Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ohiturak eta dantza, denentzako plaza

Dokumentuaren akzioak

Ohiturak eta dantza, denentzako plaza

Ohi legez, Zerutxu Dantza Taldekoek Xemeingo Ezpata Dantza eta Mahai Gainekoa dantzatuko dituzte San Migel egunez. Aurretik, Markinako ordezkariekin egingo dute makila aldaketarako bidea.
Egilea
Zaloa Iturbe San Jose
Komunikabidea
Lea-Artibaiko Hitza
Tokia
Markina-Xemein
Mota
Albistea
Data
2024/09/27
Lotura
Lea-Artibaiko Hitza

Herritarren artean errotutako jaiak dira, eta festa orok bezala horrek ere badu falta ezin den osagaia: Zerutxu Dantza Taldearen emanaldiak. Ikusleentzat bakarrik ez, Zerutxuko 110 dantzarientzat ere aparteko hitzordua izaten da San Migel egunekoa: “Guretzat Arretxinagakoa ekitaldi berezia da, dantza egiten dugu, bai goizean, bai gauean”.  

Ohiturari jarraituz, goizean Xemeingo Ezpata Dantza eta Aurreskua dantzatzen dituzte Mikel Deuna baselizaren kanpoaldean; gauean, berriz, Mahai Gainekoa. Guztiak bereziak izan arren, Xemeingo Ezpata Dantzak “garrantzia berezia» du, urte askotan egin den dantza delako: «Dantza horren inguruko lehen idatziak 1645ekoak dira, baina horrek ez du esan nahi lehenago ere egiten ez zenik”. Gainera, taldearen inplikazioa eskatzen duen dantza mota da, “gutxienez hemeretzi dantzari” behar dituztelako plazara atera ahal izateko. Mahai Gainekoaren lehen dokumentazioa ere XVII. mendekoa da, zehazki 1662. urtekoa: “Guk nahiko formal egiten badugu ere, berezko kutsu informala duen dantza da”.

2022az geroztik are bereziagoa bihurtu da eguna, emakumeek ere dantza esanguratsuenetan parte hartzen dutelako. Herrian egiten dituzten dantzak “betidanik gizonezkoek” dantzatu dituzte, baina urte horretan emakumeak ere plazara ateratzen hasi ziren, lehenengo ihauterietako Saragi Dantzan, gero Karmenetako Aurreskuan eta, azkenik, Xemeingo Ezpata Dantzan eta Mahai Gainekoan. Zerutxukoentzat “oso berezia” izan zen: “Pila bat urtetan ikusi dugun gauza zen, baina guk ezin genuen egin”. 

Goizeko saioa ikustera “jende piloa” hurbiltzen da, gainera: “Arretxinagako plaza bete egiten da”. Mahai Gainekoan “zailagoa” izaten da, ordutegiagatik: iaz, esaterako, barikua izanik, 00:00etan dantzatu zuten, eta “jende asko” bildu zen; aurten, berriz, 21:30ean egingo dute, eta “jende nahikoa” hurbiltzea espero dute: “Arretxinagakoa guretzat plaza berezia da, jendearen hurbiltasunagatik”. 

Makila aldaketa.
Aurtengo jaiek beste berezitasun bat ere izango dute, eta dantzariak ere horren parte izateko aukera edukiko dute. Duela lauzpabost urte, 2013an etendako ohitura berreskuratzea erabaki zuten: “San Migel eguna domeka denean, Markina eta Xemeingo ordezkariek makila aldaketa egitea, Arretxinagako zubian”. Bi taldeak banatuta abiatuko dira zubiraino; alde batetik, Markina-Xemeingo udaleko ordezkariak eta bestetik, Xemeingo Batzordearen ordezkariak. Markinako ordezkariekin batera joango dira Zerutxoak eta txistulariak eta, aurten lehenengoz, genero bereizketarik gabeko ibilbidea egingo dute: “Lehenengoz egingo dugu gizonak eta emakumeak elkarrekin”. Xemeingo ordezkariak, berriz, erraldoiekin eta gaiteroekin aterako dira. Bi taldeak zubira iristean, laguntzaile guztiek ezpatekin zubi bat egingo diete, makila trukaketa egiteko. 

Ume eta nagusien artean 100 bat dantzari ditu taldeak; horrez gain, duela bi urte “lehen dantzan aritutako emakumeen taldea” berreskuratu zuten: “Taldeak osasun ona du”. Mutiletan  “gabezia” igartzen badute ere, Zerutxuk “aurrera jarraituko duen itxura” du, eta urte askotan jarraituko dute San Migel eguna dantzaz betetzen. 

Dokumentuaren akzioak