxo bat dantzaria da berez", gaineratu zuen Labordak.

Azkenik, umorez jositako hitzaurreari jarraitu zion kontzertu labur eta inprobisatu batek. Jakina, Laborda maisu-dantzariak ezin zion musika goxoari muzin egin eta, emakumezko bikotekidea harturik, oinekin abesteari ekin zion.

Aiko taldeko lau kide

Aiko taldeko lau kide (J.M.M.)

Dokumentuaren akzioak