Dokumentuaren akzioak
Oinak arin, herria dantza dadin
Lazkaoko Oin-Arin dantza taldeak 50. urteurrena ospatu du, dantzari guztiek saioa eginda. Urrian da bigarren ospakizuna, dantzari ohiekin. Bideoan jaso dute historia
Mende erdi bat oinak arintzen izenburudun dantza saioarekin hasi du Lazkaoko Oin-Arinek taldearen 50. urteurreneko ospakizuna. Larunbat iluntzean, Joxemiel Barandiaran Kiroldegiko kantxan, mila lagun ingururen aurrean gaur egun taldean dabiltzan dantzari guztiek borobildu zuten urteko ikuskizuna. Aurten, ezinbestean, mende erdia bete izanari eskainia.
Bost urtekoak atera ziren lehenbizi oholtzara, Oin-Arineko gazteenak. Jarraian, adinean gora eginez, taldeka dantza bana edo bina erakutsi zituzten. Euskal folkloreko tradizio askori egin zieten erreferentzia: gipuzkoar eta bizkaitar dantzak, Nafarroako Erribera aldekoak, Lantzeko inauterikoak, mozorrotuenak, sorginenak, Zuberoako zaldun dantzaren bertsio berezia mahai gainean…
Bi ordu pasatxoko saioa ondu zuten. Tarteka, Oin-Arinen historia errepesatu zuten. Zenbait herritar elkarrizketatu eta bideoan jaso dituzte. Zatiak tartekatu zituzten, emanaldi osoan zehar.
Lehenengo ekitaldia
Larunbatekoa urteko saioa izan zen, berez. Handitua —espazioz eta egitarauz— eta okasiorako egokitua. Dantzari guztien ahaleginaz gain, herriko beste kultur mugimendu batzuen babesa ere izan zuten: Kantaka abesbatzak hainbat piezatan abestu zuen, Lazkao Txiki Musika Eskolako bost irakaslek musikari banda dotorea osatu zuten, eta bederazi txistulari-dultzainarik girotu zuten dantza saioa.
Bukaeran, euskal dantzak ikasten ari diren larriek, eta taldeko dantzari helduek jarri zuten. Bigarren ospakizun eguna urrian izango da.
Dokumentuaren akzioak