Dokumentuaren akzioak
Oholtzan gozatzeko neurria
Aze gorputza duen» entzuten dugunean denok dakigu zein gorputz motaz ari garen hizketan. «Gizenegia zaude dantzaria izateko». «Ez dugu zure neurriko jantzirik. Jantzi berezi bat egin beharko dugu zuretzako». «Kontuz, puskatu egingo duzu. Ez zara sartzen. Ea argaltzen zaren». «Argaldu egin zara, orain ez gizendu. Oso guapa zaude». «Begira zenbat argaldu den. Gehiegi. Gaixo dagoela ematen du. Lehen hobeto zegoen».
Zein da egia? Gizen egia edo argal egia? Noren begia da begiratzen duena? Nork ezartzen ditu dantzari izateko neurriak? Nor sartzen da oholtzako neurrietan? Norenak dira oholtzara igo behar garen bakoitzean, gure buruetan bueltaka hasten diren ahots horiek? Oholtza gainean modu askean gozatzen uzten ez diguten horiek. Jendaurrean dantzan gaudenean ere edertasun kanonetan sartzen ez garela gogorarazten digutenak.
Gure antzoki gogokoenean gaudenean ere, gainean dugun tela zati hori janzteko izan ditugun elkarrizketa deseroso, beldur, lotsa eta beste zenbait buruhaustek gure dantzan eragina dute. Konfiantza falta sumatzen zaigu, auto-estimua ez delako gurekin oholtzara igotzen eta besteen begiradapean gaudelako etengabe. Txikitatik entzun ditugulako gure gorputzaren inguruan eskatu gabeko iritzi, kritika edo irainak. Benetan, nahikoa da, oholtza gainean ere dantzaz gozatzera igotzen garen edo edertasun kanon batzuetan sartu nahi duten gorputz batzuk besterik ez garen pentsatu behar dugu.
Ez ditugu aukera asko oholtzara igotzeko, eta egiten dugunean, gozatu beharrean, gure gorputzarekin borrokan jarraitzen dugu. Irudi bat baino askoz gehiago gara eta gure gorputzak gozamenerako iturri dira. Dantza dezagun gure alde.
Dokumentuaren akzioak