Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Oier Araolaza: “Euskal herritar guztiok izan behar dugu euskal dantzaren hizkuntza gure gorputzean”

Dokumentuaren akzioak

Oier Araolaza: “Euskal herritar guztiok izan behar dugu euskal dantzaren hizkuntza gure gorputzean”

Genero-identitatea euskal dantza tradizionalaren eraikuntzan’ izeneko doktorego tesia ondu zuen Oier Araolaza dantzari eta antropologoak (Elgoibar, 1972). Historia eta tradizioa oinarri hartuta, euskal dantza euskaldunon gorputz hizkuntza dela aldarrikatzen du, eta egun analfabeto hazten ari garela irizten dio. Argi dauka hezkuntza sisteman txertatu behar dela dantza, dituen onurengatik eta beste leku batzuetan egiten dutenaren bidetik: “Gaur egun hezkuntzan txertatuta dagoen gorputz heziketaren aurretik jarri beharko litzateke dantza. Edozein gai, gure gorputzetik pasatzen dugunean, ‘badakit’ izatetik, ‘badaukat’, izatera pasatzen da”. Goi mailako ikasketetatik hasi beharko litzatekeela uste du, baina hezkuntza ibilbide osorako baliagarri ikusten du dantza. Araolaza, dantza ikertzailea izateaz gain, dantza irakaslea ere bada, eta euskal dantzari buruzko dantzan.eus webgunearen sortzailea eta kudeatzailea da.
Komunikabidea
Hik Hasi
Mota
Albistea
Data
2023/07/11
Lotura
Hik Hasi

 Oier Araolaza: “Euskal herritar guztiok izan behar dugu euskal dantzaren hizkuntza gure gorputzean”

Hasteko eta behin, dantza komunikazioa dela diozu. Garatu al dezakezu ideia hori?

Dantza komunikazio moduan ulertzen dut, baina dantzaren aukeretako bat da hori. Badago dantza espresio artistiko moduan ulertzen duenik, arte moduan ulertzen duenik, gimnastika moduan ulertzen duenik, erlazionatzeko modu bat balitz bezala bizi duenik… Nik garbi ikusten dut guztietan ere funtzio komunikatiboa beti hor dagoela, kontzienteki edo inkontzienteki. 

Gorputz hizkuntzaren eta berbazko hizkuntzaren arteko paralelismo bat ari gara defendatzen azken urteetan. Euskal munduak apustu garbia egin du, eta gure identitatearen ardatzean berbazko hizkuntza, euskara, jarri du; ez zeukan zertan horrela izan. Erabaki horrek berbazkoak ez diren hizkuntzen gutxiespena ekarri du. Horren ondorioz, guk berezkotzat jotzen dugun euskal dantza ere gutxietsia eta mespretxatua izan da; batetik, argi eta garbi, ez delako euskara, ez delako berbazkoa; eta bestetik, ez dakit ezjakintasunagatik edo aurreiritziagatik, atzerakoitzat jo izan delako eta folklorearekin eta tradizioarekin lotuta agertzen zaigulako euskal dantza.

Euskalduntasunaren ikur nagusiak aztertzen baldin baditugu, argi eta garbi ikusiko dugu dantza presente dagoela, eta ez nolanahi: Etxepareren poema ezagunenak Kontrapas eta Sautrela dira; biak dantza generoak dira. Euskara mundura ateratzeko erabiltzen dituen metaforak, bi kasuetan, dantzari lotutakoak dira, jalgi gaitezen plazara dantzara, atera dezagun euskara plazara. Dantza bere izatean guztiz barneratuta daukan ikusmolde batetik soilik uler daiteke hori. Gaur egun, begirada hori guztiz erauzita daukagu.  

Zergatik diozu hori?

Eskola guztietan lantzen da Etxepareren Linguae vasconum primitiae, baina ez dakit inork aipatzen ote duen dantzaz ari dela Etxepare. Lazarragarekin berdin: “Ez gueiago decoro jaquin / pabaneagaz bajea”, dio; dantzaz ez badakigu, ezin dugu ulertu pavana Erdi Aro Berantiarrean eta Aro Modernoaren hasieran Europa osoan modan egon zen dantza dela, eta bajea baja danza dela, alta danza eta baja danza baitziren garai horretako bi genero nagusiak. Aurrerago ere berdin: XX. mende hasierako pizkundea ezin da ulertu dantzak jokatu zuen funtsezko rola ulertu gabe. Abertzaletasunaren mugimenduan oinarrizko tresna izan zen dantza. Eusko Alderdi Jeltzalea fundatu zenean, elkarrekin dantzan ospatu zuten lehen batzokiaren inaugurazioa; lehen Aberri Egunean, elkarrekin sokan dantzan aritu ziren garaiko agintari politikoak. Eusko Ikaskuntza fundatu zenean (Oñati, 1918), elkarrekin dantzan ospatu zuten, eta han bildu ziren garaiko intelektualak eta agintariak. Momentu garrantzitsu horietan guztietan, dantza erdigunean egon da, herri honen eta kultura honen adierazpide berezkoa izan delako. Hori guztiz galdu da azkeneko 50 urteetan. Dantzarekiko kontzientzia ere erauzi egin dugu gure gorputzetatik. 

Dantzaren balioa aldarrikatzeko egiten dugu hizkuntzarekiko paralelismoa: euskal dantza euskaldunon gorputz hizkuntza da, euskara euskaldunon berbazko hizkuntza den neurri berean, eta, gainera, hizkuntza bati eskatzen zaizkion ezaugarri guztiak ditu: lexikoa, esanahia daukaten oinarrizko egiturak; bere gramatika eta sintaxia; estetika propioa dauka, ahoskera eta sonoritatea. Tradizio literarioa ere badu, metafora sistema bat eta kontatzeko modu propioa. Berbazko hizkuntzak funtzionatzen duen modu antzekoan, dantzariak bereizi ditzakegu dantzatzeko eragatik, pauso bera interpretatzeko moduagatik badakigu zer testuingurutatik datorren.  

Dantzak irakasten diren garaian transmititu al da formaz haragoko esanahi hori dena?

Oso gutxi edo ezer ere ez. XX. mendean, izugarrizko aldaketa gertatu zen transmisioan. Hainbat mendez, dantzaren irakaskuntza jasoa izan da, eta baita euskal dantzarena ere; prestakuntza maila altuko irakasleak irakasten zuen. Dantza maisuen figurak indar handia izan du Europa osoan XVI. mendetik XIX. mendera arte, toki batzuetan baita XX. mendera arte ere. Euskal Herriko kasuan ere halaxe zen. XX. mendearen erdi inguruan, frankismo garaian, dantza taldeek ordezkatu zuten dantza maisuen transmisio eredua. 70eko hamarkadan dantza taldeak sortu zirenean, dantza taldeek beste eredu bat ekarri zuten, antzinako molde bertikal eta autoritario horri lotutakoaren aldean taldekoagoa, horizontalagoa. Aurreko moldean, pertsona batek zeukan transmisioaren ardura, baina pertsona horrek aurretik urte askotako formakuntza jasotzen zuen bere maisuarengandik. Dantza taldeen ereduan, zikloak oso motzak izan dira; oso gazte dantzan hasi dira, oso gazte hasi dira irakasle, eta oso ziklo motzak izan dira; ez du astirik ematen.  

Gaur egun, nagusiki, eskolaz kanpo ikasten den jarduera bat da dantza, aipatu duzun dantza taldeen ereduan. Zuk euskal dantzak eskola orduetan irakastea proposatuko al zenuke?

Bai, argi eta garbi. Nire ustez, hezkuntzan, euskal dantza, eta dantza, orokorrean, beharrezkoa da. Dantza, orokorrean hartuta, berbazko hizkuntza-gaitasunak lantzea bezala izan daiteke, baina hortik aurrera, behin dantza gaitasun horiek aktibatzeaz aurrera, behar-beharrezkotzat jotzen dut gure gorputz hizkuntza eta gure euskal dantza eskolan irakastea. Euskal dantza esaten dut, ez euskal dantzak pluralean; horrek errepertorio bati egiten dio erreferentzia, baina nik euskal dantzaz hitz egiten dut, hizkuntza den aldetik. Iruditzen zait euskal gazte edo herritar guztiok izan behar dugula hizkuntza hori gure gorputzean, euskara gure mingainean izan behar dugun neurri berean; bestela, gorputz analfabetoak ari gara garatzen, dantzan analfabetoak hezten, gure kulturan eta gure gorputzak dituen adierazpen aukeretan adierazteko eta garatzeko tresnak eskaintzen ez dizkiegun gorputzak. 

Zer ekarpen egingo lioke euskal dantzak haurrari, ikasleari?

Hasteko, dantza bera, oro har, gorputz adierazpen eta gorputz heziketa den aldetik, guztiz beharrezkoa dela iruditzen zait, gaur egun hezkuntzan txertatuta dagoen Gorputz Heziketaren aurretik jarri beharrekoa. Gorputz Heziketa, gaur egun pentsatua dagoen bezala, garai bateko gimnasiaren eta kirolaren arteko egokitzapen bat da. Gorputz Heziketan aritzeko erabiltzen diren tresnak kirolerako erabiltzen diren berberak dira. Ez dut esaten curriculumetan, programetan, helburuetan edo konpetentzietan horiek daudenik, baina jarduteko moduan kirolaren kutsadura izugarria da Gorputz Heziketan, eta oso barneratuta daude jarrera lehiakorrak edo mundua hierarkizatu eta ordinalki antolatzeko ikuspegiak. Dena da gehiago, gehiago, gehiago, azkarrago, altuago, luzeago… eta horren arabera antolatzen da guztia. 

Eta dantzak gozamenari egingo lioke leku?

Ez, dantza ez da ideala, eta dantzan ere badaude oso jardun toxikoak. Bere burua dantza guztiaren amatzat hartu duen dantza, ballet klasikoa, dantzaren minbizirik okerrena da, argi eta garbi. Hain zuzen ere, kirolaren ereduarekin funtzionatzen duelako, eta kanon eta eredu irrealak jarri dituelako, ezinezkoak. Zorionez, ballet klasikoaren toxikotasun hori oso elitista da gaur egungo dantzaren munduan, eta espazio mugatu batzuetan gelditu da. Dantzak, berez, guztiz modu inklusiboan aritzeko aukera ematen du eta, batez ere hezkuntzaren ikuspuntutik ederrena den aldetik, aniztasunaren goraipamena egiten du, eta pertsona guztiak hartzen ditu barnean. Dantzan ez luke desberdintasunak arazo izan behar, baizik eta, hain zuzen ere, desberdintasun hori da bere baliorik handiena. Zentzu horretan, dantza beharrezko tresna da hezkuntzan. Finlandian horri guztiari buruzko gogoeta egin dute, eta konturatu dira kirol gutxiago eta dantza gehiago sartu behar dutela hezkuntzan, tresna horrek ematen dituen baliabideak oso aberatsak direlako. 

Finlandia aipatu duzu, beste eredurik ezagutzen al duzu?

Ez dugu eredu askorik ezagutzen. Euskal Herrian, oso kontziente gara belaunaldiz belaunaldi gero eta gutxiago dantzatzen dela, eta baita ikastetxeetan ere. Garai bateko heziketan, ordaindu zezaketenek soilik jasotzen zutenean, dantza guztiz funtsezko ikasgaia zen. Jesuiten ikastegietan dantza irakasten zen; Real Sociedad Vascongada de Amigos del Paisek beren semeentzako —hasieran semeentzako bakarrik— seminarioa sortu zutenean Bergaran, dantza irakasten zen, eta dokumentazioak erakusten du kanpotik ekartzen zituztela dantza irakasleak. Formazio militarrean, oinarrizkoa zen dantza. Napoleonek nahitaezko lehendabiziko soldaduska martxan jarri zuenean, mutil guztiek dantza ikasten zuten. Lotura handia du horrek Zuberoako dantza teknika hain garatuarekin, zuberotar hainbat belaunaldi akademia horietatik pasatu baitziren, eta dantzako irakasle tituluak atera zituzten. XX. mendean zehar ere, seminarioetan dantza irakasten zen. Lekarozen, adibidez, dantza baliatzen zuten prestakuntza integralerako tresnatzat. Historian zehar, ohikoa izan da dantzaren erabilera hezkuntzan.  

Curriculumek zer diote dantzaz?

Hezkuntza sistematik guztiz kanpo dago dantza. Duela urte batzuk, Ikastolen Elkartetik euskal curriculuma garatzen aritu zirenean, curriculumean dantzari zegokion atala garatzeko eskaera egin zidaten. Musikako ikasgaian jasotzen zen dantza jorratzeko aukera. Idatz dezakegu dantzaz hau eta hori landu behar dela eskolan, baina nork landuko du gero hori eskolan? Hori galdetu nuenean, erantzuna izan zen Musikako irakasleek erakutsiko zutela dantza. Baina nik esan nien Musikako irakasleak ez daudela horretarako trebatuta eta prestatuta, eta ez da ikastaro batzuekin konpontzen. Musikako irakasleei ondo irudituko litzaieke dantzariek musika irakastea? Ez, ezta? Musika, nahiko larri, baina hezkuntza sistemaren barruan dago; dantza, ordea, guztiz kanpoan dago. Eta ez soilik hezkuntzan orokorrean, baita goi mailako hezkuntzan ere. Irakasleak prestatzen diren tokietan, ez dago dantzarik. Irakasleentzat, hizkuntza arrotza da dantza. 

Lehen Zuberoa aipatu duzu; ezagutzen al duzu dantza eskolako praktikan integratuago daukaten eredurik?

Badaude proiektu zehatzak. Ikastetxe batzuetan, ikastetxearen proiektuan daukate sartuta dantza. Ikasturte batean, ikasle guztiek lantzen dute dantza. Baina, kasu gehienetan, eskolaz kanpoko jarduera moduan eskaintzen dute dantza. 

Gorputz Hezkuntzan ere, programazio gehienetan jasota dago ikasturteren batean euskal dantza jorratzea, baina, Garaturen bidez Gorputz Hezkuntzako irakasleei ikastaroak ematen aritu ginenean, ikusi genuen irakasle horien gabeziak ikaragarriak zirela. Astebeteko ikastaro batean ezin duzu konpondu egiturazkoa den gabezia bat. Gainera, Gorputz Hezkuntzako irakasle askorentzat oso gai zaila gertatzen dela sumatu genuen, gela askotan herriko dantza taldean ari diren ikasleak dauzkate, eta umeak konfiantza handiagoarekin sentitzen dira hizkuntza horretan irakaslea bera baino. Irakasleen autokonfiantzaren eta segurtasunaren eremua zulatu egiten da, ziurtasunik gabe abordatzen duelako eta ikasle batzuek irakasleak baino hobeto dakitelako non zapaltzen duten.

Badaude bestelako esperientzia oso interesgarriak ere, dantza edozein ikasgaitan zeharka erabiltzen dutenak, ikasgai horretako gaiak lantzeko. Fisikan, adibidez, grabitatea edo masen desplazamendua eta marruskadurak lantzeko, edo matematikako kontzeptuak barneratzeko orduan… Dantzak ikaragarrizko indarra dauka, gorputzarekin funtzionatzen duelako, eta horrek balio handia dauka hezkuntzan, gorputzetik pasatzen ditugun ezagutza berri horiek beste dimentsio bat hartzen dutelako, buruan soilik uzten ditugunean hartzen ez dutena. Edozein gai, gure gorputzetik pasatzen dugunean, “badakit” izatetik “badaukat” izatera pasatzen da.  

Nola prestatuko lirateke dantza irakasle horiek? Zein da goi mailako ikasketetan dantzak daukan lekua? 

Behetik begiratuta, azken etapa gisa ikusten da dantzako goi mailako ikasketena, baina azpitik gauzak aldatzea eragozten duen oinarria da. Eztabaida hori sortzen denean, etxea teilatutik hastea bezala dela esaten dute batzuek, eta hala da, bai, baina Amazonian etxeak teilatutik egiten hasten dira, edozein momentutan botatzen duen zaparrada horri erantzuteko, teilatuaren babesa behar baitute. Euskal dantzaren eta dantzaren kasuan hor gaude: ez baldin baditugu hezitzaileak eta goi mailako trebatuak prestatzen, haiek ezingo dute azpiko mailetan ezer egin. Eta zer daukagu goiko mailetan? Tragedia bat. Dantza erregimen berezian dago Espainiako estatuko hezkuntza markoan, eta ez dago unibertsitate sisteman. Munduan, normalena da dantza, musika edota antzerkiko goi mailako ikasketak unibertsitatean ikasteko aukera izatea, beste edozein alor bezala.

Genero ikuspegia oso garrantzitsua da honetan guztian, horrek azaltzen du zergatik dagoen dantza sistematik kanporatua. Eta ez bakarrik hezkuntzan. Euskalgintzan ere oso argi ikusten dut: gorputza erabat kanporatu da euskal identitatetik azken 50 urteetan. Euskal identitatearen, euskal izaeraren eta euskalduntasunaren muinean, hizkuntza eta berbazko kultura ezartzea oso lotuta dago genero identitatearen eta bakoitzaren jardueren bereizketarekin. Hizkuntza maskulinitatearen gotorleku bihurtu da; eta gorputza feminitatearen adierazle bihurtu da. Euskal munduaren diseinatzaileak gizonezkoak izan dira, eta maskulinitatetik eraiki dute euskalduntasuna.  

Aldiz, zuk tesian diozu garai batean ez zirela bereizten gizonen eta emakumeen dantzak, rol eta estereotipo horiek ez zeudela markatuta.

Ñabardura egin beharko nuke, ez zeudela “hain” markatuta esango nuke. Generoa ez zen dantzak sailkatzeko erabiltzen zen kategoria. Horrek ez du esan nahi zenbait testuingurutan ez zutenik gizonezkoek bakarrik dantza egiten; are gehiago, testuinguru gehienetan gizonezkoek soilik egiten zuten, boterearekin lotutako testuinguruetan, dantzaria erdigunean baldin bazegoen, oihartzun publikoarekin eta pribilegioarekin lotuta baldin bazegoen, jakina, horiek gizonezkoen espazioak ziren. Baina ez ziren gizonezkoen dantzak, espazio hori zen gizonezkoena. Zeren gero, beste espazio batean, emakumeek egin zezaketen dantza bera eta modu berean. 

Dokumentuaren akzioak