Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Nortasun zatitua

Dokumentuaren akzioak

Nortasun zatitua

Kritika, dantza

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Mota
Kritika
Data
2002/10/29

Bilbo Antzerki Dantza jaialdiaren IV. edizioa zabaltzeko ohorea Bartzelonako Lapsus dantza taldeari egokitu zaio, In situ izeneko piezarekin. Zaletuek gogoratuko zutenez, Bilbora ekarritako beren aurreko lana Zoom izenekoa izan zen, eta orduan utzitako inpresio ezin hobeak bultzatu ninduen oraingo proposamena «ezinbestekotzat» markatzera nire ikuskizunetarako agenda gainzamatuan.



Dena den, Zoom ikuskizun hura zeharo ezberdina zen oraingoarekin alderatuta, beharbada elementu eszenikoen presentziarengatik, baina beste ezeren gainetik atalik gabeko pieza zelako. Zatidurarik gabea.



Aukera honetan, ordea, atalka aurkezten digu Alexis Eupierrek nortasunari buruzko bere lana, haren ustez pertsona baten izaera hainbat eragilek osatzen dutelako. Ondo da, eta ados nago, baina horrela aurkeztea egungo gizarteak izaten duen akats berbera errepikatzea da, hau da, pertsona konpartimendu isolatuez osaturiko multzotzat hartzea, eta ez bere globaltasunean.



Prestakuntza bikaina



Egitura zatitu horrek nolabaiteko eragozpena da dantzak gugan bete-betean jotzeko, baina hasierako pasarte latzak gainditzen baditugu, laster harrapatuko gaituzte dantzarien prestakuntza fisiko itzelak eta kontzesiorik gabeko estetikak. Bartzelonako hiru DJk sortutako musika elektronikoak lagunduta, ederki aritzen dira emakumea eta hiru gizonak (haietariko bat Eneko Alcaraz bilbotarra, bide batez esanda).



Atal gehienei umore subliminal fin-fina darie, dela berbalditik bertatik, dela mugimendutik, dela egoera tratatzeko ikuspegitik. Esate baterako, oso interesgarria da dantzari batek beste bati esatea «Ukitu nazazu» eta aldi berean lagun hori distantzia gaindiezinean egotera behartzea. Oso erakargarritzat jotzen dut ere bai oreka zaileko jarrerak bilatzeko zaletasuna —edonoren nortasunean gertatu ohi den moduan— eta are nabarmenagoa deritzot jarrera ezegonkor horietan geratzeko joerari.



Kontrasteen ildotik jarraitzeko, ezin hobeak dira interprete maskulino batek bakarlari gisa dantzatutako konga, pornoaren berrikuspen komikoa edota keinu berberarekin burutu daitezkeen egintza kontrajarriak (besteak, lepotik helduz, lurrera botatzea ala suabeki eramatea, adibidez).



Amaitu osteko debatean guztiz esanguratsua iruditu zitzaidan gizon heldu batek esandakoa: «Lehenengo aldiz etorri naiz dantza garaikidea ikustera eta erraiak oraindik ere ditut aldrebestuta. Hunkitu egin nauzue, lagunok!».

Dokumentuaren akzioak