Dokumentuaren akzioak
Nola jantziko zara San Tomasetan?
San Tomas, Euskal Jaiak, Santa Ageda… hamaika ospakizunetan baserritar jantzi tradizionala soinean atera ohi gara kalera. Konturatu zara halakoetan errazago ligatzen duzula?
San Tomas hauetan baserritarrez dotore eta zuzen jantzi nahi baduzu, ez utzi Gero Axularren webgunea bisitatzeari; Bertan topatuko dituzue gomendio ederrak; hemen duzue adibide bat! Gehiago jakin nahi baduzue, jarraitu irakurtzen!
Euskal jantzien indar erotikoa
Askok diote baserritarrez jantzita goazen ospakizun egunetan gehiago ligatzen dela. Batzuek estatistika hutsa dela pentsatuko dute segur aski, horrelakoetan normalean baino jende gehiago izaten baita, eta beraz aukera gehiago baitago ligatzeko. Beste batzuk, alkohola edatearekin, festak sortzen duen alaitasunarekin, ilusioarekin eta giroarekin erlazionatuko dute; argi dago egun horietan beste umore batekin ateratzen garela kalera, jendearekin harremanak egiteko jarrera hobeagoarekin, eta gainera, urtean zehar festa horien zain egoteak espektatiba eta motibazioa areagotzen ditu. Baina testuinguru horrek ligatzea errazten duten beste hainbat faktore ere eskaintzen dizkigu.
Arroparen fetitxismoa
Nesken baserritar janzkerak, enbor estua, gona zabala eta zapia buruan, emakumearen formak azpimarratzen ditu, gerri eta bularrak nabarmenduz, aldakak zabalduz eta aurpegia guztiz erakutsiz. Orokorrean estilizatuagoak eta femeninoagoak dirudite. Bestalde, gonaren azpian egon daitekeenaren misterioa ere afrodisiakoa izan daiteke. Halaber, janzkera horrek itxura birjinala eta puritanoa irudikatu ditzake eta kitzikagarria izan daiteke batzuentzat.
Mutilen kasuan, praka estuek eta gerrikoak ipurdiaren forma nabarmentzen dute. Gainera, gerria markatuz, bizkarrak zabalagoa dirudi, gorputzaren hiruki forma areagotuz. Txapelak begirada azpimarratzen du, eta alkandorak itxura formalagoa ematen die, nolabait gizon itxura gehiago hartzen dute, indartsuagoak eta maskulinoagoak dirudite. Bestalde, fidagarriak eta jatorrak direla transmititu dezakete, eta horrek desira piztu dezake besteengan.
Identitatea mozorrotzearen abantailak
Baserritar jantziak maskara efektua eragin dezake. Mozorrotzen garenean nolabait gure identitatea ezkutatzen dugu, eta horrek beste rol bat jokatzeko aukera ematen digu, besteekin harremanak egiteko irekiagoak sentitu gaitezke. Bestalde, denak berdin jantzita egoteak gure buruarekin segurtasun handiagoa izatea eragin dezake, eta baita besteekin komunikazioa erraztu ere.
Gainera, pertsona guztiek antzeko arropa eramanda, janzkeraren bidez iradokitzen diren estereotipoak desagertzen dira. Ez da bakoitzaren estiloa hautematen, eta beraz, besteekiko aurreiritzirik ez da sortzen. Horrek guztiak beste ezaugarri batzuetan begiak jartzera behartzen gaitu, eta pertsona desberdinak ezagutzeko aukera gehiago ematen digu.
Euskal nortasuna partekatzea
Gutxiengo bateko kide izateak sentimendu komunak partekatzen dituen komunitate bat sortzen du, eta beraz, giro ezin hobea sortzen da harremanak eratzeko. Janzkera kulturaren parte den heinean, baserritarrez janztea euskaldun izatearen adierazle izan daiteke. Baliteke euskaldunok euskaldun itxura duten pertsonak nahiago izatea. Gainera, jantzita doazen pertsonen artean enpatia sortzen da, festa hori bihotzez bizi dutenaren seinale, eta horrek erakargarritasuna areagotu dezake.
Halaber, denok identitate bera elkarbanatzeak, bateratasun sentsazioak, jatorri berdinekoak izateak, gertutasun sentimenduak, herriaren parte izatearen harrotasunak, eta abarrek, euskal nortasuna indartzea eragin dezakete, euskaldun rola areagotuz eta beste euskaldunentzat erakargarriago bilakatuz.
Aukera aprobetxatu
Gainera, egun horietan parranda kalean dago, ez dago musika alturik, eta beraz, elkarrizketa interesgarriak edukitzeko aukera aproposa da. Ondorioz, ligatzeko beste estrategia batzuk erabili daitezke. Bestalde, bazkari herrikoiak edota jarduera tradizionalak harremanak egiteko pizgarriak izan daitezke. Janzkerak zirikatzeko eta txantxak egiteko bidea ere eman dezake, gonak zirikatuz edota txapela kenduz. Azken finean, gure arbasoen rolak antzezteak flirtean aritzeko beste modu bat eskaini dezake. Gure baliabide propioak erabiltzeko egun politak!
TESTUA: Maider Jerico. Bitxigorria.
Dokumentuaren akzioak