Dokumentuaren akzioak
Oihane, gaur dantza dago?
Pasa den ostegunean, dantzaren nazioarteko eguna ospatu zen eta ez nuen Instagram eta Facebookerako post ederrik prestatu, ez dut argazki polit batekin dantzaren inguruko hausnarketa bultzatuko duenik idatzi. Ez dut bete dantza irakasle eta dantzari onaren papera. Arkaitz Goiberrik mezu bat bidali zidan gainera asteazkenean, «Oihane, kolaborazioa tokatzen zaizu».
Dantza aske sentitzeko egiten dugu, gure emozioak adierazi, desestresatu eta arazoak ahazteko. Berdina gertatzen da dantza lana denean? WhatsApp dantza ikasleen gurasoen, irakasleen eta ikasle nagusien taldez beteta daukat. Ez dakit noiz begiratu ahal izango dudan mugikorra laneko mezurik irakurri gabe. «Gaur dantza dago?» eta nire baitan pentsatzen dut «ea, señora, ez al zizuten bada ikasturte hasieran egutegi bat eman? Ba begiratu!». Baina erantzun egiten diot, smiley artean.
Pandemia garaian gainera, garbitasun eta segurtasun neurri guztiak betetzeaz gain (ikasgelak korriente betean jartzea esaterako, koronabirusa ez dakit baina katarroa fijo), ziurtagiriak behar ditut. Uste dut munduan mugikortasun ziurtagiri gehien duen langilea naizela, Ezkiorako, Eskoriatzarako, Aramaixo, Urretxu, Beasain… Tailer solteetarako ere beste hainbeste, mugikortasun ziurtagiria bidaltzen dizute zure ordu eta erdiko dantza tailerra egin nahi dutela konfirmatzeko.
Dantza zoragarria da, aske sentiarazten gaitu, pasioa da, bokazioa, bla bla bla. Hori guztia bada, baina dantza lana ere bada eta beste lan guztietan bezala baldintza duinak izan nahi ditugu, laneko ordutegi bat izan nahi dugu; dantzaz bizitzeak ez du esan nahi edozein momentutan lan egin nahi dudanik ezta kosterik ez duenik ere. Lan normala duzuenok bezala, diruaren truke lan egiten dugu. Gure lana gustuko dugu, baina gauza guztiek bezala, pasioek ere bere neurria behar dute.
Dokumentuaren akzioak