Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Oin maitatuaren bila

Dokumentuaren akzioak

Oin maitatuaren bila

'Errauskiñe'

Konpainia: Malandain Ballet Biarritz. Lekua: Miarritzeko Gare du Midi antzokia. Eguna: Irailak 6.
Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2013/09/08
Lotura
Berria

Aurtengo Maitaldia jaialdia Cendrillon (Errauskiñe) ikusgarriarekin hasi da, Miarritzeko Gare du Midi antzokia leporaino beteta zegoela. Sergei Prokofieven partitura hilezina dotorezia eta leuntasun handiz interpretatu du Euskadiko Orkestra Sinfonikoak David Porcelijn zuzendaritzapean, eta Thierry Malandainek ongi jokatu du esku artean zeukan oparia, bere aurreko sorkuntzetatik argiro urrunduta eta inspirazio nabarmeneko esparruan murgilduta.

Errauskiñe bezalako lan batean erraza da narratibotasunaren tentazioan erortzea, batez ere kontuan izanik Prokofieven partitura ere programatikotzat jo dezakegula. Malandainek, ordea, sotiltasunaren karta jokatu du hasiera-hasieratik, eta iradokitze maila ia subliminalean mantendu da denbora osoan, benetako dantzak eskatzen duen bezala. Gainera, ezaugarri moral esanguratsuekin hornitu ditu ipuineko rol nagusien nortasun koreografikoak, bereziki Errauskiñe barne edertasunaz jantziz eta amaordeari nahiz haren bi alabei pantomima ukitua emanez.

Izan ere, pasarte dibertigarri asko sortu dira pertsonaia gaizto horien kontura, baina hiruren itxura groteskoa gorabehera, aipatzekoa da bereziki ironiaren fintasuna izan dela umorearen oinarria. Kontrako muturrean, aldiz, eta partiturak berak hala eskatuta, ugariak izan dira eszena lirikoak, eta haietan guztietan gertatu da liluragarri Myuki Kanei dantzaria Errauskiñe delikatuaren rolean. Berarekin batera, noski, goi mailari eutsi diote gainerako protagonista guztiek —maitagarriak, printzeak, dantza maisuak...—, baina nik uste dut aipamen berezia merezi duela konpainia osoak, erabateko prestakuntza eta kohesioa erakutsi baititu fantasiazko pertsonaien agerraldi kolektiboetan.

Malandainek lan berezia egin du talde osorako diseinu koreografikoetan, eta argi dago keinu-hiztegi berri eta aberatsa baliatu duela pertsonaia nagusien eboluzioetan. Bestetik, oso sormentsuak izan dira baliabide eszeniko batzuk —dantzariekin osaturiko ordulari handia, soineko beltzezko manikiak gala-dantzaldian...— eta bizigarriak egin zaizkigu emakume eta gizonen arteko rol aldaketak. Bide horretatik, erraz murgildu gara irudimenezko mundu horretan, eta amaitutakoan, ikusleek —haietariko asko zutik jarrita— berotasun handiz txalotu dute proposamenaren bikaintasuna.

Dokumentuaren akzioak