Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Nortasun propioa lortu duen dantza taldea

Dokumentuaren akzioak

Nortasun propioa lortu duen dantza taldea

Komunikabidea
Anboto.org
Mota
Erreportajea
Data
2004/05/20

Herri txikietan sortu ohi diren arazo guztiei aurre egin eta beren nortasun propioa garatu du Garaiko Dantza Taldeak; eta horren adibide ugari daude.



Lehena eta kuriosoena beharbada Santa Ana egunean dantza taldeko andra ezkonduek egiten dutena. Herritik kanpora gizonezkoak bakarrik joan ibili ohi dira, baina herriko ohiturei eutsi nahian garaitarrek Ezkonduen Eguna deitzen duten egunekoa mantendu egiten da oraindik: “Aurrezkua dantzatzen dugu andra ezkonduok eta gizon ezkonduak dantzari ateratzen ditugu”, dio dantza taldeko kide Mari Karmen Jakak. Garain bakarrik egiten den dantza mota da.



Noiz sortu zen ez dago zehaztuta, baina ez da atzoko kontua: “Nire amak esaten du beraiek ere egiten zutela eta baita beren aurretikoek ere”. Alderantziz ere egin ohi zen, hots, gizon ezkonduek aurrezkua dantzatu eta emakume ezkonduak dantzara atera. Hala ere, azken ohitura hori galdu egin da. “Ohitura polita da, baina askotan gizonak dantzara ateratzea kosta egiten zaigu, lotsatu edo egiten dira”, dio Jakak.



Prozesio egunekoa

Gaur egun, Prozesio egunean txistulariek San Inazio martxa jotzen dute. Lehen ordea, beste martxa bat egon zen: Santiago martxa. “Patxikoren dinastiakoak ziren martxa hori jotzen zutenak. Hipolito deitzen zen aita eta honek Serafin semeari erakutsi zion. Burutik jotzen zuten eta Durangaldeko txistulariren batek Santiago martxaren partitura omen daukala entzuna dugun arren, oraindik, ez dugu ezer garbirik lortu”, azaltzen du Jabier Etxeita dantza taldeko kideak. San Inazio egunean egin ohi zen Txingoak dantzarekin ere antzerako zerbait gertatzen da. Lehenik Valentin Zubiaurre margolariaren zelaietan dantzan egiten zen. Ondoren, lunch bat ematen zen plazara jeitsi aurretik. Eta azkenik Txingoak dantza egiten zen makilen laguntzaz. Makilak elkarren kontra gogor jotzen omen zituzten, ia hautsi arte. “Gaur egungo, Eskasak dantzaren antzerakoa omen zen, baina ez dugu agiririk lortu”. Bestelakoa da Gernikako Arbola dantzaren historia. Hau ere Garaiko dantza da, baina gaur egun ere egiten dena: “Prosezio egunean egiten da eta erlijioari lotuta dagoenez beste egunetan egiteak ez luke zentzu handirik edukiko”. Iaz Basaurin izan ziren bai emakumeak, bai gizonezkoak beren dantza bereziak erakusten: “Guk gure aurrezkua dantzatu genuen eta gizonek beste hainbaten artean Gernikako Arbola dantzatu zuten. Beste herrietako dantzak ere ikusi genituen eta oso esperientzia aberasgarria izan zen”, dio Jakak.



Etorkizunari begira

Gaur egun dantzari gutxi dago Garain eta“etorkizuna murrizturik dago”, Etxeitaren aburuz. Hala ere, geroari begira gogor eta ilusioarekin ari dira lanean: “Ander Salazar eta Ane Yunkera gaztetxoei dantzan erakusten ari dira eta lan aipagarria egiten dute”. Gaztetxoen artean gehienak neskatoak dira. Lehen dantzan ibilitako gazteekin eta atzetik datozenekin talde “polita” osatu daitekela uste du Etxeitak. Hori horrela izan dadin lanean dabiltza.

Dokumentuaren akzioak