Dokumentuaren akzioak
Oholtza hostoz estaliko da
Datorren larunbatean izango da estreinaldia, Donostiako Kursaaleko auditoriumean
Oholtzaren aurrealdean, lurrean eserita, sei emakume daude, Bernart Etxeparek idatzitako Emazteen fabore
olerkia kantatzen. Beste bi emakume hurbildu zaizkie, eta dantzan hasi
dira. Elkarri begira daude, elkarren osagarri direla jakitun. Ahotsek
gidatzen dituzte dantzarien oinak pieza horretan, eta urrats bakoitzaren
mugimenduak erakutsiko die bidea txalapartariei hurrengoan, eta
ttakunen erritmoei jarraituko diete andrazkoen ahotsek ondorengoan.
Piezaz pieza, ahotsaren, dantzaren eta musikaren lengoaiak uztartuz
joango dira, bakoitzaren mugak lausotzeraino. Dantzan egingo dute
musikariek, edo kantuan dantzariek, Hostoak ikuskizunean. Kolore
askok osatutako hostaila taularatuko dute Oreka TX-ko musikariek, Kukai
taldeko dantzariek eta Amaren Alabak seikoteko kantariek.
Hiru
taldeetako kideak Gabonen aurretik hasi ziren entseatzen, eta Urnietako
Sarobe aretoan (Gipuzkoa) elkartu dira egunotan, ikuskizunari azken
ukituak emateko. Datorren larunbatean estreinatuko dute Hostoak,
Donostiako Kursaaleko auditoriumean. Igor Otxoa Oreka TX-ko kidearen eta
Mireia Gabilondo eszena zuzendariaren gidaritzapean, norbere esparrua
gainditu eta besteenean sartzen dira taldekideak.
Kukai dantza
taldearekin beste hiru ikuskizunetan aritua da Gabilondo, eta bazekien
zer zen haiekin lan egitea. Amaren Alabekin, berriz, lehen aldiz egin du
lan, eta polita izan dela dio, obrari «beste kolore bat» eman
diotelako. Oreka TX-ko kideekin ez zuen gaur arte lan egin. Otxoak
ikuskizuna zuzentzeko deitu zionean, gogoz hartu zuen proiektua. Juan
Mari Beltranekin txalaparta oinarri zuen Ttakun ttan ttakun obra
landu zuen aurretik, musika, dantza, antzerkia, poesia eta
ikus-entzunezkoak uztartuz. Eta berriro ere «antzerako mundu batean»
sartzeko asmoak erakarri zuen, besteak beste. Txalaparta jotzeko era
ezberdinak diren arren, eta talde bakoitzak «bere kolorea» izanik ere,
«osagaiak berriro mahaiaren gainean» zituen Gabilondok. Eta horiek ondo
nahastea hartu zuen erronka nagusitzat. «Hiru taldeen artean gauza
bakarra sortzea izan da asmoa. Orain haien kantu hau, gero beste haien
beste hau... Horrela egin beharrean, guztiak jai moduko batean nahastu
nahi genituen».
Taula gainean modu askotara nahasten dira
osagaiak. Adierazpide bakoitzak bere lekua du pieza guztietan. Zati
batzuetan kantariak bakarrik hasiko dira, edo dantzariekin batera, eta
ondoren joango dira batzen gainerako osagaiak. Oreka TX-ko taldekideek
emango diote hasiera beste eszena bati, musikariek bakarka edo
txalapartariek soilik, eta dantza eta kantua batuko zaizkie ondoren.
Badira dantzaz eta kantuz bakarrik osatutako zatiak ere.
Adierazpide
bakoitzaren «mugak gainditzea» izan da sortzaileen asmoa, Otxoak azaldu
duenez. Dantzaria dantzara ez mugatzea, ez eta musikaria musikara.
Hala, kantuan ari diren bitartean dantzan ariko dira batzuetan Amaren
Alabak, edo, haiekin batera, kantuan dantzariak, edo makila luze
batzuekin lurra jotzen erritmoa markatuz bi taldeetako kideak,
txalapartari jarraituz. Eskutik helduta biribilean dantzan eta kantuan
batuko dira taldekide guztiak eszena batean.
Norbere mugak gainditzea
Orain arte landu duten esparrua gainditu baitute, Amaren Alabentzat izango zen aldaketa handiena ziurrekin. A cappella aritzen dira Zuberoako sei emakume gazteak, beren ahotsen laguntza bakarraz. Hostoak
lanean, berriz, musikariak eta dantzariak alboan dituztela ariko dira,
baita dantzan ere, tarteka. «Haientzat aldaketa handia da, esaterako,
mikrofono bat eramatea, a cappella kantatzean ahotsa modu batean
egiten dutelako, eta modulatu egin behar izan dute. Hori bakarrik
daudenean, zeren musikariekin edo albokaren gainean kantatzea... beste
aurrerapauso bat da haientzat. Baina ikusi dute egin ahal dutela eta
gustura daude», dio Gabilondok.
Oreka TX ohiko musikari
taldearekin ariko da: Otxoa, Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel
Ugarte txalaparta eta bestelako tresnetan; Mixel Ducau alboka, saxoa eta
klarinetean, besteak beste; Juanjo Otxandorena bouzoukian; eta Iñigo
Egia perkusioetan. «Txalapartaren doinuak dantzari egokitzea kosta zaigu
gehien», dio Otxoak, baina baita ahotsei moldatzea ere, polifoniak
direla eta. Izan ere, txalapartekin, erritmoak ez ezik, doinuak ere
sortzen dituzte. Halako lanak lehenago ere eginak dituzte, baina ez
ikuskizun oso batean. Gainera, bakoitzaren mugak are gehiago lausotzea
izan dute erronka oraingoan. Harkaitz Martinez de San Vicentek zuzendu
du musika, eta gehienbat, harrizko txalaparta baliatuta sortu dituzte
kantuak. Tresna horrek presentzia handia du obran, baina egurrezko
txalaparta, tutuak, bidoiak eta tututofonoa ere tartekatzen dituzte.
Jon
Maia dantzariak zuzendu ditu koreografiak, eta harentzat, sorkuntza
prozesua nahiko orekatua izan da hiru lengoaien artean; batean, Oreka
TX-ren pieza bat dantzatzea interesgarria iruditu zaie, edo bestean,
Amaren Alaben errepertorioko kanta bat musikatu eta koreografiatzea...
«Talde bakoitzak lanerako modu ezberdinak izan arren, oso erraz moldatu
gara hasieratik», Maiaren hitzetan. Dantza tradizionaletako pausoak
garaikideagoekin lotzen dituzte, Kukairen ibilbideari jarraituz. «Gure
hasierako ikuskizunetako giroan kokatzen dut Hostoak, erabiltzen
ditugun mugimenduengatik-eta dantza tradizionaletik gertuago. Hala ere,
egia da denbora pasatu dela eta ordutik egin ditugun beste lanen eragina
ere hor dagoela».
Herri kantak eta pieza berriak
Hiru lengoaiak batzeko ahaleginean, eszenaratze berezi bat nola egokitu pentsatzen aritu zen Gabilondo. «Tablao
flamenko» baten eredua izan zuen buruan hasieran: zirkulu erdi batean
taldekide guztiak kokatu, eta tarteka, bata edo bestea denen erdira
aurreratzea. «Lehen probetan hala jarri nituen denak, baina noski,
musika tresnen tamaina ere ez da bera; tututofonoak bakarrik oholtzako
bi metro eta erdi hartzen zituen! Ezinezkoa zen, ez zegoen tokirik
ezertarako. Horregatik, pixkanaka altuera ematen joan naiz. Halakoa izan
da prozesua hainbeste jende sartzeko eta oreka bilatzeko». Hain zuzen,
taula gainean musikariak garaiera batean baino gehiagotan agertuko dira
maiz edo aulki batzuetara igota kantariak beste pieza batean. Guztietan
gorena tututofonoa egongo da, bere tutu gorriak beherantz luzatuta
dituela.
Tutuen kolorea izan da taldekideen janzkera hautatzeko
abiapuntuetako bat. Gehiago edo gutxiago, guztiek dute kolore gorria
jantziren batean, emakumeek batez ere, baina baita mutilek ere, espartin
beltzetako zinta gorrietan besterik ez bada ere. Hala ere, beltza da
nagusi gehienetan. «Hainbeste taldekide izanik, garbi» zuen hori
Gabilondok. Ana Turrillasekin prestatu dituzte jantziak.
Kontrasteak
ez dira soilik koloreetan antzemango. Izan ere, arin-arin edo fandango
alaien indarra gailenduko da hainbatetan, eta giro intimistagoa, beste
hainbatetan, Ducauren bakarkako interpretazio batean edo Amaren Alabek
ahaire tristeagoak kantatzen dituztenean, esaterako.
Musikak ere izango du horretan zer ikusirik. Hainbat herri kanta edo doinu tradizional moldatu dituzte —Emazteen fabore ez ezik, Xalbadorren Negarra begietan, Itxaro Bordak idatzi eta Oskorrik musikatutako Ez zaitez
eta Mixel Etxekopar eta Etxahun Barkoxeren zenbait kanta, esaterako—,
baina ikuskizunerako espresuki sortu dituzte beste hainbat kantu
—makilekin erritmoa markatuz egindako Perkukanta, eta tutuekin jo eta gero dantzatzen duten Xirokalendula, esaterako—.
Osagai
horiekin guztiekin, kolore askotako hostaila osatuko dute taula
gainean. Datorren larunbateko estreinaldiaren ostean, hilaren 25ean
egingo dute hurrengo emanaldia, Baionan, eta hurrengo egunean Iruñean
izango dira. Gainerako euskal hiriburuetan eta hainbat herritan urte
osoan aurkeztuko dute lana, eta beste herrialde batzuetara ere eraman
nahi dute.
Zuzenean landutako irudiek osatuko dute laugarren lengoaia
Ura, esnea, hostoak eta tinta baliatuta, agertoki atzealdean formak eta koloreak sortzen ariko da Eñaut Muñoa
A. S. Urnieta
Dantzaz, kantuaz eta musikaz gain, bada laugarren
lengoaia bat ikuskizunean: irudiena. Argiekin batera, agertokiaren
atzealdean, pantaila batean azalduko diren forma bereziek emango diote
kolorea eszenaratzeari. Eñaut Muñoa ariko da irudiak sortzen, zuzenean,
alboan izango dituen askotariko materialen bidez.
Hondarra,
lurra, ura, tintak, hostoak, esnea... Koloreak eta formak osatzen doa
Muñoa gai horiekin guztiekin, ikuskizunerako propio sortu duen tresna
berezi batekin. Kutxa edo mahai baten moduko egitura da. Bertan,
materialekin jolasten du, hondarrean irudiak marrazten, tintak
nahasten... Argiekin eta kamera txiki batekin jokatuz, atzeko pantailan
ikusten dira sorkuntzak, etengabe aldatuz doazenak. Lehen aldiz darabil
«esperimentu» hori, eta beharren arabera sortu dutela dio; kamera
jartzeko euskarria, transparentziak ahalbidetzeko kristala... «Irudiak
aukeratzeko eta tresna sortzeko prozesua, biak batera joan dira».
«Irudiak
sortzeko lehen inpresioa abestiak iradokitzen didana izaten da», azaldu
du Muñoak. «Irudi horiek musikarekin eta erritmoarekin uztartzea» da
bere egitekoa ikuskizunean.
Kukai dantza taldeko kideak, alboan Oreka TX-ko musikariak eta Amaren Alabak taldeko kantariak dituztela, Urnietako Sarobe aretoan entseatzen. / GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS
Dantzarien, abeslarien eta musikarien zereginak nahastuz joango dira Hostoak ikuskizunean. / GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS
Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel Ugarte Oreka TX-ko kideak, atzean Mixel Ducau musikariaren itzala dutela. / GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS
Musikariak eta dantzariak tutuak jotzen. Haiek eskutan dantzatuko dira Kukaikoak. / GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS
Dokumentuaren akzioak