Dokumentuaren akzioak
Oinak astintzera dator Lekeitioko Euskal Erromeria
Betiko modura, bi taldetan banatu dira dantza ikasleak, hasiberriak eta dantza berriak ikasi edo hobetzera joaten direnak, eta talde bakoitzean, gutxi gorabehera, 25 bat lagun ibili direla jakitera eman dute. Bilboko San Inazio auzoko Goierri Dantza Taldekoak izan dituzte irakasle.
Klaseetan ikasitakoa praktikara eramango dute, orain, Euskal Erromeria egunean. Lekeitiarrak, baina ez dira bakarrik egongo, beste dantza talde batzuk ere gonbidatu dituzte jaialdira eta guztien artean euskal dantza giroa zabalduko dute herrian.
Amorotoko Arta Nagusia dantza taldekoak, Ispasterko taldekoak, Mendexako dantzariak, Leioa, Mungia eta aurten estreinako Deustuko Mikeldi dantza taldekoak ere parte hartuko dutela aurreratu dute, eta zelan ez, Goierri Dantza Taldekoek.
Kalejirak eta erromeria
Goizean Merkatu Plazan batu eta hamaiketakoa edukiko dute jantzi eta zapiak jartzen dituzten bitartean. Bertatik hasiko da eguerdiko kalejira, 13:00etan. Horrela, dantzariak, moilatik plazara eta handik Eskolaperainoko ibilbidea egingo dute Aittitta Makurrako Txikirri-Txikirri taldeak, Amaia eta Bidatz trikitilariak eta txistulariek lagunduta.
Eskolapean dantza emanaldia eskainita, eskoletan bazkalduko dute, eta beraz, bertatik hasiko da arratsaldeko kalejira. Plaza izango dute helmuga, bertan izango da eta erromeria, aurten lehenengo aldiz datorren Lorratz taldeagaz.
Beste batzuen artean, fandangoa, arin-arina, zapatain-dantza, biribilketak eta Iparraldeko jauziak dantzatuko dituzte zapatuan, Lekeition batuko diren dantzariek. Erromeriaren tarte batean, gainera, Larrain dantza egingo dute plazan.
Erromeria on bat izatea espero dute Zaletxuak taldekoek, eta dantzariekin batera, erromerian dantzan egitera gonbidatu dituzte herritar guztiak.
Dokumentuaren akzioak