Dokumentuaren akzioak
Oier Araolaza: "Genero marka zehatzak egozten dizkiegu dantzatzeko jantziei"
Genero ikuspuntutik gauzak mugitzen ari dira dantza munduan. Hainbat dantza taldek generoaren inguruko gogoeta egiten dihardu. Ildo horretatik, Oier Araolaza dantzari eibartarrak gai hau sarritan landu du Durangon
Araolazak dioenez, dantzaren inguruan dabilen jendeak argi ikusten du ezin dela “egoera baztertzaileekin” jarraitu, eta parekidetasuna bermatzeko urratsak eman behar direla. Baina, aldaketa hori nola gauzatu, zalantzak sortzen direla aitortu du dantzari eibartarrak, batez ere jantziei dagokienez. “Oso barneratuta ditugu jantzien inguruko estereotipo batzuk. Genero marka zehatzak egozten dizkiegu jantziei. Oso zaila da horiekin apurtzea. Eta, gainera, ez dugu horiekin apurtu gura. Tradiziozkoa izatea gura dugu. Horrek eragiten dizkigu horrelako zalantzak. Sortzen diren aukerek ez dituzte denak asetzen”.
Jantzien inguruan irizpide orokorrik ez ezartzearen aldekoa dela dio Araolaza. “Nik ez nuke araurik jarriko. Hain zuzen ere, eredu bakar bat ezarrita denok ez garenez horrekin gustura egongo, ondorioa ez da ona izango bilatzen dugu helburua lortzeko. Hau da, berdintasunean parte hartu ahal izatea. Horrekin gerta daiteke, zenbaitek arrazoiak aurkitzea berdintasuna ez aplikatzeko”. Jantzien helburua dantzariak, protagonistak harro sentitzea dela gogoratu du. “Eta, horretarako, janzten duten arropa funtsezkoa da. Jantzi behar duena konbentzituta egon behar da. Arropa hori izango da egokia. Ez ustezko adituok pentsatzen ditugunak. Bestela, porrot bat izango da”.
Araolazaren taldeak urteak daramatza dantza eta generoa lantzen. “Etengabe egiten ari garen gauza da. Beti sortzen dira zalantzak eta errepertorio berriak. Umeekin ahalegin batzuk egin ditugu, eta gero, nagusiekin. Orain beste pauso sendo bat eman dugu. Aurten egindako ia dantza gehienak genero bereizketarik gabekoak izan dira.
Dokumentuaren akzioak