Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Oihana Betelu: “Azkenean, gure dantzak errituei lotuak dira anitz”

Dokumentuaren akzioak

Oihana Betelu: “Azkenean, gure dantzak errituei lotuak dira anitz”

Begiraleak dantza taldean ari da Betelu. Pierre Latasa taldekidearekin Lapurdi eta Baxenabarreko dantza taldeen egoeraz egin duten azterketatxo bat aurkeztu zuten Eibarren uda hastapenean.
Egilea
Iñaki Etxeleku
Komunikabidea
Ipar Euskal Herriko Hitza
Mota
Albistea
Data
2022/11/11
Lotura
Ipar Euskal Herriko Hitza

Maiatzean, Dantzan.eus-ek galdeginik, Oihana Beteluk (Baiona, 1996) hitzaldi bat eman zuen Donibane Lohizuneko Begiraleak dantza taldeko Pierre Latasarekin. Ipar Euskal Herriko taldeen egoera aztertzea zen helburua. Eibarren (Gipuzkoa) uda hasieran Lapurdi eta Baxenabarreko taldeen egoeraz azterketa aurkeztu zuen.

Zer ibilbide izan duzu euskal dantzan?

Musikarekin hasi nintzen, kontserbatorioan, 6 urterekin. Akordeoia jotzen nuen. Dantza, kolegioan nintzelarik hasi nuen, Baionako Orai Bat taldean. Kontserbatorioa utzita, Donibane Lohizuneko Begiraleak dantza taldean sartu nintzen akordeoia jotzeko. Orain, dantzari gisa ari naiz bakarrik. Azken urteetan, Maritzuli konpainiarekin ere aritu naiz pixka bat.

Musika utzi duzu?

Akordeoia ez dut gehiago jotzen sobera. Gaitarekin hasia naiz.

Zer izan da Pierre Latasarekin egin duzun ikerketa?

Dantzan.eus-ek eskatu zigun etortzeko konferentzia hori egitera. Pierreren [Latasa] ideia izan da Lapurdi eta Baxenabarreko dantzaren irakaskuntzaren egoera azaltzea. Ezagutzen ditugun inguruko taldeetan aritu gara galdegiten nola pasatzen zen: dantza eskolak nola eramaten zituzten? Nork? Nola ari ziren erabakiak hartzeko? Zer dantza mota ematen zuten ikusgarrietan?

Zer atera da?

Irakasleak eskas dira talde anitzetan. Handitzearekin, gazteek dute ttipien kudeaketa hartzen, baina ez da dantzari onak garelako badakigula irakasten. Beste puntua da gure ohiturek lehen baino interes txikiagoa sortzen dutela. Dantza ikusgarriago batzuetara itzultzen dira anitz, Gipuzkoako edo Zuberoako dantzekin. Ongi da dantza horiek lantzea, baina ez dugu ahantzi behar bertan duguna. Baxenabarren, gutiago; besta berri, libertimendua, kabalkadekin beren nortasuna eta ohiturak atxiki dituzte gehiago. Lapurdin, kaskarotak berriz agertzen ari dira, baina orokorki galdu da gehiago.

Zertarik heldu dela ondorioztatu duzue: transmisioa eten delako? Interes eskasa oro har?

Bietarik bada. Dantzaren inguruko historia eta teoria ez da gehiago transmititzen. Bat, gazteei ez zaielako interesa sortzen —nahiago dituzte sorkuntzak egin—. Bi, gure lurraldean ez da dirurik transmisioa laguntzeko; sorkuntza da anitz bultzatu, eta nahi badira diru laguntzak ukan, behar dira sorkuntzak egin.

Zeri erraten diote sorkuntza?

Dantza garaikidea bultzatzen dute talde batzuek. Badira euskal dantzarekin eginak diren sorkuntzak ere. Baina talde askoz gehiagotan ikusten da dantza garaikidea; edo hip-hopa.

IDBk ez zuena egitasmo bat abiatu jakintza transmisioa irakasleei zabaltzeko?

Bai. Eta ez da lortu. Taldea anitz aldatu da, eta zailtasunak ukan zituzten. Orain, talde berria da kasik osoki, eta ari gara lan ori berriro eramaten. Saiatzen ari gara kontserbatorioarekin eta Maritzuli konpainiarekin proiektu bat plantan ezartzen. Dantza maisuen formakuntza sortu nahi genuke kontserbatorioan, dena biltzen duena: dantzariaren prestakuntza fisikoa, ohiturazko dantzen historia, urratsak nola irakatsi… Ziurtagiri batekin bukatuko litzateke, IDBn langile izateko eskatuko genukeena, segur aski.

Ohiturazko dantzaren historian zer litzateke irakastekoa?

Azkenean, gure dantzak errituei lotuak dira anitz, eta sinesteei. Biziki garrantzitsua da jakitea zer-nolako gertakarietan egiten den dantza hau edo hura, zer jantzirekin. Bederen dantzariak jakin dezan, nahiz eta gero ez baitezpada erabili. Berriki gertatu zaigu Beteluren fandangoa —gure aitatxirena— Begiraleak taldearekin eman eta Nafarroako talde batek deitzea galdegiteko nolaz Nafarroako Betelu herriko fandangoa ematen genuen Lapurdiko jantziekin.

Transmisio hori Betti Betelu aitatxirengandik etorri zaizue etxean?

Aitatxi zendu zelarik, aitak segitu zuen dantza eskolak ematen. Eta bai, aita beti segitu dut mutxikoak ematen zituelarik. Segur hortik heldu zaidala pasio hori.

Dokumentuaren akzioak