Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Norberarena den lekua okupatzen

Dokumentuaren akzioak

Norberarena den lekua okupatzen

Egun berezia izaten da Urrijena Iurretan. Aurtengoa, are gehiago, eta ez bakarrik ospakizun honegaz hasi zirenetik 25 urte bete direlako. Herriko dantzarien erakustaldi horretan, lehenengoz, andreek ere hartuko dute parte. Urriko lehen domekan ospatzen dute alardea. Aurtengoa etzi izango da, 11:30ean hasita, plazan. Nahiz eta urteetan dantzari ibili diren, orain arte inoiz ez dute jai honetan partu hartu Iurretako andreek. Aurten, kalejiran eta erakustaldian, bietan izango dira. "Denbora askoren ostean, naturaltasun osoz egin den prozesu baten ondorioz, gizonen pare ariko dira", Unai Esturo antolakuntza taldeko kidearen arabera.
Komunikabidea
Bizkaiko Hitza
Mota
Albistea
Data
2014/10/10
Lotura
Bizkaiko Hitza

Bereziki, gaur egun dantza taldea osatzen duten gazteek aldarrikatu izan dute emakumearen lekua. Esturok gogora ekarri duenez, iaz erabaki zuten gizonezkoek parte hartzen duten saio guztietan andrazkoek ere parte hartuko dutela. Eta erabaki hori hartu ondoren, Urrijena prestatzeko sasoia iritsi zitzaien iurretarrei. Orain artean alardea antolatzen zutenek iragarri zuten lan hori utzi egingo zutela norbait lekukoa hartzeko prest balego. Beraz, antolatzaile talde berriak prestatu du domekako saioa, lehengoen laguntzagaz.

Talde berrian sartu zirenek "garbi" zuten "orain arte mutilen eguna izan denak Iurretako dantzari guztiek parte hartzeko eguna izan behar zuela". Beraz, proposamen hori egin zuten, eta guztien aldetik babesa jaso dute.

Ez dute lan erraza izan emakume guztiekin harremanetan jartzeko. "Ez dakit zergatik, emakumeek lehenago uzten dute dantza taldea gizonek baino". Horretarako artxibo bat egiteari ekin diote. "Aurten, seguruenik, baten bat kanpoan utziko dugu; ez dugu lortuko denen izenak berreskuratzea eta guztiei sasoiz abisatzea", aitortu du Esturok. Edozelan ere, gogotsu daude, auzoetako dantza taldeetako andreek erantzun ona eman diotelako dantzatzeko gonbidapenari.

Emakume horietako askok ez du dantzarik egingo. Plazara andreen bederatzi talde aterako dira. "Askok kalejiran eta azken kantuan soilik hartuko dute parte. Pena da, baina dantza batzuk aukeratu behar genituen; ezin genituen nahi beste egin". 128 gizonek eta 72 emakumek egingo dute dantzan. Iurretako dantza gehienak mistoak direnez, aurreskua soilik egingo dute emakume hutsez osatutako taldeek.

Herritarren babesagaz

Urteetako etenaldi baten ostean, 1979. urtean, Iurretako gizonezko dantzariak elkartu eta Urrijena berreskuratu behar zutela erabaki zuten. "1989an lortu zen lehenengoz plazan kofradia guztietako dantzariak elkartzea. Mutilak ziren denak, nahiz eta taldeetan neskak ere bazebiltzan". Domekan beste itxura bat hartuko du herriko plazak.

Iurretak baino lehen beste herri batzuek eman dute pauso hori. Elorrion, berbarako, ez dute inongo arazorik izan tradizioak eguneratu eta berdintasunera bidean pausoak emateko. Joan den domekan Errebonbilo Eguna ospatu zuten. Arrosarioko Amaren egunean egiten den alardea da. Kalejiran atera ziren 15 eskopetarien artean, hiru emakumeak ziren. Mikel Mendizabal Errebonbilloen kapitainak gogora ekarri duenez, oraintsu hasi dira emakumeak ere tradizio zaharreko alarde horretan parte hartzen. "Duela zazpi urte inguru bi andra agertu ziren entseguetara. Parte hartzeko arazorik zegoen galdetu zuten, eta ezetz erantzun genien. Orduz geroztik, beti dago parte hartzen duen baten bat".

Emakumeei ez diete oztoporik jarri ez errebonbiloek eta ez herritarrek ere. Oraingoz, ez da andrazko kapitainik izan, baina ez dago horretarako oztoporik. "Kapitaina boluntario aurkezten da, ez dago aukeraketa egiteko araurik". Beraz, Mendizabal aspertu arte edo beste norbaitek bere burua aurkeztu arte, ez da aldaketarik izango.

Mundakan bestelako konponbidea eman diote. Aratusteetan gizonezkoen atorra kuadrillek domeka goizean herria hartu eta jai giroan murgiltzen dute. Ohitura noizkoa den ere ez dute gogoratzen. Duela 35 urte ingurutik, emakumeak lamina jantzita ateratzen dira arratsaldean. Atorrak kantuan goizez bakarrik aritzen zirela eta, arratsaldea girotzeko helburuagaz abiatu zuten proiektua orduko Gazte Zar elkarteak.

Begoña Gonzalez San Pedro Susik gogoratu duenez, "Mundakako andreek inoiz ez dute atorra janzteko asmorik agertu, txikitatik ikasitako ohitura halakoa delako". Dio herrian ez dagoela ator modura irtetzeko eskaerarik. Horregatik, andreek eta gizonek kalejira bana daukate.

Dokumentuaren akzioak