Dokumentuaren akzioak
«Nonbaitekoa izatea inportantea da: lurra ematen dizu denerako»
Errenteriako (Gipuzkoa) alde zaharreko zainek bat egiten duten bihotza da, nolabait. Kalean behera dator Jon Maia (Errenteria, 1977), bati agurra eta besteari keinua. Malagatik bueltan, trasteak fakturatzen ari zela jaso zuen BERRIAren deia —Max sarien gala zuen han—. Berehala eman zuen baiezkoa, eta berehala egin zuen aukera.
Herriko plaza, zergatik?
Herri baten tokirik esanguratsuena da. Errenteriaren kasuan, gehiago. Erabat lotuta dago haren nortasunarekin. Gertakari sozial, politiko, kultural... askoren lekuko izan da.
Adibidez?
Oroitzapen asko ditut. Hasi 1983ko banderen gerra hartatik hasi —bertan izan nintzen, eta amarekin eta izebarekin horko etxe batean ezkutatu behar izan genuen—, eta segi madalenetan egindako juergekin; txupinazoa ere bota genuen behin...
Dantza ere egingo zenuen noski?
Eskatzen didatenean aukeratzeko inoiz dantza egin dudan agertoki bereziena, beti erantzuten dut nire herriko plaza San Joan bezperan. Hor hasi nintzen dantzan.
Oso errenteriarra zara.
Beti pentsatzen dut inportantea dela egiten duzuna egiten duzula eta zabiltzan lekuan zabiltzala nonbaitekoa izatea. Eta bai, hemengoa naiz. Eta ez izan bakarrik, baizik hemen bizi naiz, hemen dut nire egunerokoa, hemendik abiatuta egiten dut lan. Oso inportantea da hori. Lur handia ematen dit horrek denerako: bizitzaren eta pertsonaren kudeaketarako inportantea da.
Zer ote du, bada, Errenteriak?
Azkena aukeratutako leloa Herri bizia izan da, eta oso ondo datorkio. Herri plurala da, gatazkatsua izan da, industriala, etorkin asko hartutakoa... Baina oso herri aktiboa dela nabarmenduko nuke gehien.
Polita dela esatea falta zaizu.
Egia da jendea hona ez dela bisitan etortzen. Baditugu autobideko bi pasabide zoragarri inguratzen gaituztenak, eta oso iritzi orokortua da: «Zeinen itsusia den Errenteria». Baina egia da herriko plaza hau eta inguratzen duena oso ezezaguna dela, eta jendeak beste Errenteria bat deskubritzen duela hemen. Gustatzen zait horregatik ere.
Gustura herrian, beraz, baina panorama ez dago dantzarako.
Edo, hain zuzen, dantzarako dago.
Zer moduz zaudete?
Egoera ez da erraza. Badakigu krisi guztietan kulturak zenbait sufritzen duen, tamalez. Horrek garbi adierazten duena da ez dagoela oinarri sendo bat. Denok esaten dugu gizarte baten kohesiorako, izaera kritikorako, formakuntzarako... ezinbestekoa dela kultura, baina gero neurriak ez datoz bat ezinbestekotasun horrekin. Konfinamendu garaian, bitan banatu zuten gizartea: ezinbestekoak zirenak eta ez zirenak. Gure sektorea ez-ezinbestekoen artean jarri zuten, baina errealitateak erakutsi du sektore horren behar handia zegoela.
Zer zentzutan?
Irudipena daukat jendeak barneratu duela kulturak duen garrantzia. Uste dut aisialdi izaerarekin sartu ginela krisian, eta orain aisialdia baino zerbait gehiago garela.
Etenik gabe gorakada batean zegoen Kukai. Eta orain?
Ni beti saiatzen naiz gauzetatik ekinez ateratzen. Nire automatismoa zera izan zen: egin, egin eta egin. Baina egoera luze horretan gorabehera asko izaten dira, eta beheraldi horietako batean pentsatu nuen: «Agian hau dena popatik hartzera doa...». Baina gero beste klabe batean jartzen zinen, eta begira, pentsa, pelikula bat egin dugu! Zinemaldian estreinatuko da. Ordu erdiko pieza bat, Bizimina deitu dioguna.
Orduan zer jarri behar da medailan? Dantzaria, koreografoa...
Ez dakit. Ni gehienbat dantzari sentitzen naiz. Egia da Gauekoak ikuskizun honekin hasi aurretik jada ez nuela dantza asko egiten. Baina dantzaria beti da dantzari.
Sasoikoa, Aimar Olaizola bezala.
[Barrez]. Ez pentsa. Erronka handi bat izan da. Ezusteko esperientzia bat. 40 urte bete nituenean, etxean aitortu nuen igual hasi beharko nuela albo batera egiten... Baina 6 urte nituenetik jarraian egin dudan gauza bakarra dantzatzea izan da, eta sentsazio horiek berreskuratzea sekulakoa izan da.
Komunikatzaile ona zara.
Nire bizitzan daukadan titulu bakarra kazetariarena da.
Zer ikasi zenuen Euskaldunon Egunkaria-n?
Asko. Komunikatzen jarraitzen dut. Erreportajeak bezala prestatzen ditut txostenak eta gidoiak. Baina Egunkaria-n aritzeak erakutsiko zidana da zer mundutan kokatu, nondik begiratu munduari. Zergatik begiratzen dut hona, eta ez horra. Garai hark erakutsi zidan hori. Eta itxierako bizipenak, nola ez. Dantza toki askotan egin dut, baina haiek espetxetik irten eta lankideen eta haien aurrean Martin Ugalde parkean dantza egitea izan zen...
Dokumentuaren akzioak