Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Nortasunaren erakusgarri

Dokumentuaren akzioak

Nortasunaren erakusgarri

Herri baten izaeraren eta gizartea antolatzeko moduaren isla da haren folklorea. Dantzaz eta musikaz harago doazen alderdiak hartzen ditu barnean. Alde horiei heltzeko asmoz antolatu du Barakaldoko Ibarra-Kaldu kultur elkarteak, beste urtebetez, Herrien Arteko Folklore Jaialdia. Aurten 22. aldia dute, eta gero eta helburu handiagoak dituzte. Hala azaldu du Aitor Gorostiza Ibarra-Kalduko kide eta musikariak: “Folklorearen barruan herri ipuingintza, herri literatura, ahozko literatura, erlijio sinesmenak eta mitoenak eta gizartea antolatzeko eta erritualizatzeko moduak daude. Nahi genituzke apurka gure jaialdian ekitaldi gehiago jaso, kulturaren alderdi zabal horiek sartu ahal izateko”.
Egilea
Natalia Salazar Orbe
Komunikabidea
Bizkaiko Hitza
Mota
Albistea
Data
2018/11/30
Lotura
Bizkaiko Hitza

Horretarako bidea abiatu dute. Jaialdiari hasiera emateko, argazki erakusketa zabaldu zuten astelehenean. Eurenean parte hartuko duten taldeak gertuagotik ezagutzeko aukera emango du horrek. Baita jaialdia Barakaldo antzokitik herrira zabaltzekoa ere, Clara Campoamor kultur etxean baitago ikusgai.

Nortasunaren erakusgarri

Dantza eta musika arloak uztartuko dituzten taldeak gonbidatu dituzte jaialdira. Musika Egunaren eta Dantza Egunaren barruan egingo dituzte ekitaldi nagusiak datorren astean. Lehenago, ordea, izango da bestelako jarduerarik. Hain zuzen, bertso afaria egingo dute gaur, Onintza Enbeita eta Igor Elortzarekin.

Bertsolaritzari garrantzi berezia ematen dio jaialdiak, aparteko lekua eskainita: “Bertsolariek aurkezle lanak egingo dituzte ekitaldi nagusietan”. Bertsolaritza herri osora zabaltzeko helburua dago horren atzean. “Ez dugu nahi bertsozaleek bakarrik izatea harremana bertsolaritzarekin. Gure ekitaldietara euskaraz ez dakien jendea ere etortzen da, eta bertsolaritzara hurbiltzeko inolako pausorik eman ez duena. Hala, bertsolarien lana hurbildu nahi diegu, jendeak ikus dezan bertsoek komunikatzeko balio dutela; alegia, ez dela kontu sinboliko bat pertsona bat bertsotan aritzea agertoki gainean”.

Herrien Arteko Folklore Jaialdiaren ezaugarrietako bat da lekua egiten diela estaturik ez duten edo hainbat estatutan sakabanatuta dauden herriei. Horren adibide da Juravca abesbatza. Emakume errusiar lipobenoek osatuta dago. “Errusiar jatorriko etnia bat da. Errumanian kokatu zen XVII. mendean. Errusiatik ihes egin behar izan zuten. Izan ere, erlijio erreforma bat gertatu zen garai hartan, eta errusiar lipobenoak erreformaren aurkakoak ziren. Jazarpen erlijioso handia pairatu zuten, eta alde egin behar izan zuten. Gehienek Errumaniara jo zuten, Moldavia aldera”. Zornotzan komunitate handia osatu dute. Bertako ordezkariak izango dira jaialdian, datorren ostiralean. “Ikusezin bihurtu dituzten gutxiengo etniko horiek jendeak ikus eta ezagut ditzan nahi dugu”, azaldu du Goroztizak.

Musikari eskainitako egun horren barruan, guztiz bestelako ikuskizun bat egingo du Residence Irish Band taldeak. Folk musika emanaldiak egiteko topaketa bihurtu da taldea, Bilbon. Irlanda, Eskozia eta Ingalaterrako herritarrak hasi ziren elkartzen, euren doinuak jotzeko asmoz. Algortan egin zituen hastapenak egitasmoak, 1990eko hamarkadan; Barakaldora pasatu zen ostean, eta, orain, Bilbon elkartzen da taldetxo bat, asteazkenero. Garapen horren lekuko izan den Mike Murphy irlandar jatorriko musikaria eta beste hainbat lagun ariko dira Barakaldoko saioan.

Bestalde, Dantza Eguna egingo dute bihar zortzi, larunbatarekin. Asturias eta Errioxako taldeak (Espainia) gonbidatu ditu Ibarra-Kalduk. Asturiasko Lugones herritik iritsiko da La Sidrina taldea. “Dantzariak eta musika taldea dituzte, gaita, akordeoi, perkusio eta abeslariz osatuta”. Beste taldea Grupo de Danzas Villa de Briones izenekoa da. “Euren dantzek harreman handia dute Arabako Errioxako eta Nafarroako Erriberako dantzekin”. Makil dantzen erakustaldia egingo dute. 1561. urte inguruan sortu zen taldea. “Urte horrez geroztik egin dituzten dantzak ekarriko dizkigute”.

Ibarra-Kaldu talde anfitrioiak ere egingo du erakustaldia. Musika eta dantza egunetan parte hartuko du. Lehenengoan, jaialdirako propio prestatutako errepertorioa interpretatuko dute. Dantza Egunean, berriz, bi ataletan banatuko dute euren emanaldia. Lehenengoan, Nafarroako Cortes herriko dantzak egingo dituzte. “Bigarren zatian muntaketa berezi bat egingo dugu, jotaren eta fandangoaren gainean”.

Jota eta fandango “lizunak”

Oso dantza interesgarritzat jo ditu bi horiek Aitor Gorostizak. Edozein herritako festa eta erromerietan ohikoak badira ere, kanpotik ekarritakoak direla gogorarazi Ibarra-Kalduko kideak. Ez dago oso argi Andaluzian, Valentzian, Hego Amerikan edo Errenazimentu garaiko doinuetan duten jatorria. Baina Euskal Herrian oso bilakaera bitxia izan zuten: “Garai batean, elizak eta hainbat sektore garbizalek gaitzetsi egin zituzten, kanpokoak zirelako, batetik, eta lizunak zirelako, bestetik. Izan ere, bikoteen arteko kontaktu estua ahalbidetzen zuten. Ohituta gaude lehiaketetako fandangoak eta jotak ikustera. Oso akrobatikoak dira. Lehenago bestelakoak ziren, ordea. Herri txikietan oraindik ikusten dira era horretako jota sentsualagoak”.

Jaialdia Barakaldotik harago ere zabaltzen dute urtero. Aurten, Igorrera iritsiko dira Barakaldora gonbidatu dituzten taldeak. “Bilbo inguruan dugun kultura eskaintza ugaria hiritik urrun dauden eremuetara hedatzeko helburua du Kanpoko Egun honek”. Arantzarte Igorreko taldea ariko da han, “tokiko taldeak indartzeko dugun asmoa bermatzeko”.

Egitaraua
Herriak eta haien folklorea ezagutzeko hainbat jarduera prestatu dituzte Barakaldon.

Gaur
20:00. Bertso poteoa.
22:00. Bertso afaria, Onintza Enbeita eta Igor Elortzarekin, Ibarra-Kaldu elkartean. Kilika bertso eskolak antolatuta.

Abenduak 7, ostirala
19:30. Musikaren Egunaren barruan, talde hauek ariko dira Barakaldo antzokian: Juravca, Residence Irish Band eta Ibarra-Kaldu taldeko musikariak. Lutxanako dultzaina eskolako kideek girotuko dute ikuskizunerako sarrera.

Abenduak 8, larunbata
19:30. Dantza Egunaren barruan, talde hauen emanaldiak hartuko ditu Barakaldo antzokiak: La Sidrina, Grupo de Danzas de Villa de Briones eta Ibarra-Kaldu. Eguraldia lagun bada, ordu erdi lehenago kalejira egingo dute denek. Ezustekoak ere izango dira, Laguntasuna Barakaldoko dantza taldearen eskutik.

Abenduaren 10era arte
Goizez eta arratsaldez. Taldeen argazki erakusketa Clara Campoamor kultur etxean.

Igorren
Abenduak 9, igandea
13:00. La Sidrina eta Grupo de Danzas de Briones, bertako Arantzarte taldearekin batera.

Dokumentuaren akzioak