Dokumentuaren akzioak
Ohore eta omen Kaxianori
Trikiti pieza herrikoiak molde zahar eta berrietan eskaini zituzten musikariek, dantzariez lagundurik
Lizartzako itsuaren lau argazkik apaintzen zuten Azpeitiko kiroldegiko agertokia, zinta hori, berde, laranja, urdin, zuri eta arrosen alboan ipini zuten atzo Kaxiano; taula gainean berriz, orkestra, trikitilariak eta dantzariak. Goian zein behean, Kaxiano bertaratutako guztien gogoetan zen. Hori zuen helburu atzo arratsaldean ospatu zen EITBren trikiti jaialdiak.
Molde berriak eta tradizionalak uztarturik doinu herrikoiek bete zuten Azpeitiko kiroldegia; Kaxianoren Zorionak, Itsasontzi baten eta Dantzarako pieza ezagunen ondoan fandango, arin-arin herrikoiak eta Lizartzako itsuak hain gustuko zituen habanerak eskaini zituzten musikariek Mari Karmen Odriozolak aurkezturiko ekitaldi jendetsuan.
Et Incarnatus Est orkestra gazteak eman zion hasiera omenaldi jaialdiari, Edurne Iturberen trikitiarekin, Ohiana Irastortzaren pandero eta ahotsarekin eta Donato Goienetxeren perkusioarekin Zorionak pieza biribildu zuten bertaratutako ikus-entzuleen gozamenerako. Migel Zeberioren zuzendaritzapean Gonzalo Tejeda eta Juantxo Zeberioren moldaketekin Negu hurbilak, Nere laztana, Ederra zareala eta Habanera interpretatu zituzten, baina publikoaren txalo zaparradarik beroena Itsasontzi baten abestiaren ondotik etorri ziren; hunkidura hark bati baino gehiagori atera zizkion negar malkoak. Ondoren Zorionak interpretatu zuten berriro, publikoaren eskaria betez.
Doinu herrikoiak molde zahar eta berrrietan
Ander eta Aintzane Agirrebeña eibartarren eskutik trikitiaren doinu tradizionalak nagusitu ziren ondoren; gustura hartu zuen publikoak Dantzarako hura; lehengo garaietara itzuliz, soinua eta panderoa biluzik Kimetz Larrañaga eta Eneritz Epelde dantzariek berotu zuten lehendik hotz ez zegoen giroa.
Eibartar neba-arreben urratsei jarraitu zieten Josune eta Aitziber Otegi beasaindarrek. Kaxianoren doinuak berreskuratzeaz gain, soinu jotzailearen animoa eta indarra ere ekarri zuten gogora, Sebastian Lizasoren hitzez lagundurik.
Kaxianoren musikaren erritmopean dantza eginiko ugari bildu ziren atzo arratsaldean Azpeitian; musika eta dantza jaialdi hartan, arin-arin eta fandango tradizionalen ondoan Jon Maya gazteak sorturiko Kukai taldeak Ttakun koreografia berritzailea estrenatu zuen; Kepa Junkeraren abesti baten erritmopean Deiadarra koreografia ere dantzatu zuten mutil gazteek.
Soinu handiak ere izan zuen bere tartea musikari itsuaren omenaldian, Mari Jose Arregi azkoitiarrak astindu zuen hura Zabaleren alboan, txikia eta handia uztarturik Ekaitz Larrañagak eta Ainhoa Juaristik egin zuten dantza.
Kaxiano eta bere familiaren alboan Edurne Iturbe trikitilaria eta Oihana Irastortza izan ziren jaialdiako beste protagonistak. 2000an irabaziriko EITB saria atzo arratsalean eman baitzieten, esker gisa Ohe zahar maite, Fandangoa eta Arin-arina izan ziren publikoari eskaini zizkiotenak.
Amaieran etorri zen unerik hunkigarriena
Unerik hunkigarriena hala ere, jaialdiaren bukaeran etorri zen. Xabier Zabalok eginiko Kaxianoren koadroa eman baitzion Joxemari Iriondok alargunari. «Herriak zenbat maite duen» Lizartzako itsua erakutsi nahi izan zion Iriondok alargunari eta bere familiari. Memento hunkigarria izan zen hura familiarentzat eta soinu jotzailearen jarraitzaileentzat, hori erakutsi zuten isiltzerik ez zuten txaloek. Jaialdian parte hartu zuten musikari eta dantzari guztiek taula gainean jaso zuten Lizartzako itsuaren familia.
Atzoko trikiti jaialdiak sorturiko hunkidura ahazteke, datorren urteko San Jose egunez Azpeitian ospatuko den omen jaialdia dute jada buruan EITBkoek; iazkoan Zaldibarko trikitixa eta Maltzeta izan ziren txalo zaparradak jaso zituztenak, eta ordurako buruan zuten hurrengoan Lizartzako itsua izango zela kiroldegiko protagonista nagusia.
Dokumentuaren akzioak