Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Nor ote da normala?

Dokumentuaren akzioak

Nor ote da normala?

'Janeten titia'

Zuzendaritza eta koreografia (dantzarien parte hartzearekin): Asier Zabaleta. Musika: Jhana Beat. Eszenografia: Asier Zabaleta, Pello Artola. Argiak: Junki Mayo. Jantziak: Asier Zabaleta, Klara Artola. Dantzariak: Maria Andres, Thiago Luiz Almeida, Caio Henrique de Souza, Denis Martinez. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Urriak 20.
Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2018/10/23
Lotura
Berria
Janet Jackson artista eszeniko estatubatuarrak bular bat emanaldi batean erakutsi zuenean inoiz ez da garbi jakin gorabehera haren benetako jatorria polemika itzela piztu zen puritanismoan hezitako AEBetan, baina gurean ere jazo zitekeen, halakorik gertatuz gero. Asier Zabaleta donostiar koreografoak gertakari hura hartu du estreinatu berri duen lanaren abiapuntutzat eta, anekdotatik harago, auzi interesgarri batzuen inguruan ibili da emanaldian zehar.

Zer jotzen dugu normaltzat eta zer ez? Zergatik bihurtzen da batzuentzat eskandalu-iturri beste batzuen aburuz normala dena? Jakina da dena ez dela dirudiena. Orduan, zergatik jotzen ditugu egiatzat lehengo batean agertzen diren itxurak? Hain azkar, hain segur, hain sakon egiatzat jo ere? Zer dela-eta iruditzen zaizkigu normalak gure ohiko menpekotasunak? Beste askotan ere murgildu da Zabaleta kutsu sozial eta —azken finean— politikoa duten gaietan, eta orri hauetatik askotan aldarrikatu dut dantzak gure mundua eta gizartea interpretatzeko duen ahalmena. Beraz, nire aldetik behintzat, eskertzeko modukoa da honen moduko lanak eta koreografoak gurean aurkitzea.

Hasierako iluntasuna argitu denean, musikaria ikusi dugu, dotore jantzita eta gitarra elektrikoa besoetan zuela. Jhana Beat du izen artistikotzat, eta gitarra, harmonika, beatbox-a eta ahots trebatua lagun, jainkosa baten moduan girotu du, gidatu du, edertu du une oro emanaldiaren planteamendua: maillot beltzez jantzitako izakiei roboten kutsu automatikoa eman die; techno abstraktuaren eremuan murgildu da gero eta erritmo ikaragarrietan bildu du bi gizonen arteko borroka kementsua, lau dantzariek zerutik jaso dituzten liburu sakratuen kontura hasi dena.

Une batean edo bestean, itxuraz gizon ala emakume egiten gaituena aztertu da, oso era irudimentsuan nik uste, eta ikuspegi nabarmen interesgarria eman diote emakumearen biluzteari, inguruan zituen hiru gizonek pixelatze analogiko moduko bat gorputz biluziaren inguruan atondu dutenean. Beranduago, bere irudi fisikoaren desitxuratzea irudikatu du neska dantzariak, eta amaieran geundela zirudienean musikariak bere musika-postua utzi eta a capella abestu digu blues zirraragarri bat, bi dantzari gizonezko eskuko telefonoa tarteko duo pasionatu bati ekin baino lehenago.

Dantzarien banaketa hiru gizon eta emakume bat, estetikaren kitsch itxura eta baliabide eszenikoen erabilera irudimentsua oso lagungarriak izan dira lehen aipatutako auzien kontraesanak nabarmentzeko, eta dantzarien eboluzio koordinatuek eta banan-banako erakustaldiek heien guztien maila frogatu digute. Amaitutakoan, zutik txalotu dute ikusle gehienek proposamenaren ausardia, eta lau dantzariek despedidako solo labur bana eskaini digute, Jhana Beat ahaztezinaren laguntzaz.
Asier Zabaleta koreografoaren <em>Janeten titia</em> obrako irudi bat.
Asier Zabaleta koreografoaren Janeten titia obrako irudi bat. ERTZA KONPAINIA

Dokumentuaren akzioak