Dokumentuaren akzioak
Nor izan
Gai librean
Bertsolaria nor izatearen kontua ez da bart arratsekoa. Badira Txirrita, Kazkazuri, Xalbador bezalako adibide historikoak. Baita denboran hurbilago direnak ere: «Ildotzat hartua daukat bertsogintzan uneoro ni izaten saiatzea. Nire pertsonaiarik ez sortzea, oholtzan inon baino benetakoagoa izatea», zioen Jon Sarasuak Zozoak beleari liburuan.
Bertsolaria nor bada, ikuspegi propioa baldin badu, gaiaren formulazioaren garrantzia erlatibizatzen dela dirudi. Horrelakoetan gaia abiapuntu bezala hartu ohi du, ez eremu zedarritu bezala. Bistan dena, bestela ez luke izango bere mundu ikuskera plazaratzeko behar besteko askatasunik. Ardurenean, bertsolariak paper baten arau kantatzen du, bere buruarekin distantzia hartu ohi du; eman dioten pertsonaiaren azalean sartu, eta bertsolariak, bere egia bota beharrean, pertsonaia horri dagokiona botako du. Distantzia hartze hori da nor izatearen kontrakoa.
Nor izatea xerkatzen duen bertsolariak gaia bere ikuspegi propiora egokituko du. Ez da gaiaren mirabe; gaia esan nahi duena esateko aitzakia baizik ez baita. Nor izatea bilatzen ez duen bertsolariak, esan beharrekoa esaten duenak, ez du joko gaia egokitzera. Aitzitik, bera egokituko zaio gaiari; gaia kontsumitu egingo du, gu hunkitzearren esan behar dena esanez.
Bertsolariak nor izan behar badu, menturaz, bertsolari izatea gaitzagoa dateke. Errazena gaia entzun eta gero, esan behar dena esatea da, edo hitz joko batzuk egitea edo momentuan ederki ematen duen beste norbaiten zita borobil bat botatzea. Hezkuntza, hedabide edo tradizioak dioenetik at norberak pentsatzen duena (pentsatzen badu!) botatzea zailagoa da. Horregatik, teknikoki bikaina den bertsolaria ordezka daiteke. Aldiz, barrutik ari den bertsolaria ordezkaezina da. Dantzan, txistuan eta beste kultur esparruetan bezala, bertsolaritzan ere teknikaren gailurrera heldu gara, baina badirudi horrek hoztasuna ekarri diola mamiari, esateari, nor izateari. Nor izatea bertsoaren teknika gainditzen duen zerbait da. Teknikoki arras bertso ona dena ez zaigu iritsiko, oso bertso ona izanik ere, bertsoaren atzean pertsona sumatzen ez badugu. Eta alderantziz; teknikoki hain ona ez den bertso batek era bateko edo besteko zirrararik eragingo digu bertsoaren atzean nor bat sumatzen badugu. Konparazio batera, Nafarroako Txapelketako finalean, teknikoki tatxarik ez zuten bertso batzuk baino, teknikoki hain zuzenak ez ziren arren beste zerbait zuten bertsoak nabarmenago iritsi ziren entzulearengana.
Atlantikoaren beste aldean ere ohartu dira gaia norbere talaiatik jorratuz gero lortzen den arrakastaren bereziaz. Hala diosku Alexis Diaz-Pimienta kubatarrak, Teoría de la Improvisación liburuan: «Beste inprobisatzaile batzuek gaiari talaia berri batetik begiratuz, talaia pertsonal, indibidual eta, ahal bada, birjin batetik begiratuz, oso gai erabilietan ere hurbilketa originalak erdiesten dituzte, lirismo handiko uneak, benetako poesia kantatua iristen dute. Hori lortzen delarik, efikazia maila oso handia izan ohi da» (Sendoa, 1998, 377. or.).
Dokumentuaren akzioak