Dokumentuaren akzioak
Oinak astintzeko garaia da
Udaberrik, ordea, ez zukeen mende erdiko ibilbide luzea egingo, haur
eta gaztetxoen harrobirik gabe. 2006. urtean, horrela, lehen aldiz
ospatu zuten Tolosako Dantzari Txiki Eguna. Lehen urtean, Udaberriko
ikasleez gain, Hendaia, Iruñea eta Galdakaoko dantzariek ere parte hartu
zuten. Udaberriren nahia, ordea, Euskal Herri osoko dantza, jantzi eta
doinuak plaza berean biltzea zen.
2007. urtetik aurrera, Euskal Herriko txoko bakoitzetik talde bat etorri
izan da Tolosako dantzari txikien topaketa honetara: Andra Mari
(Galdakao), Hortzadar (Iruñea), Guria (Hendaia), Eguzkilore (Gasteiz),
Adurtza (Gasteiz), Berriztasuna (Portugalete), Aurrera (Leitza),
Otsagiko dantzari gazteak, Agoitzeko dantzari gazteak, Haurtzaro
(Oiartzun) edo Hernialdeko dantzari txikiak, besteak beste.
Euskal folklorearen osagaiez beteriko eguna goizean goiz hasten da,
dantzari txikien kalejirarekin. Hamaiketakoaren ondoren, dantza laburrak
egiten dituzte bai Alde Zaharrean, baita San Frantzisko pasealekuko
inguruetan ere. Eguerdian, Plaza Berrian bildu, eta antolatzaileek,
Tolosaldeko elkarte desberdinetan banatzen dituzte haur eta gaztetxoak.
Tripa ondo betetzeaz gain, herri desberdinetako dantzari txikiek elkar
ezagutzeko aukera izaten dute.
Arratsaldean, gaztetxoenen festari amaiera emateko, dantza talde
bakoitzaren herri edo bailarako pausorik bereizgarrienak ezagutzeko
aukera izaten da Plaza Berrian; emanaldi nagusia izaten da 17:00ak
inguruan.
Iluntzean, helduen festa
Garai
batean erlijiozko ohitura zen erromeria; ermita edo baselizen inguruan
ospatzen zituzten jaiak ziren, normalean trikitixa edo eskusoinu baten
laguntzaz. Hain zuzen ere, elizak berak eta elizgizonek tabutzat
zituzten gizon eta emakumeen arteko harremanak sortzeko aukera izaten
zen erromerietan, fandango eta arin-arinen pausoen babesean.
Gaur egun, halako debeku edo bekatuen zamarik gabe ospatzen dituzte
trikitixa eta pandero doinuz lagundutako festak, eta hauxe da Udaberri
dantza taldeak larunbaterako prestatu duena. Gure arbasoen ohituretatik
abiatuz, gaur egungo haur, gazte nahiz helduak dantza egitera gonbidatu
nahi izan dituzte Udaberriko antolatzaileek, azken zazpi urteotan.
Triki-poteoa triki-txaranga-poteo bilakatu da erromerian, eta Alde
Zahhareko larunbat iluntzeetako berezko giroari, musika z eta dantzaz
lagunduko diote. Zerkausian afaldu ondoren, trikitixa doinuak izango
dira nagusi, eta festak goizaldera arte iraungo du. Larunbatean, egun
osoz, euskal dantza protagonista izango da Tolosan.
Dokumentuaren akzioak