Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Nor garen jakinarazteko

Dokumentuaren akzioak

Nor garen jakinarazteko

Agus Perez, antzerki kritikaria

Mota
Iritzia
Data
2004/02/12

Aurtengo izendapenean nabarmentzekoa da aho batez aukeratu dugula epaimahaikideok 1937, gogoaren bidezidorretatik ikuskizuna, gainontzeko guztiak bazter utzita, dela haien izaera ohikoarengatik, dela haien proiekzio sozial urriarengatik, nahiz eta haietariko batzuk guztiz berritzaileak eta ausartak izan diren.Niretzat bereziki pozgarria da dantza eta antzerkiaren arteko ekoizpen batek nolabaiteko onarpena lortu izana, nire betiko tema delako lengoaia ezberdinen arteko elkarrizketa sustatzea. Kasu honetan, esate baterako, euskal dantza da nagusia, edo euskal dantzaren altxorretatik eratorriko produktu jaso, gazte, fresko eta kementsua. Baina dantza ez da ekoizpen honetako osagai bakarra, harekin batera Juan Mari Beltranen musika, Bitoriano Gandiagaren hitz poetikoak eta artxibo zaharretatik ateratako zeluloide esanguratsuak elkartzen baitira ikuskizun honen baitan.Amaitzeko, are pozgarriagoa iruditzen zait, Uruguai, Argentina eta Txiletik ibili ostean, Espainian zehar ere erakutsi ahal izatea produktu hau, ezagutzen gaituztenentzat bihotzez egindako laztan moduko bat izango delako, eta besteentzat baliagarria izan daitekeelako nortzuk garen, nondik gatozen eta norantz joan gaitezkeen jakiteko.

Dokumentuaren akzioak