Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ohorea baita Iker Murillo etxean izatea

Dokumentuaren akzioak

Ohorea baita Iker Murillo etxean izatea

Pasaiako Dantza Festibalaren aterkipean, omenaldi hunkigarria egin diote gertukoenek oholtzak utzi berri dituen dantzari antxotarrari.
Egilea
Olaia Gerendiain
Komunikabidea
Oarsoaldeko Hitza
Tokia
Pasaia
Mota
Albistea
Data
2023/06/10
Lotura
Oarsoaldeko Hitza
Aiert Beobide eta Iurre Aranburu PDFren antolatzaileek txapela janzi diote Murillori.

Dantzan dira Antxoko kaleak herenegun bosgarren Pasaiako Dantza Festibala hasi zenetik. Orotariko emanaldi eta sentimenduak bor-bor antzeman daitezke egunotan ekitaldiz ekitaldi jauzika ari diren ikusleen artean. Handia da prestatu dutena, eta handia izaten ari da, halaber, herritarren erantzuna.

Gaur eguerdian egitarauko hitzordurik berezienetakoak hartu du lur Biteri plazako oholtza nagusian. Iker Murillo Badiola dantzari antxotarrari omenaldia egin diote PDFren antolatzaileek nahiz gertukoenek. Senide, lagun, lankide, ikasle eta bizilagun kuttunenek ez diote hutsik egin hitzorduari.

Ia mende erdia
Sei urte besterik ez zituela elkar ukitu zuten lehen aldiz Iker Murillo Badiolak dantzak; eta ordutik antxotarraren bidea ardaztu izan du horrek, pasioa ogibide bilakatuz. Antxoko Alkartartasuna Euskal Dantza taldearekin hasiriko bidea ziztuan hasi zen profesionalizatzen, eta hala, besteak beste, 1990ean Oñatiko eta Gipuzkoako Aurresku Txapelduna bihurtu zen Murillo.

Nostalgia kutsuren bat sentituko zuen omenduak 2021eko Dantza Solteko Txapeldun Maren Galvez eta Gorka Granado oholtzara igo eta dantzaz aintzatespena egin diotenean. Estreinako dantzaldi hori baino lehen jausiak ziren lehen malkoak ikusleen artean; eta ez bakarrik Murillo eta gertuko senideen artean. Eskerrak eguzki-galdak betaurreko ilunak janzteko aitzakia ezin aproposagoa eman dien askori.

12 urteko nerabeak ezin izan zion dantza klasikoarekiko maite-suari eutsi Baionako Kontserbatorioa ezagutu zuenean, eta akademiarekin batera, baita balletarekiko pasioa ere. Emanak zituen aurretik lehen ballet eskolak Errenteria Musikalen, baina Baionakoa goi mailako erronka izan zen. Ez soilik dantzariarentzat, baita senideentzako ere.

Lehen maletak
Jose Murillo aita nekaezin ibili zen etxetik kontserbatoriora eta kontserbatoriotik etxerako joan-etorrietan. Bidaia horiek, ordea, geroz eta luzeagoak izanen ziren. Eta irakasleek ezarritako diziplinak, geroz eta zorrotzagoak. Gogoan du antxotarrak nola errusiarrek ipurmasailekin txapon bati eustea edota txorrotako ur hotzaren azpian eskuak tente mantentzea eskatzen zioten, jarrera zuzenari eusten ikasteko.

Orain hura da —bestelako metodologia batekin— dantza pausorik finenak irakasten diharduena hark fundaturiko Iker Murillo Studio 24 akademian. Bertako ikasleak oholtzara igo dira gaur, maisuari begira, irakatsitakoa hitzik ahoskatu gabe eskertzeko.

Antxoko dantza eskola ireki baino lehen, baina, maleta gehiago eta gehiago egin behar izan zituen Murillok. Alemanian dantzari izan nahi zuela berretsi zuen, eta geroago Zurichen bizi izan zuen hazkunde profesional oparoena. Nazioarteko errekonozimendu kontaezin jaso zituen etapa horretan dantzariak; artean, 2008an, etxekoen aitorpena: Gipuzkoako Errebelazio saria.

Hegalak eranzteko unea
Arrakastaren zapore gozoa gazi-gozotu zion behin baino gehiagotan dantzariari distantziak. Urteak aurrera zihoazen ez bakarrik harentzat, baita etxean utzirikoentzat ere, eta Pasaia eta Zurich bereizten dituzten 1.200 kilometroen zama geroz eta pisutsuagoa zitzaion sortzez eta bihotzez antxotarra zenari. Hegalak erantzi eta etxerako bidea hartu zuen orduan Murillok, baina ez abiatu bezala: bidelagunik bereziena zekarren alboan, orain senar duen Vitali Safronkine.

24 urtez atzerrian dantzan, 1924an jaiotako amona… Ezin beste zenbakirik hautatu estudioari izenburua jartzeko —Studio 24—. 2017an zabaldu zituzten Safronkine eta Murillok akademiaren ateak, eta beharbada handitu beharko dituzte horiek, geroz eta eskaera zabalagoa baitute eskaintzen dituzten klaseek.

Urtarrilaren 21ean oholtzei agur esan zieten bi dantzariek, Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Despedida hunkigarri hartan bidelagun izan zuten Josu Okiñena piano joleak gaur ere oholtzan izan da hoberen dakien hori egiteko, eta atzetik heldu da ekitaldiko unerik ukigarriena. Zuri-gorriz hartu du agertokia Safronkinek eta agurra dantzatu dio bidelagunari.

Oholtzara igotzen azkena, jakina, protagonista. Omenaldira hurbildutako denei eskerrak eman ondotik, aita eta amari eman dizkie: “15 urtetxo nituen zuen baldintza gabeko babesarekin maite dudan hau egiteko bidea hartu nuenean. Ez dut hitzik niregatik egin duzuen guztia eskertzeko. Mila esker dantzari izateko nire ametsa egi bihurtzeko aukera eman izanagatik”.

Oholtzarik onenetan onenekin dantza egin ondoren etxera bueltatzea erabaki zuen, bertan “maitatu eta babestua” sentitu izan baita beti. Ibilbide profesional aberatsak une ahaztezinak eman dizkiola aitortu du Murillok, baina denen artean bat da bereziena: “Pertsona miresgarri bat ezagutzeko aukera izan nuen; nire senarra. Mila esker lehen egunetik gure familiaren parte bihurtu izanagatik, eta gure kultura zure egin izanagatik. Proiektu eder bat abiarazi genuen elkarrekin, eta onena oraindik heltzear zaigu…”.

 

Dokumentuaren akzioak