Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ohiko munduko dantza eta musikak bilduta Dantz''Hadi jaialdian

Dokumentuaren akzioak

Ohiko munduko dantza eta musikak bilduta Dantz''Hadi jaialdian

Egilea
Ainize Butron
Komunikabidea
Gara
Tokia
Basusarri
Mota
Albistea
Data
2001/07/12

«Maryline Simon Atlantikoko itsas hegietatik eta Daniel Mandrille Okzitaniako haranen barnetik, ohiko dantzen eta musikaren laguntasun bide luzearen adierazleak dira. Beren emanaldien bidez, guk Dantz''Hadi jaialdiarekin dugun bezala, trasmisioaren borondate bera erakusten dute», adierazi zuten Xirimola elkarteko arduradunek Dantz''Hadi jaialdiko egitarau zehatzean sartu aitzin. Bestetik, joan den astelehenetik Okzitaniako dantza hauek lekuko dantzariei erakusteko tailerrak antolatuak dituztela nabarmendu zuen.

Hiru gaualditan banatua

Astelehenaz geroztik azken gaualdia prestatzeko tailerrak egiten ari badira ere, jaialdia berez gaur hasiko da arratsaldeko seiak eta erdietan Basusarriko plazan.



Maryline Simon eta Daniel Mandrillek abiatuko dute ohiko dantzaren hastapenetako tailerrekin jaialdia, eta, ondotik, zortziak eta erdietatik goiti, gazteei eskainia den gaualdia ospatuko dute. Gazteek euskal dantzekiko duten atxikimendua adierazteko antolatua den gaualdi berezi honetan hiru talde izango dira nagusi.

«Musika balada bat Ainarak taldearekin Euskal Herrian hasi eta Simone Bottassorekin Italian bukatuko dugu. Azkenik, gaualdia bururatzeko, Gaskoniako giroan murgilduko gara Gatermine taldearekin. Dantza eta musika talde hauek Dantz''Hadi jaialdiaren giroan sartzera gomitatzen gaituzte beren gaztetasunarekin», berretsi zuten antolatzaileek.



Lehen eguna gazteei egokitua bada ere, denei irekia izanen da. Bihar, jaialdiak berriz ere arratsaldeko seiak eta erdietan irekiko ditu ateak. Aitzineko egunean bezala, jaialdia Okzitaniako dantzei buruzko tailerrekin hasiko dira. Zortziak eta erdietan, berriz, Patxi eta Batbiru, Tapia eta Casimir Patomski eta Rossinhol taldeak agertuko dira.



«Joan den urtean egin zuten bezala, aurten Casimir eta Tapiak Kebek, Ingalaterra eta Ameriketako hainbat kontradantza joko dituzte. Le Rossinhol italo-okzitaniar taldeak berriz gigue, batelli eta rigodonen erritmoak joko dituzte», gaineratu zuten.



Azken egunean, larunbatean, Caroline eta Mixel Ducau, Le Rossinhol eta Gau Bete taldeak izanen dira gaualdia zortzietatik goiti animatzeko. Bertan, hain zuzen ere, aste osoan tailerretan ikasitako dantzak praktikatzeko aukera ukanen dute ikasleek.

Dokumentuaren akzioak