Dokumentuaren akzioak
Nola txistua, hala dantza 2.0
Txistuarekin lotutako iritzi artikulu bat egiteko proposatu nindutenean, zalantzaz bete zitzaidan burua, inoiz ez bainuen horrelako artikulurik idatzi. Nola idazten da iritzi artikulu bat, gogora- tuko ditut institutoan ikasitakoak? Eta gainera, zeri buruz idatzi nezake nik? Tira, xedea guztiz argi izan gabe, eta beldurrak alde batera utzita, txistuari buruzko nire gogoeta zuekin partekatzera ekingo diot. Idaztea nire gauza ez den arren, bihotzetik kontatuko dizuet txistua zer den niretzat, hori iruditzen zaidalako modurik zintzoena.
Bere garaian, Beñat Alkuazek, tafallar lagun eta txistulariak, pasa zidan lekukoari helduko diot gaur, eta berak jorratutako gai beraren inguruan arituko naiz ni ere bai. Noski, nire ikuspuntua baliatuz.
7 urte nituen txistua ikastea erabaki eta musika eskolan hasi nintzenean. Baina, zergatik txistua? Momentuan zer pentsatu nuen ezin dut gogoratu, baina ez dut uste erantzuna oso zaila denik nire testuinguruari erreparatuz...
Hasteko, aipatu beharra dago ama eta aita, gaztetan, Iruñeko udal-dantzariak izan zirela, gaur egun, Duguna Iruñeko dantzariak izena duen taldean (Bide batez, aurten, 2023ko azarotik hasita, Duguna, bere 75. urteurrena ospatzen ari da. Aunitz urtez!). Gurasoak dantzari izanda, dantza tradizionalaren mundua beti hurbiletik bizi izan dut. Gogoan dut txikitan ostiralero arre- barekin gurasoen entseguetara joaten nintzela, gurasoen Baigorriko Nafarroaren Eguneko zein Sanferminetako emanaldiak, 1992ko Sevillako Expora Iruñeak eraman zuen Ama-Lur ikusgarriaren DVDa milioika aldiz ikusi izana... Eta noski, gogoan dut dantza taldearen emanaldiak ikus- tera joaten ginela beti. Dena den, pentsatuko duzue, ados, dantza asko bai, baina non dago hor txistua? Bada musikarik gabe, ez dago dantzarik, eta aipatutako guztietan, nonbaiten, txistua niri deika zebilen.
Txistua aukeratu nuen garaietara bueltatuz, 7 urte nituenean, haur bat besterik ez nintzen, eta modu nahiko automatiko batean jarraitzen nituen irakasleak ematen zizkidan jarraibideak. Logikoki, berak aukeratzen zuen jotzen nuena, eta ni poz-pozik aritzen nintzen, ez bainuen beste aukerarik planteatzen.
Urte batzuen buruan, 13 urte bete ondoren, kontserbatorioan hasi nintzen, eta txistua gero eta garrantzia handiagoa hartzen hasi zen nire bizitzan. Adin horrekin, eta jotzeko eskatzen zidatenaz konszienteago nintzela, nire buruari galderak egiten hasi nintzen: Zergatik jotzen dugu hau edo beste? Dantzariendako erabiltzen diren melodiak zergatik ez ditugu klasean lantzen? Zergatik Los Simponseko introaren melodia bai, baina Gipuzkoako edo Bizkaiko dantzen melodiak ez? Noizbehinka, galdera horiek irakasleari helarazten nizkion, baina nahiz eta batzuetan jakin-min horiei erantzuna eman, orokorrean folklorearekin zeri- kusia zuen oro gainbegiratu besterik ez genuen egiten, formari edo jotzeko moduari erreparatu gabe. Behin edo bitan jo, melodia erraza zela ikusi eta hurrengora pasa. Amorruz betetzen ninduen horrek, txistuak duen errepertorioaren zati garrantzistuenetako bat, niretzako interesgarriena. zena eta jakingura handiena pizten zidana, alde batera uzten genuela sentitzen nuelako.
16 urterekin, ordea, mundu horretan sartu nintzen guztiz, eta a ze mundua... Adin horrekin, gurasoen urratsak jarraituz, Dugunan hasi nintzen txistua jotzen, eta hainbestetan publiko izatetik partaide izatera igaro nintzen. Dantza taldeak jakingura horien bidea argitu zuen, eta kontserbatorioan sortu zitzaizkidan galdera horien erantzuna aurkitu nuen bertan.
Orain dela 10 urte izan zen hori, eta ezin da neurtu hamarkada honetan horri esker ikasi dudan guztia. Hala ere, ikasketa horietako batzuk aipatuko dizkizuet, aipatzen dizuedana hobetu uler dadin.
Lehenengoa, dantzariendako jotzean, dena memoriaz jotzea hobea dela denontzako. Alde batetik, askotan partituran agertzen dena eta errealitatea bat ez datozelako (melodiak, errepikapenak...), eta bestetik, dantzariek egiten dutena ikustean, dantzarien eta musikarien arteko. komunikazioa hobetzen delako.
Gainera, dantza bakoitzak jotzeko modu bat eskatzen duela ikasi dut, hots, Zuberoako, Baz- tango eta Gipuzkoako dantzak interpretatzeko moduak ezberdinak direla. Txantxa moduan izan den arren, askotan esan izan dut kontserbatorioan modu batean eta kalean beste modu batean jotzen dudala.
Azkenik, eta danbolinari erreparatuz, aipatzekoa da dantzariendako inoiz jo izan ez banu, adibide bat ematearren, 2/4ko melodia batean, pentsatu gabe, erritmoa beste era batean eramanen nukeela. Honekin esan nahi dut, dantza taldeak musika eta erritmoa beste modu batean ulertzen eta interpretatzen irakatsi didala, beste inon ikasi ezin den modu batean.
Horiek horrela, Duguna bezalako talde batean txistuan ibiltzea sekulako zortea eta ohorea izan da niretzat, musikalki eta pertsonalki nire bizitzan izan duen eraginarengatik. 2007tik aitzina, gainera, Dugunak bere dantza propioak sortzea erabaki zuen Iruñeko jaiegun esanguratsuenetarako, hala nola, San Fermin eguna, San Saturnino eguna, San Fermin Aldapakoaren eguna edo Batasunaren Pribilegioa. Dantza horiek asko erre- pikatzen ditugu urtean zehar, eta horrek jotzen dugunaren eta dantzatzen dutenaren kontrol eta ziurtasun osoa izatea bermatzen du.
Laburbilduz, urte hauen guztien esperientzia kontuan izanda, esan dezaket kontserbatorioan bezain beste ikasi dudala dantza taldean. Kontserbatorioak teknika aldetik asko eman dit, eta ezinbestekoa izan da nire ikasketa prozesuan, baina dantza taldeak erakutsi dizkidan mila afera ez dira kontserbatorioan ikasten. Kontserbatorioan txistua jotzen ikasi dudan arren, dantza taldean ikasi dut txistua maitatzen.
Bukatzeko, artikulu xume honen bukaerara iritsi diren txistulari gazteei aholku bat ematea gusta- tuko litzaidake: Lotsarik ez izan eta sar zaitezte dantza talde batean, mundu berri baten atea irekiko zaizue eta!
Atarrabiako Igor Martinez lagun eta txistulariari pasako diot lekukoa, seguraski mila gauza interesgarri kontatuko dizkigu eta! Animo!
Dokumentuaren akzioak