Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Obsesioen irudikapena

Dokumentuaren akzioak

Obsesioen irudikapena

‘Nighttown’

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Mota
Kritika
Data
2001/12/18

Pasa berri den igandeko ekitaldiarekin amaitu da aurtengo Dantzaldia, eta, espero zitekeen moduan, guztiz eragingarria izan da Hans Hof Ensemble konpainiak eskainitako lana.



Izenak berak adierazten duenez, konpainia baino gehiago kolektibo izaera dauka Amsterdamgo talde honek, eta kutsu alternatiboa azpimarratzearren-edo beren teknikarietako baten izena (Hans Hof-ena alegia) eman diote taldeari.



Zorionez, baina, Europan izaera alternatiboa ez doa halabeharrez lotuta lan funtsik gabeekin edota emaitza artistiko kaskarrekin. Ildo horretatik, ohiko ikuskizunetako eskema guztiak apurtzen saiatu dira Hans Hof Ensemblekoek zorroztasun maila itzelari uneoro eutsiz.



Armairu, ohe, mahai eta besaulki mugikorrak



Hasteko eta behin, ez dira batere ohikoak dantza ikuskizunetan eszenografia konplikatuak, eta normalean zenbat eta elementu gehiago agertu orduan eta interes gutxiagokoa da dantza bera. Kasu honetan, aldiz, guztiz kontrakoa gertatu da, Euskalduna Jauregiko eszenatokiak Emausko traperoen biltegi nagusia baitzirudien.



Baina armairuak, oheak, mahaiak, besaulkiak eta sukaldeak mugikorrak dira (nork esan du, ba, altzariek finkoak izan behar dutela?) eta etengabe doaz leku batetik bestera, multzoak, piramideak eta dorre ezegonkorrak eratuz dantzarien mugimenduek eramanda. Altzari miresgarriok pertsonaien babesleku, ezkutaleku edota amildegi bihurtu daitezke une batetik bestera, eta haien artean piano pare bat ere badira, pianista bera dantzarien rol eta patu berberetik igaroko baita.



Eguneroko keinuak deskodifikatu



Emanaldian zehar denetarik gertatzen da, baina dena aldrebestuta ikusten dugu: armairuen barruan jendea gordetzen da moketa saltzaile batek aurrean duen edonori bere diskurtsoa botatzen dion bitartean; ogi txigortua eta kafea prestatzen dute, baina dantzari batek kafetera gainean jartzen da kukubilko eta kafea nahi duenak handik kendu behar du; halako batean, gitarra bat hartu eta flamenko pasarte bat irudikatzen digute, eta beranduago pianoa desmuntatzeari ekiten diote, jarraian larru gorritan uzteko pianista gizagaixoa.



Egia esan, batzuetan ez dakigu goi mailako umore emanaldi batean ote gauden, anabasak sortutako egoerak eta keinuen deskodifikatze ariketak direla medio, baina dena den, uneoro azaleratzen dira taldekide guztien prestakuntza itzela eta koordinazio zehatz-zehatza. Ekintza frenetikozko pasarteak bat-bateko geldiune batek eten ahal ditu, eta gauzak aldi berean gertatzen dira eszenako bazter guztietan, eguneroko katastrofe txikiak edertasun hutsezko pasarteekin uztartuz eta mugimendua, argia, dramaturgia eta musika ezin hobetu erabiliz gizakiaren obsesio intimoenak irudikatzeko.

Dokumentuaren akzioak