Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Oi, Labeguerie, kanta berri

Dokumentuaren akzioak

Oi, Labeguerie, kanta berri

Egun beteko zukeen mendea Mixel Labegueriek, «kantugintza berriaren aita» erraten ziotenak. Musikariak kantugintzara iraultza ekarri zuen hitz abertzaleengatik, baina baita melodian ekarri berrikuntzengatik ere. Etnografoa ere izan zen. Politikan egin zuen bidea ez zuten denek ulertu.
Egilea
Ainize Madariaga
Komunikabidea
Berria
Mota
Erreportajea
Data
2021/03/04
Lotura
Berria

1945ean, Donibane Garazin, Mixel Labeguerie txistua jotzen. Ipar Euskal Herriko lehen txistularietarik bat izan zen.

1945ean, Donibane Garazin, Mixel Labeguerie txistua jotzen. Ipar Euskal Herriko lehen txistularietarik bat izan zen. BERRIA

 

u gira Euskadiko gazteri berria, Euskadi bakarra da gure aberria». Ezagun eginen zaio errepika euskaldun frankori, nahiz eta, belaunaldi gazteenei, berdin, arrotz egin Mixel Labeguerie. Gaurko egunez jaio zen, orain ehun urte, Labeguerie (Uztaritze, Lapurdi, 1921-Tolosa, Okzitania, 1980), euskal kantagintza modernoaren aitzindaritzat jotzen dena.

 

«Orduan, beste mundu batean nengoen, ingelesez kantatzen nuen. Labeguerie izan zen niretzat euskaraz eta gitarra hutsez entzuten nuen lehena. Haren kantu asko buruz dakizkit. Inspirazio iturri handia izan da niretzat. Euskaraz aritzeko urratsa egiteko indarra eman zidan». Labeguerieren kantua gitarran, lehentze zuen Ruper Ordorikak taula gainera euskaraz kantatzera jauzi egin, Haurtxo-haurtxoa-rekin. 1971 zen, euskaldun gisa bizitzea errotik debekatua zen Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, eta «aita urrun da Euskadiren zerbitzuko [...] egizu egin lo, aita preso da, zu bihar libro izaiteko» abestu zuen Ordorikak lagunarekin irabazi zuen gabon kantuen lehiaketa hartan, Gasteizen. «Baina hori guztiz debekatua da», erran zion Ordorikak lagunari. Hark eman zion lasai errefera: «Zaude lasai, ez du nehork ulertuko». Hola hasi zen gordeka eskuratzen Labeguerieren singleak ez ezik, atera ahala, Mikel Laboa, Xabier Lete eta Benito Lertxundirenak ere. Bai ere haien emanaldietarat joaten.

«Harrigarria da Labeguerie zeinen egokia zen kantuan hizkuntzaren aldetik. Hain ongi ematen zituen, ongi barneratutakotik eta segurki. Nik uste dut Frantziako kantari handien eskutik hartu zuela hori, Brassens eta beste. Oso ongi esanak ziren; euskararen barrutik, horregatik iraun dute jendearen baitan hain luzaz».

Mixel Labegueriereri euskal kantagintza berriaren aita deitu izan zaio, hitz aldarrikatzaile eta iraultzaileak izateagatik ez ezik, musikatzeko manerarengatik ere. «Jabetu nintzen bazela nire gustuetan sartzen zen euskararik, oso urrun ikusten baitzen hori. Bi mundu ziren: gure garaiko interesa eta euskara», erantsi du Ordorikak.

Kantaria musikaren uretan sortu zen, ama piano irakaslea baitzuen, eta otto Pierre Haira ere musikaria. Peio semea ere hala hazitakoa da: «Aitak musika entzutea maite zuen, frantsesa, euskalduna, klasikoa... Beti baziren Mozart, Bach, Vivaldi... Horrekin handitu naiz, eta horrekin prezatzen dut musika. Organo bat bazen eta pianoa, nik pianoa nuen jotzen». Musika aitaren ama piano irakaslearekin eta ottorekin zen etxean sartu».

Peio Ospital kantariarentzat ere Labeguerieren lana munta handikoa izan da: «Bai! Bidegilea izan da Mixel Labeguerie, eta berak urratu bidetik ibili gara ondoko urteetan hainbat kantari».

Peio Labeguerie da bide horietan ibili direnetako bat. Aitaren ezpal beretik segitu du, kantaria baita. Argi du aitaren bidea urratzailea izan zela bere garaian: «Lehen kantaria izan zen kantuetan hitz abertzaleak sartzen, horregatik erraten da euskal kantugintza berriaren aita zela. Ez zen gitarra bakarrik, baizik eta hitz abertzale horiek ere baziren. Garaian zer zen abertzale izatea? Iraultza bat izan da Iparraldean».

Bitan banatzen du Ospitalek Labeguerieren ekarpen berritzailea; batetik, hautatu zituen gaietan: «Euskara galdu, lurra kanpokoari saldu, aita preso... zu bihar libro izaiteko» bezalako hitzetan. Zinez ausardia behar zen garai hartan 'Euskadi bakarra da gure aberria' oihukatzeko eta kantatzeko». Bertzetik, estetikoki orduan ikusten ez zena ekarri baitzuen: «Sofistikaziorik gabeko bozez kantatzen zuen Labegueriek, boz bero eta dirdiratsuaz, gitarra soilaz lagundurik. Hori bai berritasuna! Eta zortzikoaren erritmoak kantuari bizitasun eta indar handiago ematen zion».

Txapelak ezin bi buru estali

Brassensen eta Brelen iturrietatik edan bazuen ere, etxeko ura hasia zen jada isurtzen, ordurako robles-arangiztarrak abiatuak baitziren kantugintza boz soilez eta gitarraz lau haizeetarat hedatzen, Labeguerie oraino abiatua ez zelarik, ez eta Ez dok Amairu ere. Ongi oroitzen du Iker Roblesek Labeguerie nola ezagutu zuen: «Euskaltzaleen Biltzarrarentzako kantatu genuen Arbotin [Nafarroa Beherea]. Soroak izeneko taldea ginen orduan. Bukatutakoan, loriaturik etorri zen lehena Labeguerie izan zen. Kantu zaharrak musika berrian, gitarra elektrikoan, hori zela egin nahi zuena. Berez, hark pianoa jotzen baitzuen, ez gitarra».

Dena den, Roblesek ez dio merezimendurik kentzen, aitortzen baitio lanaren balioa: «Sortzaileak lehenik gu izan baginen ere, gero berak sekulako bultzada eman zion, eta kantu sortzailea izan zen. [Piarres] Larzabalek lagundurik hitz batzuendako, sekulako kantu ederrak idatzi zituen. Garai bereziak ziren Gu gira Euskadiko gazteri berria bezalako kantuak abesteko».

Labeguerieren hautu politikoek urradurak eragin bazituzten ere, Roblesendako gizona «gizon» zen: «Politika gauza bat da, eta gizona beste bat. Enetzat, ez du ezer aldatzen egin duen lanari buruz. Sinplea zen, sanoa, anitz estimatzen nuen». Mixel Itzainak hurbiletik ezagutu zuen Labeguerie, auzapez gisa Kanboko herriko etxeko idazkari hartu baitzuen, eta, geroztik, 30 urtez hala egon zen. «Miretsia izan da, eta anitz herra ere izan du Enbataren inguruan eta. Gutun batzuk ukan ditu gaiztoak... esperantza handiak piztu zituela independentziaren alde, Euskal Herriaren alde, baina eleak baizik ez dituela ukan, traidorea izan zela». Liburua ere atera zuen Itzainak: Mixel Labeguerie - kantu berritzaile eta politika gizona (Elkar, 1999). Lerro bakarrean laburtu du nolakoa izan den Labeguerie: «Odolean zuen politika, oroz gainetik kantu berriaren sortzailea zen. Enetako Xorieri mintzo zen bere kantuak biltzen du ezagutu dudan gizona: natura maite zuena, eta alderdi soziala ere bai, familien alde anitz egin zuena. Euskararekiko amodioa, alderdi soziala, politika, eta [Piarres] Lafitterekiko harremana dira azpimarragarriak. Erien ahotik biltzen zituen esamolde horiek ederki erakusten zuten nor zen».

Beskoitzen, 1964an, Otxalderen omenaldia. Jean Haritxelar eta Labeguerie, eta, eskuinean, Xalbador. LABEGUERIE SENDIA

Politikan egin zuen ibilbide mardul horretan, Kanboko auzapeza izan zen, hiru aldiz, 1965etik 1980an zendu zen arte, bai eta denbora tarte horretan Ezpeletako (Lapurdi) kantonamenduko kontseilaria ere Pauen (Okzitania). 1962tik 1967ra diputatua ere izan zen Parisen; halaber, beranduago, 1974an, senatari, zendu zen arte. 

Enbata mugimendu politikoaren hastapenetan egon bazen ere Ximun Haran, Jakes Abeberri, Jean Louis Davant eta bertze hainbatekin batean —bertzeak bertze, 1963ko apirilaren 15eko Aberri Egunean, Itsasun—, laster hartu zuen kristau-demokraten bidea. Norabide aldaketa hori ez zuten denek onartu. Ongi gogoan du egun hori Ximun Olhagarai Labeguerie familiaren lagunak: «Han nintzen gurasoekin. Labeguerie garbiki sartua zen mugimenduan. Etxean ere anitz errefuxiatu hartu zituen, bertzeak bertze [Jose Maria] Benito Del Valle. Orduko intelektualekin bazuen harreman anitz».

Enbataren xendra uzteak eragin zuen dibortzio politikoak zauriak eragin zituen. Olhagaraik barnetik bizi izan zuen hori: «Denek kondenatu dute ezagutu gabe, ibilbide bukaera horrengatik. Ene ustez, zintzoa izan da bukaeraraino. Senatari zarelarik, zer eginen duzu? Bi eskuak lotuak dituzu! Gizon zinez argia eta aurrerakoia zen, modernoa». Olhagaraitarrak labeguerietarren hurbilak ziren. Ximunek ttipitatik izan zuen Labeguerie mediku, eta haren semeak adiskide. Partekatu zituzten bozkarioak eta penak. Olhagaraik zehaztu baitu labeguerietarren bizia ez zela «aisa» izana. Hori baieztatu du Peio Labegueriek: «Kantari, mediku, politikoa izan da. Zaila zen harentzat, eta bistan dena, guretzat ere bai. Zortzi urte nituen ama galdu genuelarik. Beti zaila izan da familiako bizia».

Mitikilen, 1958an, Euskaltzaleen Biltzarrean. Kantari Mixel Labeguerie eta, haren ondoan, Manu de la Sota, Josep Camino,idazkaria, Josef Labeguerie, Louise Burukoa, Argitxu Noblia; eta, jarririk, Jean Errekart. LABEGUERIE SENDIA

Elkarren sostenguz, olhagaraitarrek ere tragedia bizi izan zuten: 1980ko martxoaren 26an anaia galdu baitzuen Ximunek, Txomin, IK-ko Ramuntxo Arruizekin batera; lehergailu bat manipulatzen ari zirela eskuetan zapartatu zitzaien. «Bizpahirutan jin zen gure etxerat, arratsalde osoak iragatera, nehor heldu ez zelarik. Jendea beldur baitzen, apezak ere ez zuen jin nahi. Labegueriek ez zuen baztertu adiskidetasuna, aitaren adiskide baitzen. Auzapez eta senataria zelarik, ez zuen dudatu».

Sortzaile ikerlaria

Euskal kantugintza berriaren guraso erraten bazioten ere, gazte denboran etnografia ikertzen aritu zen lehenik. Eta mediku ofizioan ari zela ere, segitu zuen beti belarria tente. Mixel Itzainak hauek oroitu ditu: «'Muskiltzen hasia da', 'mera bereziko dute bozen ondotik', 'legundu zira' [loditu]... Horiek denak biltzeko, euskara zinez maite duen batek du altxatzen. Eta biziki ongi ematen zuen. Enetzat, Xalbador eta Labeguerie Iparraldeko idazle hoberenetan dira».

Bortz semeekin: Txomin, Peio, Eneko, Beñat eta Xabi. LABEGUERIE SENDIA

Iazko abenduan antolatu baina ezin egin izan zen hitzaldietako bat Xabier Itzainak zuen ematekoa. Haur denboran ongi ezagutu zuen Labeguerie, etxeko medikua baitzuten. Baina ez da hain ezaguna Labeguerieren etnografo alderdi hori: «Bordeleko ikasle garaian Lapurdiko kantu eta dantza zaharrak ikertu zituen. Hogei urtetan etnografo lana egin zuen, Uztaritze, Larresoro, Kanbo, Hazparne eta Nafarroa Beherean pixka bat. Bertsolarien doinuez interesatu zen, utzi dizkigu ohar eta partitura batzuk, etnografo batek bezala komentatuz. Adibidez, Lapurdiko irri dantzak: bizar edo kadira dantza, erraterako. Uztaritzen Hypolitte Hiriarte xirribikariak esposen aitzinean jotzen zuena aitari bildu zion. Gauza ttipi batzuk dira, baina sortzaile izan aitzin barneratu zuen tokiko ohitura. Bordeleko euskaldunei ere biltzen zizkien kantu eta dantzak». Noizbait ere argitaratu nahiko luke Labeguerieren bilketa lan hau.

Mende mugaren berria

Argitalpenak solas, gaurko egunak badu berritasunik. Mixel Labeguerieren Lagunak elkartearen hogei urteen urtemuga kari, Labeguerieren hogei kantuko diskoa aurkeztuko baitute egun: Michel iturri Labèguerie Peyo semea kantari. Haietarik hemezortzi Peio semeak ditu kantatzen, eta biga, aita zenak. Arkaitz Minerrek biolina eta mandolina jotzen ditu, Amaiur Cajaravillek kontrabaxua, Juantxo Zeberiok pianoa, Peio Ramirezek esku soinu eta txeloa, eta Mixel Ducauk baxua, zeinak moldaketa lanak burutu baititu. Horren eskuratzeko, aski da mixel-labeguerie.com webgunean sartzea.

Peio Labeguerieren gustukoena Loa-loa kantua da: «Hitzak politak baitira. Ez nekien nola kantatu, oso zaila egin zitzaidan». Azpimarratu du diskoaren berezitasuna kantuen bertsioetan datzala: «Diskoak berritasunak ditu: Maritxu, Bost iturri, Elur egin du, Tripan min eta Amen ez baitira batere ezagunak, nahiz Aritzak taldeak atera zituen, eta batzuk Erramunek [Martikorenak] edo Pier Pol Berzaitzek kantatu dituzten. Garrantzitsua da errepertorioa berritu nahi nuela, horregatik gehitu dizkiogu biolina, txeloa eta kontrabaxua».

Horrekin aski ez, arestian aipatu bi hitzaldi antolatuko ditu elkarteak Uztaritzen eta Donostian, baita liburu bat aterako ere heldu den urtean.

1975ean, Kanboko Arnagan. Labeguerie eta Anne-Aymone Sauvage de Brantes, V. Giscard D’Estaing presidentearen emaztea. LABEGERIE SENDIA

Gainera, lankidetza bat ere abiatua dute Euskal Herriko Txistularien Lagunek Mixel Labeguerieren errepertorioa beraienean sartzeko. Izan ere, Ipar Euskal Herriko lehen txistularitzat baitaukate: «Aitak txistua jotzen ikasi zuen Uztaritzeko seminario ttipian, Hilario Olazaran fraide nafarrarekin. Iparraldeko lehen txistularia izan zen. Hendaian eta Ziburun baziren zubeldiatarrak, baina Hegoaldeko errefuxiatuak ziren», azaldu du Labeguerie semeak.

Azkenik, hiru alarde antolatuko dira, Baionan, Donostian eta Iruñean. Hori guzia osagarri egoerak baimenduko duelarik.

Pascale Miral Lespade Kanboko Latsarria elkarteko kideak kontatu du abenduan ematekoa zuten hitzaldi-ikusgarria zergatik antolatu zuten: «Ohartu gara jendeak ez dakiela nor izan den Labeguerie; horregatik, hau antolatzea erabaki genuen. Asko ekarri baitu. Hala, bere bizia berregin dugu». Ikusgarrian, kantua, dantza eta bertsoak uztartu nahi zituzten. Bertzeak bertze, Amets Arzallus eta Elixabet Etxandi bertsolariak eta Kanbo inguruko txistulari eta dantzariak aritu beharrak ziren. Ikusgarria Pascale Lazkanok du muntatu, eta Olivia Iparragerrek kantua, Jeikadi dantza taldearekin batera.

Mendeurrena gogoratzeko, BERRIAk bost musikariri eskatu die Labeguerieren bertsio bana egiteko.

Horrez gain, Labeguerieren figuraren inguruko analisia egin du Jean-Louis Davantek; Enbata mugimendu abertzalearen sortzaileetako bat izan zen.

Dokumentuaren akzioak