Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Norena da copyrighta?

Dokumentuaren akzioak

Norena da copyrighta?

Joaldunak

Egilea
Unai Brea
Komunikabidea
Argia
Mota
Erreportajea
Data
2010/01/29

Inauteriak urtez urte egutegian egiten dituen jauziei kasu handirik egin gabe, Ituren eta Zubietan urtarrilaren azken igandea daukate ezarrita ospakizun horren mugarri: data horren osteko lehen astelehenean eta asteartean ospatzen dituzte aratusteak. Aurten, otsailaren 1ean eta 2an. Astelehenez zubietar joaldunak Iturenera, biharamunean alderantziz; bisita egileak, bide erdian, Iturengo Aurtitz auzokoekin elkartuko dira, hiru baitira joaldun taldeak, ez bi.

Astelehen-asteartez lanaren kateari ihes egitea erraza ez den arren, joareen burrunba bertatik bertara entzun nahi duten Euskal Herri osoko jendeez beteko dira Malerrekako bi herri ospetsuak egun horietan. Pribilejio hori ez daukatenentzat bada beste aukerarik: lauzpabost hamarkada dira Aurtitz, Ituren eta Zubietako joaldunek –talde bakoitzak bere aldetik– beren herritik kanpo ere jotzen dutela. Baina diotenez, aspaldi honetan, azken hamar urteetan jo dezagun, ez diete hain sarritan deitzen.

Arrazoia sinplea da: lehiakide mordoa dute. Errolda zehatzik egin ez bada ere, esan daiteke gutxi gorabehera 30 joaldun talde dagoela gaur egun Euskal Herrian; Zuberoan izan ezik herrialde guztietan aurkitu daiteke baten bat. Erdia baino gehiago, Nafarroan.

Iturendar eta zubietarrak ez daude gustura egoera horrekin. Duela hogeiren bat urte lehenbiziko taldeak sortu zirelarik Iruñerrian, ez ziren biziki kezkatu. Orain, berriz, ibaiko urak gainezka egin duela uste dute. Hala adierazi digute Zubietako ostatuan egindako elkarrizketan. Bi iturendar eta aurtiztar eta zubietar bana aritu dira gurekin solasean.

Ikusi, gustatu... eta kopiatu

Boom-a duela hamar urte inguru gertatu zela dio Pello Santesteban Zubietako joaldunak. “Herriz herri ibiltzen ginelarik, bertakoek ikusten gintuzten eta nonbait, kopiatzeko gogoa sortu zitzaion askori. Etorri nahi izaten zuten, hemen ikasi...”. Zubietan hartu izan dute talderen bat zerbait irakasteko asmoz, Aurtitzen ere egin izan da saiorik, baina ikasi, inork ez duela benetan ikasi diote bai Santestebanek bai Karmelo Aioroa aurtiztarrak. Iturengo Pello Ariztegik, aldiz, azpimarratzen du beren herrian sekula ez zaiola inori irakatsi, eskariak jaso dituzten arren. Jarrera hori da gaur egun hiru herrietan indarrean dagoena: kanpoko inori ez irakastea. Izan ere, aspaldian inork ez die eskatu. Agian boom-aren aparra behera doalako eta jadanik inork ez duelako ikasteko grinarik, agian balizko eskatzaileak badakielako ezezkoa jasoko duela.

Nola edo hala ikasiko zuten, hala ere, sortu diren talde horiek. Berangoko (Bizkaia) Jon Zelaiak diosku, esaterako, berak eta bere taldeko zenbait kidek Zubietan ikasi zutela joareak nola lotu eta nola jo, bertara bi aldiz joanda, duela hamarren bat urte. Pello Santestebanek ez du hori gogoan, baina edozein kasutan, salbuespena da berangotarrena. Talde gehienek beren herrietan ikasi dute. Beteranoenek, denak Iruñea ingurukoak, bertan bizi ziren zubietar edo iturendarren eskutik. Gerora ere hala ikasi dute batzuek. Eta gainerakoek, dagoeneko zekitenek irakatsita.

Ikasi bai, baina fundamentu handirik gabe, iturendar eta zubietarren ustetan. Ez janzkeran, ez ibiltzeko eran... Bigarrenari erreparatzen diote batez ere. Beren herrietan haurrek oso txikitatik paratzen dituzte joareak, eta ibiltzen ikasi. Ez dago horretarako eskolarik, ez entsegu-aretorik, ez inolako antolamendurik. Transmisioa etxean egiten da, aitaren eskutik ez bada osabarenetik edo bestela auzoarengandik. Gero, errege bezperan, nahi duen oro ateratzen da joare jotzera. Kanpotik joandako jendeak ere atera izan dira, gorago aipatutako berangotarrak kasurako.

Kontuak kontu, iturendar eta zubietar joaldunen ibiltzeko erak txikitatik ikasteak ematen duen naturaltasuna nabarmendu dute gure solaskideek. Kanpoko taldeek ez dutena, bistan dena. “Guk hemen ia-ia oinez normal ibiliko bagina bezala ibiltzen gara joareekin”, azaldu digu Iturengo Javier Bereauk, “kanpoko taldeak, aldiz, kolpea jotzeaz baizik ez dira arduratzen, eta ez dira natural ibiltzen”. Erritmoan ere alde ederra dagoela dio Santestebanek. Alegia, kanpoko taldeek ez dutela lortzen kide guztiek kolpea aldi berean jotzea.

Kalitatea gorabehera, kantitatea da Ituren eta Zubietan kezka eragiten duena. Honezkero ez dute begi onez ikusten kanpoko hainbeste taldek joareak jotzea, ezta primeran egingo balute ere. “Joaldunak sinbolo bihurtu dira Euskal Herrian eta horrek eragin du hainbeste talde sortzea. Guretzat urguilua da hori, baina uste dugu azken urteetan gainez egin duela honek”, dio Javier Bereauk. Jarrera hori ulertzeko, mugarri bat aipatu behar da ezinbestean: Euskal Herriko Joaldunen Biltzarraren sorrera, non ez dauden ez iturendar ez zubietarrak.

Hamarkada bateko ibilbidea

Joaldunen Biltzarraren hazia Iruñean erein zen duela hamarren bat urte, Alberto Jurado atarrabiarrak, sortzaileetako batek, gogoratzen duenez: “Ez naiz oroitzen zer ospakizunetan giroa emateko deitu ziguten Iruñerriko hiru talderi. Oso gustura ibili ginen eta erabaki genuen urtero elkartzea joareak jotzeko”. Pixkanaka beste talde batzuekin harremanean jarri ziren, eta Biltzarra sortu zuten, urtean behineko topaketa egiteko xede bakarrarekin. Halaxe segitzen dute, urtero herri batean eginez, eta honezkero Euskal Herri osoko taldeak elkartzea lortu dute. Aurten Irurtzunen dute hitzordua, heldu den martxoaren 19an, eta 25 talde inguru egotea espero dute.

Zubietarrak eta iturendarrak ere gonbidatu zituzten, baina haiek uko egin zioten Biltzarrean sartzeari. Pello Santestebanek ez du orduan egin bileren oroitzapen goxorik: “Egiten badute, egin dezatela, baina errespetuz, eta guk ez genuen hori sumatu. Gu izan gara ohitura honi eutsi diogunak. Beste herrietan joaldunak izan badira, izan diren bezala, galdu dira. Oraingo talde guzti horiek gure inguruan sortu dira, eta errespetua eskatzen diegu: ez dezatela sortu elkarte bat, Euskal Herriko joaldunen elkartea direla esanez, eta gero gu hor sartzen saiatu. Beraiek ez zuten interesik elkartea gure inguruan osatzeko, gu beraien barrenean sartzeko baizik”.

Ondorioz, behar luketen errekonozimendua ukatzen zaiela uste dute Ituren, Aurtitz eta Zubietako joaldunek. “Orain itxura du leku guztietan zeudela joaldunak, eta guk aldarrikatu nahi duguna da ez dela ahaztu behar hemendik zabaldu dela ohitura hori, hemendik heldu dela”. Esandako horrekin ez dator bat, ordea, Alberto Jurado: “Guk, bere momentuan, eskaini genien beraiek izatea beti kalejirako burua, aitortzeko beraiek izan direla ohitura honen gordetzaileak, ezen ez asmatzaileak, gauza jakina baita Nafarroa osoan izan direla joaldunak. Gainera, kritika egin ziguten ez genituelako gauza batzuk ongi egiten, janzkera aldetik eta abar, eta guk konpromisoa hartu genuen haiek esandakoa aintzat hartzeko. Baina ez zen nahikoa izan”.

Erantzuna, patentea

Gauzak horrela, Euskal Herriko Joaldunen Biltzarrak iturendar eta zubietar gabe jarraitu zuen bidea egiten, eta gaur egun ez dago alde bien arteko inolako harremanik. Esan daiteke, hori bai, orduko liskar haien ondorioz finkatu zela Malerrekakoek gaur duten jarrera. Besteak beste, hiru herrietan elkarte bana sortu zuten, ordura arte ez baitzuten, patente bat egiteko asmoz. Hala, “joaldunak” izena patentatu zuten, hala nola “zanpantzar”, okerra izanagatik joaldunak izendatzeko barra-barra hedatu den hitza, auskalo noren erruz. Patentatu zituzten, halaber, beren inauteriko pertsonaia batzuen irudia, joaldunena barne, baina irudia baizik ez. Joare jotzen leku batetik bestera joateko ohitura bera patentatzea ezinezkoa da, asmatzailea ezezaguna baita. Hala adierazi digute Nafarroako Jabetza Intelektualaren Erregistroan. Honenbestez, patenteek ez dute izan ondorio praktikorik, eta ez da hori ere Ituren eta Zubietakoen helburua. Besterik gabe memoriaren gordailua izatea nahi dute. Euskal Herrian joareekin dabiltzan beste taldeen ustez, baina, funtsik gabea da haien beldurra: ez dute inoren memoria usurpatzeko asmorik.

argazkia

Dantzan.com

Dokumentuaren akzioak