Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Nor ote lizuna? '(Ob)seen' koreografia Maitaldian

Dokumentuaren akzioak

Nor ote lizuna? '(Ob)seen' koreografia Maitaldian

Ikuspegi ezberdinak eta polemika piztu ditu Philippe Saireren lanaren Miarritzeko emanaldiak

Egilea
Nora Alberbide
Komunikabidea
Berria
Tokia
Miarritze
Mota
Kronika
Data
2003/09/18

Taula gainean, taulagain lauki ttipi bat jarria zuten. Orotara sei dantzari ziren. Musikarik ez zen. Publikoko jarlekuak kurrinka entzuten ziren noiztenka. Lehen dantzaria taulagain ttipira hurbildu da. Bizkarrez. Galtzak jaitsi eta ipurdia erakutsi du. Jarri da, beti bizkarrez, ipurdia agerian. Gisa horretako irudiak aldizkatzen dira. Ez dira dantzan ari. Ez da mugimendu artistikorik, arruntak baizik. Gaurko egunean mugimendurik eza ere dantza dela aldarrikatzen dute koregrafo zenbaitzuek, Saire barne. «Gorputza da mintzo, niretzat hori da dantza». Ez da fitsik erakutsia, dena iradokia da. Hala, hiru mutil taula gainera igotzen dira. Publikoari so eskua galtzaren azpira pasatzen dute eta zakila igurtzen hasten direla badirudi, ezer ageri ez bada ere. Bakarkako sexualitate horrek irauten duen bitartean, publikoa argitua dago. Inor ezin da gorde iluntasunaren anonimotasunean. Hiru mutil beren zaikilarekin ari dira, publikoan daudenak begira daude, eta argia hor dago, oroitarazteko begira daudela.



Norberaren intimoa gero eta gehiago erakutsia dela eta gero eta gehiago ikusi nahi dela: horretaz lan egin du koregrafoak. Bereziki reality show-en fenomenoarekin, horren arrakastarekin, nornahik bere intimoa, gorputza eta sexualitatea denen aitzinean barreiatzea normal, desiratu bilakatua da. Koregrafoak deitzen duen noragabe hori salatu nahi izan du ikusgarri horretan. Non ote dago lizuna? Begiratua dena? Begiratzen duena? Zer heinetaraino begira daiteke? Minutuak aitzinatzen doazela, publikoko zenbait salatik doaz. Bata atera da. Bost mintutu ez dira pasatu. Beste zenbait ere bai; asko, orotara. Zeren, funtsean, ez da beste munduko zerbait. Telebistan erakutsia zaigunaren ondoan arina dela erran daiteke. Baina hor dagoen publikoa ezin da telebistaren pantailaren gibelean gorde. Argitua da. Batzuek ateraztean atea azkarki hesten dute. Nonbait erakusteko haiek ez dituztela holakoak maite. Baina nork daki zer begiratzen duten beren telebistaren gibeleanÉ



Beste mutiko bat taula gainera doa biluzik. Zutik da, ipurdia publikoari erakusten dio. Fuck me idatzia duen pankarta zintzilik du lepotik. Irriak entzuten dira. Nerbioen irriak. Mutila oihuka hasi da: «Fuck me! Fuck me!». Ipurdiaren mazelak zabaltzen ditu, ipurdi zuloa ontsa agerian utzirik. Oihuka segitu du. Azkenean isildu da. «Fuck you!» du azken garrasia. Lekutu da.



Bigarren zatia musikarekin hasi da. Musika garaikidea hori ere. Taula gaina osoa argi zuri batek estaltzen du. Udako eguerdiko eguzkiaren gisako argia. Bortitza. Mugimendua sortzen da. Baina dantzariak ez dabiltza arin-arin hegalak balituzte bezala. Beti erortzen dira. Gorputzaren pisua sentitzen da, entzuten da. Dantzarien gorputzak elkarri kaskatzen dira. Noiztenka batak beste manipulatzen du, objektu bat balitz bezala, askatasunik ez balitz bezala. Gorputzak sufritzen du. Eta ageri da. Telebista horretan ageri ez den sufrimendua, beharbada.

Dokumentuaren akzioak