Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Ohorea da Lantzeko inauteriak bezalako ekitaldi ikur batean parte hartzea"

Dokumentuaren akzioak

"Ohorea da Lantzeko inauteriak bezalako ekitaldi ikur batean parte hartzea"

Sanferminetatik hasi eta Lantz, Ituren eta Zubietako inauterietatik segituz, son kubatarraren gaualdietatik pasatuz, festa askori soinu banda jartzen dien musikari trebe, alai eta umoretsua.

Egilea
Reyes Ilintxeta
Komunikabidea
Argia
Mota
Elkarrizketa
Data
2015/10/11
Lotura
Argia

Musikazaletasuna noiztik?

Gure etxean musika oso garrantzitsua izan da beti. Ama Orfeoiko abeslaria zen, solista gainera. Aita ere kantazalea zen eta biak dantzariak. Musika eta euskal folklorea beti izan ditugu oso gertukoak familian. Eta euskara berdin. Aita euskaldunberria dugu, anai-arreba gazteenak ikastolara joandakoak dira eta besteok euskaltegian ikasi dugu.

Hamar anai-arreba gara eta gure artean baditugu txistulariak, atabalari bat, Orfeoiko kideak, San Fermin koruan ibilitakoak… Musika giroan bizi izan gara beti.

Txikitatik solfeo ikasketak egin nituen eta baita saiakera batzuk ere pianoarekin eta oboearekin, baina horiek utzi eta berehala hasi nintzen txistua ikasten Iruñeko Kontserbatorioan. Ondoren, Iruña Taldea dantza taldean sartu nintzen txistulari eta horrela hasi zen nire ibilbidea. Oso gazte nintzela ere, 16 urterekin, Iruñeko Udal Txistulari Bandan hasi nintzen eta harrezkero han jarraitzen dut.

Nafarroako Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Mikel Aranburu, lehengusu propio duzu eta hura ere udal txistularia, ezta?

Eta dantzaria. Taldean dago eta laguntza behar dugunean beti prest dago, baina emanaldi guztietara etortzeko ardura utzi behar izan zuen eta orain kargu berriarekin are lanpetuago ibiltzen da.

Zein dira zure urteroko ezinbesteko hitzordu musikalak?

Lantzeko inauteriak, Ituren eta Zubietakoak, sanferminak, eta Zarauzko sanpelaioak eta Euskal Jaiak. Egun horiek dira nire opor egutegia egiterakoan markatzen ditudan lehenbizikoak.

Iruñeko txistulari batentzat Udal Txistulari Bandan edo Lantzeko inauterietan aritzea zer da, mailarik gorenera iristea?

Baietz uste dut nik. Lantzera duela hogei bat urte hasi ginen joaten Mintxo Salaberri eta biok, kontratatuta. Oso egun politak izateaz gain, ohorea da folklorearen ekitaldi ikur batean parte hartzea. Urte batean, inauteri garaian, San Franciscoko Euskal Etxera jotzera joateko aukera izan nuen, baina ezetz esan nien Lantzera joan ahal izateko.

Garai batean bezain erakargarri izaten jarraitzen du inauteri ospakizunak, zure ustez?

Urte batzuetan jende gehiago hurbiltzen da eta besteetan gutxiago, eguraldiaren arabera, bereziki. Hala ere, oro har, ni hasi nintzenean masifikazio gehiago zegoela uste dut.

Eta Ituren eta Zubietara joateko ere deitzen zaituzte?

Ez. Hara nire kabuz joaten naiz, lagunak direlako. Duela 26 urte han izan nintzen erizain urtebetez eta geroztik urtero joaten naiz jotzera.

Gauza bera Zarautzen?

Bai. Zarautzen ere lagunak ditut eta sanpelaio eta Euskal Jaietara joaten naiz urtero oso pozik.

Txistuaz gain, beste musika tresnak ere jotzen dituzu, eta abestu egiten duzu. Zenbat taldetan zaude orain?

Iruña Dantza Taldean jarraitzen dut txistulari, baina ez naiz entsegu guztietara joaten, lehen bezala. Beste txistulari batzuk badira orain eta ni noizbehinkako kolaboratzailea naiz. Udal Txistulari Bandan ere ari naiz, eta hor bai, urte osoan ditugu entsegu eta betebeharrak. Nire aspaldiko beste taldea Jarauta 69 da. Azken urte hauetan Iparraldeko plaza talde batekin aritzen naiz, Kiki Bordatxorekin, eta duela gutxi hemengo eta Tafallako lagun batzuekin son kubatar talde bat egin genuen: Sonora Sonera. Hor tronpeta jo eta abestu egiten dut. Eta gero nire kabuz beste gauza batzuk ere egiten ditut.

Musika kubatarra, zer dela eta?

Lagun batzuk Kuban izan ziren, eta gustuko genuenez hango musika, proba egitea erabaki genuen. Horrela hasi eta hamar bat urte daramagu. Laster izanen gara adineko kubatar talde mitiko haien modukoak!

Musika latinoa oso modan dago?

Bai, baina gure son estiloa ez da oso erakargarria saltsa eta bachata dantzatu nahi dutenentzat. Batzuetan pieza mugituagoak eskatzen dizkigute, baina guri hau gustatzen zaigu eta hau jotzen dugu.

Jarauta 69 instituzio bat da gaur egun Nafarroan.

Jarautarekin 30 urte inguru daramagu. Jarauta kaleko 69. zenbakian zegoen etxabe batean hasi ginen, eta nahiz eta berehala 65era pasatu, izen horrekin gelditu ginen. Txiste moduan esaten dugu garai haietan 69 esan eta irribarre maltzurra egiten zuela jendeak. Orain, aldiz, esaten dugu zenbakia aipatu eta jendea hasi dela pentsatzen taldekideon adinagatik dela. Euskal kantak, jazza, musika balkanikoa, kubatarra, saltsa, erritmo latinoak, mexikarrak… estilo askotako kantak ditugu eta beti saiatzen gara pieza berriren bat sartzen, baina jendeak gehienetan kanta zaharrak nahiago izaten ditu. Amapola eta Volver volver mexikarra, adibidez, dira gure hit paradetako bi.  

Hainbeste taldetan izanik, zure ordutegia antolatzea ez da erraza izanen…

Ez ba! Bi talderen entseguak batera suertatzen badira, bat aukeratu behar. Ni gabe konpontzen badira, besteekin joaten naiz.

Eta honetaz gain, lana. Erizaina zara.

Bai, erizaina naiz Mutua Navarran. Lan istripuak artatzen ditugu. Abantaila da txandaka ibiltzen garela eta gure artean oso ongi moldatzen garela lan txandak antolatzeko.

Zure opor egun guztiak musikarako dira?

Ez. Bidaiatzea ere asko gustatzen zait, baina egia da nire opor egutegia antolatzean markatzen ditudan lehenbiziko egunak emanaldietarako behar ditudanak direla.

Eta musikari profesionala izatea ez duzu inoiz pentsatu?

Agian nire garaian ez ziren orain dauden ikasketak eta zailagoa zen horretan profesionalki aritzea. Bestalde, lehen etxeetan, familietan, norbaitek esaten bazuen lanbidez musikari izan nahi zuela ia-ia erotzat hartzen zuten. Orain, ikuspuntua izugarri aldatu da, zorionez. Hala ere, batzuetan pentsatzen dut musika lanbidetzat hartu izan banu agian afizio gutxiago izanen nukeela orain. Niretzat musika ihesbidea da, oso ongi pasatzen dut.

Bidaia askotxo egin duzu txistua eta tronpeta besapean hartuta?

Europa eta Amerikako hainbat tokitan izan naiz. Txistuarekin Sizilian, Polonian, Alemanian, Ingalaterran, Irlandan, Argentinan, Txilen… Kiki Bordatxorekin Kalifornian eta beste talde batekin Quebecen aritu ginen.

Jendea ezagutzeko parada ere ematen dizu. Jende pilak agurtzen zaitu kalean jotzen zoazela, sanferminetako prozesioan, adibidez.

Bai, eta nahiko itxia naizenez, baliogarria suertatzen zait jotzen aritzea hitz egin behar ez izateko. Batzuetan neure buruaz esaten dut bizi sozial zabala duen gizon asoziala naizela.

Txistuaren atzean ezkutatzen zara, beraz?

Errazago bonbardinoaren atzean…

Zenbat musika tresna jotzen dituzu?

Txistu familiakoak txistua eta txirula, gero bonbardinoarekin eta tronpetarekin hasi nintzen nire kabuz.

Txistuak euskal labela du?

Txistua hemengoa da, baina familia horretako tresna asko dago: Aragoin chiflo da, Salamanca eta Extremaduran gaita deitzen diote, Andaluziakoa pito rociero, Provenzan galoubet… Hiru zuloko flautak dira denak.  

Eta ttun-ttuna?

Zuberoan egin genuen ikastaro txiki bat eta gero joaz ikasi dut. Dantzetarako piezak dira, bereziki.

Harreman onak dituzu Iparraldeko musikariekin?

Bai, nire taldekoekin eta Mixel Etxekoparrekin, adibidez. Duela gutxi, haien Atlas Geopoetikoaren atal bat egitera etorri zirenean, nire etxean gelditu ziren lotara eta berdin ni hara joaten naizenean, bere etxeko ateak beti irekita ditut.

Elkarrengandik asko ikasten duzue?

Nik berarengandik bai, baina alderantziz ez dut uste. Mixel, beste maila batean, maila berezi batean, aritzen da. Irudimen handikoa da eta sortzaile bikaina.

Folklorean zer puntutaraino egiten dira gauza berriak?

Folklorea bizirik dagoen zerbait da eta aldatuz doa etengabe. Horregatik ongi dago gauza berriak sortzea. Orain badira mugimendu interesgarriak folklorea berritzeko: Erriberan paloteau berritzaileak egiten ari dira azken urteotan, esate baterako. Beste adibide bat izan daiteke hemen Iruñean San Lorenzoko Danzanteek egiten dutena: dantza pieza berriak estilo zaharrarekin. Oso interesgarria.  

Udal Txistulari Taldean ez, ezta? Hor errepertorio finkoa duzue?

Bai. Prozesioan, dantzaldiak, dianak… dena berdina izaten da. Baina txisturako egiten dira pieza berriak eta Txistulari Elkarteak partitura berri asko ematen ditu argitara. Haien artean denetik ikusten da, baita pieza garaikideak ere.

Sanferminetakoaz gain, zer egiten duzue Iruñeko txistulari ofizialok?

Azarotik uztailera arte igandero dianak jotzen ditugu hiria iratzartzeko. Gehienbat Alde Zaharrean barna ibiltzen gara, baina auzoetako jaiak direnean haietara joaten gara. Eguerdiko ibilaldi batzuk eta dantzaldiak ere izaten ditugu urtean zehar. Ekaina eta abuztuaren bigarren hamabostaldian eta irailean, astearte eta ostegunetan dantza saioak egiten ditugu arratsaldean Gazteluko Plazan. Data garrantzitsuak dira baita ere, Batasunaren Pribilegioaren eguna, San Fermin Txikiren dianak eta Jaun Done Saturdi eguneko ospakizunak. Entseguak astean behin edo bitan egiten ditugu.  

Nola ikusten duzu txistuaren harrobia?

Musika eskoletan eta dantza taldeetan gazte asko ikusten dira.

Dantza saioetan zer ikusten da Gazteluko Plazako kioskotik?

Garai batean gazte gehiago ikusten zen, agian han lagunekin elkartzeko aprobetxatzen zutelako. Orain, aldiz, gehienak dantza zale beteranoak dira, ikastaroetan eta dantza taldeetan ibilitakoak, eta huts egin gabe joaten dira.

Folklorea hemen oso lotua dago jarrera politiko batekin?

Litekeena da eskuineko jendea dantzazalea izatea, baina errealitatean ikusten da gehienak euskaltzaleak garela.

Zer da onena eta txarrena musikari jardueran?

Oso gustura aritzen naiz musika jotzen, eta jendea pozik ikustea oso atsegin dut. Txarrena, ordutegiak, lo gutxi egin beharra, batez ere. Nik fama dut jotzen ahal dudala baita loak hartuta ere.

Mintxo Garaikoetxea Aranburu. Iruñean sortua, 1961eko ilbeltzaren 30ean. Iruñeko Udal Txistulari Banda, Jarauta 69, Kiki Bordatxo eta Sonora Sonera taldeetako partaidea, besteak beste. (Dani Blanco)

Dokumentuaren akzioak