Dokumentuaren akzioak
Nola euskal dantzak tradizio bilakatu ziren Venezuelako Carora-n eta aita Jesus Zuazua lizarratarraren marka
Erantzuna, edo informazioan urrats berri bat, euskal-venezuelar komunitatearen Jazoera hilabetekariko arduradun Pedro Javier Arriaga Aguirrek helarazi zigun Caracasetik; hariaren bestaldetik kontatu zigun, baina Jazoerako artikulu batean ere aipatuz. Batetik eta bestetik jakin dugunez, 1950-51etik gaurdaino lokarri berezia dago Euskal Herriaren eta Caroraren artean, Eskolapioak ardatz. Izan ere, 1950ean eskabide bat bidali zuten Boconó-tik, Trujillo estatuan, apaizak eta ikastetxe bat sortzea eskatuz Eskolapioen 'Vasconia' probintziari.
Emaitza bezala, aita Nagore unx sanmartindarra iritsi zen 1950ean Venezuelara leskabidearen egokitasuna aztertzera. Boconó-n egonaldi labur bat egin eta ezezkoa iritzi zion. Venezuelan segitu zuen aita Nagorek eta halako batean Barquisimetoko apezpikua ezagutu zuen. Eta honek eskatu zion, eta sostengua eman, Caroran etxe bat sortzeko. Vasconiako Probintzialaren onespena lortu ondoren, hiriko Kristo Errege eskola beren gain hartuko dute, eta zenbait kapelautza sortuko. 1951a da eta honela ezarriko dira lehenengo Eskolapioak Venezuelan, Caroran.
Carorako lehenengo komunitate eskolapioa (irudia "De Carora para el mundo" bloga)
Hura osatzeko, 1951ean lau eskolapio abiatuko dira abuztu hasieran Bilboko portutik: Constantino Garisoain beteranoa eta hiru gazte: Ignacio Morrás eta Jesus Vides apaizak eta geroago apaiztuko den Alfonso Olazabal anaia. Aita Nagore atera zitzaien bila La Guairara. Caroran sekulako harrera egin zieten, eta egun batzuk geroago abiatu zen Eskolapioen Venezuelako lehenengo Ikastetxea, 109 ikaslerekin (egun 800tik gora ditu). Erlijioso gehiago joango dira heltzen, tartean 1956ko urriaren 1ean, aita Jesus Zuazua, 31 urte zituela.
Aita Jesus Zuazua iritsi berritan Carorara 31 urte zituela (irudia https://centroamericaribeschp.com)
Lizarran jaioa zen Jesus Zuazua Garcia 1925eko abuztuaren 16an. 1948an apaiztu eta lehenengo meza bere sorterrian, Puyko Amaren Santutegian eman zuen. Iruñetik eta Bilbotik pasa ondoren 1956an Carorara bidaliko dute eta bertan pasatuko du bizitza osoa, hiru tarte salbu, Caracasen (1959-1960), Lizarran (1968-69) eta Iruñean (1998-1999). Caroran erein zuen hazi berezi bat, euskal dantzena izan zen, txistuaren eta danbolinaren doinuz bere sorterriko dantzak irakatsi baitzizkien ikasleei lau hamarkadez, egun eskolako eta bertako tradizio diren dantzak.
Eskolapioak eta Carorako Kristo Errege eskolak 60 urte betetzean egindako bideoa
2' 14" aita Zuazuaren aipamena eta 3' 54"n euskal dantzak "36 años de Orgullo y Tradición"
Aita Zuazuaren berri dakarkigu ongi ezagutu zuen aita Jose Fidel Unanue Pagolak, bera ere eskolapio nafarra, Eraul-Deierrikoa. Bere hitzetan "Aita Jesus Zuazua legenda da Caroran, proiekzioz Lara Estatuan, eta pertsona begirunez ikusia Venezuela osoan", "lehenengo eta behin irakasle gisa zeukan karitateagatik, bere klaseen finezia eta detailarengatik, eta Jesus Irakaslearen figura hezurmamitzeagatik; baina modu berezi batean, baita ere bertan txertatu zituen 'Euskal Dantzen'gatik. Haurrak bizi diren herrien balore, geografia eta historiarekiko konpromiso-kultura izateagatik".
Carorako euskal dantzariak: bertakotu eta bertara moldatutako euskal dantzak ere tradizio
(irudia "De Carora para el mundo" bloga)
"Pertsona ordenatu eta fidela, hunkigarri eta sentibera, oso maiteak zeuzkan bere sustraiak eta era berean oso zentratua sentitzen zen bere aberri berrian. Bozkario handienak familiatik zetozkion, harro baitzegoen euretaz, maitasunez eta batasunez bere etxekoekiko, bai Euskal Herriaz, erroengatik harekin identifikatua geografiaz eta edertasunaz; eta Caroraz, adopzioz bere herria zuenaz", bukatzen du.
Omenaldi hunkigarri eta jendetsua egin zioten aita Jesus Zuazuari 2016an, ia 91 urte zituela
40 urte bete ziren euskal dantzak irakasten hasi zela, 1976an, Franco hil ostean
(irudia "De Carora para el mundo" bloga)
Aita Jesus Zuazua 2016ko irailaren 1ean hil zen, 91 urte zituela, eta bizitza osoan lagun izan zuen ikurrina hilkutxaren gainean eman zioten azken agurra. Maitatua izan zen oso eta, besteak beste, berak hamarkadetan irakatsitako euskal dantzak tradizio bertakotua dira gaur eskolan zein herrian. Doi-doi aste batzuk hil aurretik omenaldi hunkigarri bat egin zioten, euskal dantzak, ikurrinak eta euskal parafernalia partaide.
1956an Carorara iritsi eta bertan hil zen 2016an, 60 urte geroago, 91 urte bete berritan
(irudia "De Carora para el mundo" bloga)
Gaur egun euskal dantzak irakasten segitzen dira Caroran, eta ikasturte amaieran Kristo Errege Ikastetxean egiten den jaialdiko osagai garrantzitsua dira. Ohoratzeko ere erabiltzen dira momentu berezietan, besteak beste dantzariek egindako ezpatapeko arkuekin. Hau guztia probatu ahal izan zuen Carorako Carlos Curiel Herrera apezpiku berriak, mediku eta zirujaua, caroratarra eta eskolapioa bera ere, euskal dantzariek egin ziotenean harrera izendatu berritan Caroran zehar egindako bisitan.
Eta ez azken bideoa izateagatik da hau makalena, alderantziz. Hona Jesus Zuazuak eta
Carorako nafar Eskolapioek utzitako legatua, egun bertako ondareko parte dena. "Orgullo
y Tradición" esaten dute. Lekukotasun ikusgarria. Bideoa pandemia aurreko azken promoziokoa
da. Nabarmentzekoa koreografia, EH osoko aireak, xingolak apaiz fundatzaileen izenekin...
(bideoa Jesús Arispe Martínez)
Goian Bego edo Gogoan edo Gugan Bego (GB) esan ohi da, eta badirudi hala gertatua dela Caroran aita Jesus Zuazuarekin, eta hemen Euskal Dantzak deitzen dituzten hauen hazia sendo loratu dela, bizi-bizirik segitzen baitute erroak tinko
Gugan gogoan bego, Lizarran hasi eta Caroran, amaitu ez, segitu egiten duen istorioak!
Dokumentuaren akzioak