Dokumentuaren akzioak
Nureieven oinetara
Dantzariaren heriotzaren 10. urteurrena
Milango La Scalan agertu zen Rudolf Nureiev Loti Ederra dantzatzen, joan den abenduaren 19an. Bertsio nahiko hertsia bazen ere, haren dantza estiloak eta gaitasunak jan zituen koreografiaren itzalak. Bideo emanaldia zen hura, egun munduan diren dantzari onenetakoek antolatutako jaialdiaren hasiera hunkigarria. Nureiev handia omentzen Milan izan da lehena, eta ondoren etorriko dira Vienako, Londresko, Parisko eta Berlingo balet nagusien emanaldiak. Haren heriotzaren urteurrena gogoan, sortu zituen koreografia onenak dantzatuko dituzte egungo izar handienetakoek; bihar beteko dira hamar urte hiesak jota hil zela.
Loti ederra , Intxaur kraskagailua, Apollo, Romeo eta Julieta eta beste klasiko asko dantzatu zituen Nureievek, eta hamaika koreografia egin eta zuzendu, sinfonia eta literatura klasikoen gainean ia beti, baina hark dantzaz zuen ikuskera bereziarekin. Dantza moldeak eraldatu zituen, balet klasikoan gizonak zuen egitekoari protagonismoa emanez. Gizonek, emakumeek bezalaxe, edertasun handia erakusteko gaitasuna dutela baieztatzeko gauza anitz egin zituen, tartean, ikusleak gustuko ez zituenak.
Nureievek Royal Balletekin dantzatu zuen lehen aldian, Giselle obran, ikusleak ez zituen begi onez ikusi hark egindako aldaketak; femeninoegia zela iritzi zioten, baina dantzari ezagunen onespena jaso zuen. Ashton koreografo ezagunak esan zuenez, «alferrikakoa eta astakeria da Nureiev eskoletara egokitzen saiatzea, gutxik duten dantza askatasuna moztea». Ashtone ez ezik, beste koreografo askok egin zituzten koreografiak propio Nureieventzat, besteak beste, Balantxine, Maurice Bejartek, Rudi van Dantzigek, Flemming Flindtek, Martha Grahamek eta Roland Petitek.
Mitoaren oroitzapena
Eragin zituen eskandaluak ahaztuta, mitoaren oroitzapena soilik geratu dela uste du Damian Muñoz dantzariak. «Dantzaren sinbolo bat» bilakatu da. «Ez dio axola hilik edo bizirik dagoen. Hilezkorra da, ikono bat, dantza zigilu bat». Dantzatzen zuen garaian bazterrak harrotu zituen arren, «inoiz dantzara gerturatu ez zena erakartzeko moduko indarra» zuela azpimarratu du Muñozek.
Mundu zabalean egindako emanaldien artean, gertu egokitzen zirenetara joan izan dira euskal dantzariak Nureiev ikustera. Ongi gogoan du haren dantza egiteko modua Mentxu Medelek, dantzari ohi eta irakasleak. «Santanderrera joan ginen haren atzetik. Dantza egiten hasi aurretik bere itxura hutsak erakarri gintuen, agertokian jartzeko moduak. Bazuen gutxik duten karisma hori. Gauza askorekin apurtu zuen, eta haren irakaspenak erabiltzen jarraitzen dugu. Berarengandik ikasia dugu dantzan ez dela soilik teknika beharrezkoa, berezkotasuna behar dela, nortasuna».
Teknika gainditzen zuten forma lortzeko, berriz, lan handia egin zuen Nureievek, nekaezina baitzen. Mutil askori gertatu bezala, Rudolf Nureievek ez zituen denak aldeko izan. Tren batean jaio zen, 1938ko martxoaren 17an, Siberia hotzaren erdian, ama zuen Farida Nureieva lau alabarekin aitarengana zihoala aita Sobiet Batasuneko Armadan zegoen. Familia txiro batean jaiotakoak amaren eskutik ikusi zuen, 1945ean, lehen balet emanaldia. Cranesko baleta ikustera eraman zuen, eta Zaituna Nazretdinova dantzan ikusi bezain laster aitortu zion amari dantzari izateko erabakia. Aitak, berriz, ez zuen inoiz onartu seme bakarra dantzari izatea; sekula ez zuten harremanik izan.
Puxkin txundituta utzi zuen gaztea
Eskolan egin zituen lehen urratsak, folklorean, eta Anna Udeltsova irakaslea ikusi bezain laster txoratu zen ume harekin. Hark lehen balet urratsak irakatsi ostean, irakaslez irakasle ibili zen Nureiev, gero eta esku adituagoetatik igaroz. Leningradoko eskolan hartu zuten, eta ondoren, Alexander Puxkinekin hasi zen ikasten. Hasieran ez zion jaramon handirik egin maisuak, diziplinarik gabeko gaztea zela jakitun. Baina ez zen Nureiev oharkabean igarotzekoa, eta Puxkin txunditzeko moduko erakustaldiak egin zituen. Kirov eta Bolxoi baletetako ateak zabaldu zizkion Puxkinek.
1961ean egin zuen Nureievek Parisera lehen irteera Kirovekin, baina lehen egunetik arazoak izan zituen zaindari zituen armadako kideekin. Konpainiak Londresera bidea hartu behar zuenean, Errusiara itzultzeko agindua jaso zuen. Nureievek asiloa eskatu zuen Parisen, eta ez zen urte asko geroago arte Errusiara itzuli, betiere bisitan.
1977an, Royal Balleteko zuzendari lana eskaini zioten, baina nahiago izan zuen dantzan jarraitu. 1983an, berriz, Parisko Operako eskaintzari baiezkoa eman zion, eta han izan zen zuzendari eta koreografo 1993an hil zen arte. Munduko balet onenek gonbidatuta, proiektu asko sortu zituen denbora horretan, eta hil arte geratu gabe aritu zen lanean.
DAMIAN MUÑOZ Dantzaria
«Dantzaren sinbolo bat bilakatu da. Ez dio axola hilik edo bizirik dagoen. Hilezkorra da, ikono bat, dantza zigilu bat»
MENTXU MEDEL Dantzari ohia eta irakaslea
«Harengandik ikasia dugu dantzan ez dela soilik teknika beharrezkoa, berezkotasuna behar dela, nortasuna»
Dokumentuaren akzioak