Dokumentuaren akzioak
Oihane Pardo donostiarra Shanghaitik itzuli da antzinako kaikuak berritzeko "Amarenak" proiektuarekin
Kaikuaren berrinterpretazioa, kolore berriekin, kalitate handiko artilearekin, forma berriekin... horixe da Oihane Pardo donostiarrak eskaintzen duena Amarenak markako kaikuekin. Egitasmo berritzaile honek euskal jantzi tipikoa berritu nahi du eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza eskuratu du.
Oihane Pardo arkitektua da eta EuskalKultura.com-en orain dela urte batzuk ezagutu genuen, Shanghaien. Han hiru urtez bizi izan da Pardo eta Shanghaiko Euskal Etxean Euskadiko Untzidi Laguntzaileari buruz hitzaldia eman zuen (bere aitak, Juan Pardo San Gil historialariak sakon ikertu du gai hau).
"Ez nintzen Shanghai bertan bizi, baizik eta Kunshan-en. Hiri honetan euskaldun asko ari dira lanean, eta harrigarria zen, munduko beste puntan euskaldunez inguratuta bizitzea. Normalean euskaraz hitzegiten genuen, bestela ingelesez eta txineraz", azaldu digu.
Amonaren kaikua
Txinako egonaldi honetara Oihanek amonaren kaiku zaharra eraman zuen, bere janzkirik kuttunena. "Oso gustura erabiltzen nuen, beroki oso eroso eta elegantea baita", agertu du. Baina berokia zaharkitu zenean, Oihanek ezin izan zuen bere gustuko beste bat aurkitu. "Berriak ez ziren hain kalitate onekoak, edo mozorroak bezelakoak ziren".
Gauzak horrela, Pardok jostorratza hartu eta bere gustuko kaikua egin zuen; kolore eta forma berriekin, gainera. Ingurukoen artean arrakasta handia izan zuen eta lagunak kaiku eske hasi omen zitzaizkion. Kaikua eguneratzeko asmo horrekin, Donostiara itzuli eta proiektua abian jarri zuen.
Pardok Amarenak kaikuen diseinua egiten du eta jostun gipuzkoar talde batek egiten ditu berokiak. "Nire asmoa bertako oihalak ere erabiltzea zen, baina hemen ez da artilezko oihalik egiten eta azkenean, asko bilatu ondoren, Gaztelan artilea artisau eran egiten duen familia bat aurkitu nuen", agertu du.
Belaunaldiz belaunaldi
Oihalaren kalitateak (%100 artile birjina) kaikuaren prezioa garestitu egiten du, baina Oihanek azaldu duenez, belaunaldiz belaunaldi pasa daitezkeen berokiak dira, bere amonaren kaiku haren antzera. Kaikuak ikusi eta erosteko, jo Amarenak webgunera.
Amarenak proiektuari buruzko bideo bat:
Kaikuak salgai daude ere Donostiako Vuelve Marcela eta Arteuparte dendan eta Tolosako GKO Gallery-n.
Dokumentuaren akzioak