Dokumentuaren akzioak
Oin puntekin idatzitako historia
Elai Alai euskal dantza taldea sortu zutenetik 2006ra arte Olaeta familiak bildutako ondarea dago ikusgai Bizkaiko Foru Agiritegian.
«Olaeta familia eta Olaeta balletak ia gauza bera dira», dio Cristina
Gimenezek, erakusketaren komisario eta dantza taldeko ikasle
izandakoak. Hunkituta nabarmendu du erakusketa honen balio historiko
eta artistikoa; hainbat jenderentzat baita sentimentala ere. «Olaeta
balletaz hitz egitearekin bat askori datorkigu burura honakoa:
pianoaren soinua, diziplina eta kulturarekiko maitasuna». Halere,
Gimenezek olaetarrekin ikasitako beste zerbait nabarmendu nahi izan du:
«'Une zailetan barre egingo dugu', esaten ziguten».
Baikortasun hori izan daiteke, nolabait, familiaren
ikurretako bat. Lagungarri ere izan zuten: 1936ko gerrari ihesi,
Frantzian erbesteratu ziren. Lau seme-alabekin eta dantza taldeko
kideekin abiatu ziren Olaeta-Torrezuri senar-emazteak. Oldarra taldea
sortu zuten Frantziako hiriburuan. Hango artzapezpikua, Vidier
kardinala, izan zuten mezenas. Emanaldi batean ezagutu zituen, eta
liluratuta geratu zen. «Olaetarrei esker, euskaldunen herriaz
maitemindu naiz», aitortu zuen.
Beste gerra batek ere harrapatu zituen, ordea. Naziengandik
ihesi, Paris utzi eta Euskal Herrira itzuli ziren. Lapurdin hartu zuten
babesa. Miarritzen, Baionan eta Donibane Lohizunen, besteak beste,
dantza taldeak eta akademiak sortu zituzten. Ipar Euskal Herrian
berebiziko garrantzia izan zuten, folklorearen mundua astintzen asmatu
zutelako.
Gerrari ihes egindako umeek dantzari esker arindu zuten mina.
Olaetarren alabetako bat, Lide, makina bat kronikatako izar izan zen.
«Munduko dantzaririk gazteena», hala esaten zioten guztiek. 3 urte
zituela igo zen lehenengoz agertokira.
Segundo Olaetari eta haren familiari asko zor dio euskal
kulturak. Euskal folklorea eta ballet klasikoa uztartzen asmatu zuen,
herriko dantzei, gorengo mailara igo, eta prestigioa emanez. 1950eko
eta 1960ko hamarkadetan munduko antzoki garrantzitsuenetako oholtza
gainera igo ziren, milaka lagun begira zituztela.
Hamarkada horietan guztietan familiak bildutako ondarea ez da
edonolakoa. Hasieratik sortu dituzten koreografiak jasota dituzte,
kasurako, pentsatu bezain laster irudikatutako marrazkietan. Emanaldien
gidoi originalak, AEBetan eta Kanadan egindako birei buruzko agiri,
kartel eta enparauak... 1926 eta 2006 arteko dokumentazioa dago
ikusgai.
Mila ale inguru dira. Batetik, Olaeta Balletaren jarduera
ekonomikoari eta enpresakoari buruzko agiriak daude. Bestetik,
familiako kideek garai hartako kultura esparruko pertsona ospetsu eta
esanguratsuekin izan zuten gutun trukaketaren emaitza ere ikusgai dago.
Guridi, Aita Donostia, Uzelai margolaria, Seber Altube, Bilboko
abesbatza, Bizkaiko Diputazioko presidentea, Frantziako Kultura
Ministerioa... Pertsona eta erakunde garrantzitsuekin izan zuten
harremana.
Horien denen artean aipamen berezia merezi du Lide Olaetak
landutako Dantzaren Euskal Hiztegi Laburrak. Ballet klasikoari
dagozkion pausoak bildu zituen, euskarara itzulita. Ekarpen handia,
ezbairik gabe, dantzari euskaldunentzat.
Argazkiak ere milaka dira. Hainbeste istorio jasotzen
dituzten lekukotza grafiko hauen artean aukeraketa egin dute, eta
erakusketarako digitalizatu egin dituzte. Hala, pantaila handi batzuei
esker ikus daitezke, bakoitzari buruzko datu osagarriak ezagutzearekin
batera.
Familia honetako kideek hainbat dantza sortu dituzte. Segundo
Olaetak asmatu zuen, kasurako, Arretxinagako San Migel zortzikoa. Haren
seme Victorrek folkloretik haratagoko beste urrats bat egin, eta euskal
balletaren aldeko apustua egin zuen. Bere lan ezagun eta
garrantzitsuenetakoa Oinka-manterinin izan zen, Guridiren musikarekin dantzatzeko pentsatua.
Askotariko materialak
Dantzarako jantziak, zapatilak, ikus-entzunezkoak,
dokumentalak, musika grabazioak, koadroak, grabatuak... Erakusketa
honetan olaetarren ibilbidearekin lotura duen guztia dago. Lourdes
Olaetaren zapatilen aldamenean, esate baterako, Nureyev eta Margol
Fontainek hemen egondakoan erabili zituztenak daude eskegita. Izan ere,
balletaren historian hainbesteko sona duten bi dantzari horiek
olaetarrenean egin zituzten entseguak.
Erakusketan Voltaireren honako aipua irakur daiteke: «Les Basques sont un peuple heureux qui danse et saute dans les Pyrénées
(Euskaldunak Pirineoetan salto eta dantza egiten duen herri alai bat
dira)». Olaetarrek mundu osoan egin zuten ezagun euskaldunen
dantzazaletasun hori, eta, orain, familiaren eta ikasle izan dituzten
guztien historia kontatu nahi dute.
Dokumentuaren akzioak