Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Nire minak zuretik duen bezala, zure minak ere badu niretik»

Dokumentuaren akzioak

«Nire minak zuretik duen bezala, zure minak ere badu niretik»

Egilea
Leire Uranga
Komunikabidea
Ataria
Tokia
Tolosa
Mota
Elkarrizketa
Data
2024/11/24
Lotura
Ataria
Garazi Egiguren Urkola dantzaria. L.U.

Dolu prozesu baten ondorioz erein zen proiektu batean dabil lanean, bederatzi urte beranduago, Garazi Egiguren Urkola. Kultura eta artea, erreminta eta espresio bide gisa defendatzen ditu.

Lau urterekin hasi zen dantzan Garazi Egiguren Urkola (Tolosa, 1992). Egun, Argilunak proiektuan dabil lanean; 2025eko maiatzean estreinatuko dute 35 minutuko iraupena izango duen kale ikuskizuna. Funtsean, dolua izango du oinarri, eta dantza, interpretazioa, musika eta proiekzio bisualak uztartuko dira zuzeneko emanaldian. Prozesua kolektibizatzeari eman nahi izan diote garrantzia, arte eta kultura munduan murgilduta ez daudenei gertutasuna eskaintzeko.

Nola definituko zenuke dantzarekin duzun harremana?

Dantza, kontzientzia dudanetik presente gogoratzen dudan zerbait da. Lau urterekin hasi nintzen gimnasia erritmikoan, ballet pixka bat ere egin nuen, euskal dantzak, garaikidea, contact-improv… eta, pixkanaka, formatzen jarraitzen dut. Dantzarekin izan dudan harremana, ordea, ez da soilik akademikoa izan. Etxean, egunerokotasunean, dantza nire bizitzaren parte izan da, nire beste hizkuntza edota espresio bide bat bezala definituko nuke, eta, aldi berean, gotorleku bat. Dantzarengana jo izan dut, batez ere, gaizki egon naizen momentuetan. Atzera begira jarrita, ikusten dut nire bizitzan zehar konstantea izan den gauza bakarrenetarikoa izan dela… dantza izan da beti hor egon dena, utzi ez nauena, eta utzi ez dudana. Bereziki, momentu txarrak zeharkatzerakoan jotzen dut beregana, bertan bilatzen dut babesa, bertan bueltatzen naiz nigana, eta dantzari esker, gai naiz beste modu batera adierazi ezin ditudan sentimenduak edo emozioak adierazteko eta askatzeko. Esango nuke, dantza, terapia moduko bat dela niretzat.

 

«Dantza nire bizitzaren parte izan da, nire beste hizkuntza edota espresio bide bat bezala definituko nuke, eta, aldi berean, gotorleku bat»

 

Zein izan dira dantza munduan emandako urratsak gaur arte?

Esan bezala, lau urterekin gimnasia erritmikoan hasi nintzen, Belabieta klubean, eta osagarri gisa, ballet klasikoko teknika ere lantzen genuen. Izugarrizko zortea izan nuen nire irakasle eta taldekideekin, oso eskertuta nago beraiek erakutsi eta transmititutakoarekin. Beraiekin, gorputzaren bidezko espresio bidea deskubritzeaz gain, bizitzan zehar oso garrantzitsuak izan zaizkidan baloreak eta lan egiteko moduak barneratu nituen: nire onena ateratzeko, taldean zein bakarka gogor lan egiten, modu metodikoan eta diziplinatuan, beti ere gorputzaren mugak onartuz eta errespetatuz. Hamabi urterekin, gure kulturarekiko jakin-minak bultzatuta, euskal dantzak ikasten hasi nintzen, Alurr dantza taldean. Ordurako, nire anaia Udaberri dantza taldean zebilen, eta nik gure dantzak ikasteko beharra sentitu nuen. Hala ere, asko gustatzen zitzaizkidan euskal dantzez aparteko koreografia garaikideagoak, asko motibatzen ninduten, eta Alurren hori uztartzeko aukera izan nuen lehenengoz. Diziplina eta estilo ezberdinekin esploratzeak, oraindik eta aukera zabalagoak eskaintzen zizkidan espresiorako: ordura arte bizi izan nuen lehiakortasun munduak eramaten zaituen etengabeko perfekzionismoaren bilaketatik at, dantza nahiz gorputz mugimendua beste modu batean kontzebitzeko aukera izan nuen. 2012an, unibertsitateko ikasketetan murgilduta nengoela, gimnasia erritmikoko azken txapelketak egitea erabaki, eta Aukeran dantza konpainian hasteko aukera sortu zitzaidan. 2012tik 2020ra jardun nuen bertan, Edu Muruamendiarazen zuzendaritzapean. Esperientzia honek, proiektu eszeniko ezberdinetan, koreografo nahiz artista ezberdinekin lan egiteko aukera eman zidan, baita sorkuntza prozesu oso ezberdinen parte izateko, eta dantzari eta pertsona gisa ikasteko eta garatzeko ere. Euskal Herriko zein nazioarteko ekimen eta jaialdietan parte hartzeko aukera izan nuen, jende eta bizipen oso aberasgarriak ezagutuz. Oso eskertuta nago, izugarrizko ikasketa prozesua eta esperientzia bidaia izan baitzen. 2020an, dantzakide ginenok, Kimua kolektiboa sortzea erabaki genuen, gure ideia eta grinak batuz, lagunen artean, lantaldean aritzeko helburuz. Ordutik, GenEroa kale ikuskizunarekin eta GenErorAntz antzokikoarekin aritu gara, plazaz plaza, herriz herri. Taldeko proiektuez gain, transbertsalki, urte hauetan zehar, beste proiektu puntualagoekin eta beste artista zein musikari batzuekin ere kolaboratzen jarraitu dut. Besteak beste, 2021eko udan Danimarkako Land Dans izeneko esplorazio eta ikerketa proiektuan, 2022az geroztik Mauriziakezdauinorhil kolektiboko kide naiz, eta 2023an, Cubako Rakatan Dantza Konpainiarekin eta musikari kubatarrekin Ines Osinagaren Itsasoa da bide bakarra diskoaren aurkezpen biran: Habanan, Santa Claran, Trinidaden eta Euskal Herrian… Egun, Argilunak izeneko proiektu pertsonalean ari naiz lanean, dantza, musika eta arte bisualak uztartuz. Duela bederatzi urte erein zen proiektu honen hazia.

Nola jaio da esku artean duzun proiektua?

Duela bederatzi urte, amaren gaixotasun prozesu eta ondorengo heriotzaren doluan, min eta hutsune hori adierazteko ez nuen modurik aurkitzen. Ezinezkoa zitzaidan hitzez zein idatziz sentitzen nuen hori adieraztea, askatzea… Hortaz, mugimenduak, sormenak edo arteak baimentzen didan dimentsio abstraktu eta irekiago honetara jo nuen. Garai hartan, hazi bat erein zen, eta pixkanaka-pixkanaka forma hartzen joan da, egun eskuartean dugun Argilunak proiektua izatera iritsi arte. Oso modu pausatuan joan da loratzen, ezer behartu edo azkartu gabe, behar izan dudan denbora eta prozesua errespetatuz. Oso gertuko izan ditudan pertsonekin partekatu dudan proiektua izan da, oso zaurgarri eta biluzik sentitzen bainintzen honen inguruan. Oso barrutik ateratako zerbait da, nire bizi esperientzia gogorrenak bultzatutako sorkuntzarik egiazkoena, gordinena. Urte luze hauen ondoren, iaz proiektua partekatzeko puntuan sentitu nintzen eta laguntza deialdi batera aurkeztu genuen sorkuntza prozesuaren ideia, Karrikan sariaren VI. ediziora, eta laguntza lortu genuen. Musika, dantza eta proiekzio bisualak uztartzen dituen kale ikuskizun bat izango da, 35 minutuko iraupena izango duena.

«Oso barrutik ateratako zerbait da, nire bizi esperientzia gogorrenak bultzatutako sorkuntzarik egiazkoena, gordinena»

Zertan oinarritzen da?

Bizitzako alderdi ilunei, itzalei… leku, espazio eta denbora bat emateko beharrean oinarritzen da. Sentitu izan dut, batez ere, mendebaldeko kultura honetan, izugarrizko prestigioa daukala argitasunak, iluntasunarekin alderatuz. Beti bilatzen dugu argitan egotea, dirdiratsu, indartsu… baina, bizitzan, argi-ilunen baterako existentzia honetan, argiak bezala du lekua iluntasunak. Ekialdeko kulturetan, itzalek, ilunek, beste konnotazio bat dute, iraganarekin, itzalekin eta denboraren joanarekin lotzen den hori gehiago baloratzen da, eder ikusten da. Argilunak proiektuak, aldarrikapen moduko bat izan nahi du, gure bizitzako hutsune, galera eta itzal horiei leku bat ematekoa. Askotan, habitatu behar ditugun iluntasun horiek mingarriak badira ere, badutela ederretik, eta egin daitekeela bertatik ere artea edota kultura.

 

«Habitatu behar ditugun iluntasun horiek mingarriak badira ere, badute ederretik, eta bertatik artea edota kultura egin daiteke»

Zer da kanpora begira transmititu nahi dena?

Zerbait oso egiazkoa kontatuko da, guztiok identifikatu ahalko gara momentu batean edo bestean. Ikusiko da nire minak zuretik duen bezala, zure minak ere baduela niretik… nolabait elkarren ispilu bihurtuko bagina bezala. Bizipenak pertsonalak izan arren, sentimendu eta emozioak unibertsalak dira: ni sentitu naizen bezala ziur sentitu zarela noizbait zu. Emanaldiak elkarren arteko konexio eta enpatia ariketa bat ere izan nahi du. Proiektu bisualekin jolastuko da argi-ilunen dualtasun horretan, gris eta kolore gama guztien eskala erraldoi bat dagoela erakusteko, eta aukera horien guztien esplorazio bat bultzatuko da. Normalean lekurik ematen ez diogun horren errekonozimendu bat izan nahi du proiektuak. Gaur egun oso asimilatuta daukagu mundu digitalak eta fisikoak batera existitzen direla, eta bistaratu edota erakutsi nahi dugu modu berean batera existitzen direla dimentsio fisiko eta lurrekoek, espiritualagoak edo etereoagoak diren dimentsioekin. Galerak edo doluak, iraganeko zerbait bezala ulertzen ditugu askotan, baina hutsune horiek, presentzia eta eragin bat daukate orainean, eta gure egungo errealitatearekin elkarbizitzen dute.

 

«Bizipenak pertsonalak izan arren, sentimenduak eta emozioak unibertsalak dira»

Zein dira orain arte emandako urratsak?

Esan bezala, Argilunak proiektuaren prozesua oso luzea izaten ari da. Pixkanaka eta modu oso bakartian landu dudan zerbait izan da. Ohartu nintzen ez nuela istorio pertsonal bat kontatu nahi, zerbait unibertsalagoa egin nahi nuen. Behin proiektua laguntza batera aurkeztu eta laguntza jasota, ekipoa handitu da. Bi dantzari eta artista bisual bat izango gara zuzenekoan, musika ziurrenik aurretik grabatuta eramango dugu. Lehenengo urratsa, nire istorio pertsonala proiektuko kideen artean banatu eta bakoitzak ideia horren zer punturekin konektatzen zuen identifikatzea izan zen, horrela, errelato komun bat sortuz. Taldekideek beraien bizitzetako beste esperientzia batzuekin konektatu zuten, eta hortik elementu komunak atera genituen, batez ere argiak eta ilunak landu genituen, hauen esanahi eta konnotazioak, zer eragiten diguten, nola bizi ditugun… Mugen inguruko hausnarketa bultzatu genuen ere, bi mutur horiek kontuan hartuta, zein diren gure mugak, sinismenak, on egiten ez digutenak edota aldatu nahi ditugunak; lanketa komun eta esperimentazio fase potente bat izan dira. Udan, Garaion (Araba) Espazioan egon gara sorkuntza erresidentzia bat burutzen, behin aipatutako errelato komun hori sortuta, material ezberdinak sortzen. Material koreografikoak eta ikus-entzunezko materiala; proiekzio analogikoak, teknika eta material ezberdinak: transluzidoak, likidoak, olioak, tintak… hauek ematen zituzten aukera ezberdinak esploratuz. Proiekzio bisualekin jolasten duzunean, argiarekin eta ilunarekin, argiarekin eta itzalarekin ari zara jolasten, eta oso potenteak dira, guk adierazi nahi dugun hori modu oso bisualean islatzen dutelako. Gorputz bat argiaren parean jartzen denean, itzal bat eragiten du, itzal hori badakigu batzuetan zein gorputzek eragiten duen, beste batzuetan, ordea, gorputza egon gabe itzal bat ikusteak, esanahia erabat aldatzen du. Zein dira gure itzalak? Lekua uzten diegu? Musikari ere heldu genion Mattin Zeberioren eskutik. Erritmo, kapa eta ahots ezberdinekin esperimentatu genuen, zoragarria izan zen. Interpreteon ahotsak txertatu nahi ditugu, arnasak, dantzatzerakoan sortzen ditugun soinuak… Horiek guztiekin osatuko dugu soinu banda, egiazkotasuna gehitze aldera zuzenekoari. Ondoren, Uharte zentroak bere espazioa utzi zigun zuzenekoan grabatuta joango diren grabaketekin esploratzeko. Egun, selekzio fasean gaude, konkrezio fase baterantz. Balidazio ezberdinak egin ditugu konfiantzazko jendearekin eta proiektuan hasieratik laguntzen egon direnekin, beraien iritzia kontuan hartu, eta iritzi horietatik abiatuz, proiektua bideratzeko.

Zer da oraingoz ikasitakoa eta ondorioztatutakoa?

Oso potentea izaten ari da prozesua. Garrantzia eman nahi izan diogu ez soilik amaierako emanaldia sortzeari, baizik eta prozesua bera partekatzeari, kolektibizatzeari. Garaion aritu ginenetik, gertukoak, lagunak, erreferentziazko pertsonak… Gonbidatu ditugu proiektua barrutik ezagutzera, eta horrela jarraitu nahi dugu. Askotan, kultura eta artea, bertan aritzen ez garen pertsonentzat, kanpotik jasotzen den zerbait da, behin pieza osatuta dagoenean. Guk, ordea, tripak erakutsi nahi ditugu, sorkuntza prozesu bat nola izan daitekeen erakutsi, gaiaren inguruan interesa duena sorkuntza prozesuetara gonbidatuz. Aurreikusten dugu bitartekaritza edota tailer batzuk egiten jarraitzea, iruditzen zaigulako gaia lantzen jarraitzeko oso tresna potenteak direla. Ikasketa handi bat izaten ari da bakardadean, etxeko intimitatean, zenbat min partekatzen dugun ikustea, gure minak elkarri kontatzea, elkarrengandik ikastea… Gai hauek plazetan bere presentzia izan behar dutela aldarrikatu nahi dugu, gure sentiberatasunetik, minetik, oso gauza ederrak sortu daitezkeela sinisten dugulako, eta ez beti argitik, dirdiratik edota indarretik, zaurgarritasunak ere baduelako zer esan.

«Garrantzia eman nahi izan diogu ez soilik amaierako emanaldia sortzeari, baizik eta prozesua bera partekatzeari, kolektibizatzeari»

Zergatik kolektibizatu?

Prozesua kolektibizatu nahi da kultura demokratizatzeko, jendea proiektuaren parte izateko eta sentitzeko. Kultura eta artea, erreminta eta espresio bide bat dira, eta iruditzen zait, hainbeste lagundu didan tresna hau denok ezagutu beharko genukeela, daukan potentzialtasun terapeutikoagatik, besteak beste. Geure buruak askatzeko, sentimenduak adierazteko, korapiloak askatzeko… hizkuntza bat gehiago da, gure eskura dagoena, gugandik jaiotzen dena eta hori partekatzeko beharra sentitzen nuen. Baita sorkuntza prozesu bat nolakoa izan daiteken erakutsi eta bertan parte hartzeko aukera ematekoa ere, ez soilik bukaerako emaitza erakustera mugatzeko. Bakoitzaren iritzia eta ikuspuntua jasotzen dira, gai baten inguruan pertsona bakoitzak esateko duena oso potentea izan daiteke, kanpoko ekarpenek proiektua bera aberasten dute.

Nortzuk osatzen duzue lantaldea?

Lantaldea oraindik ez dago guztiz definituta, baina, bi dantzari arituko gara zuzenean, Nerea Gurrutxaga eta biok. Izugarria izaten ari da Nerearekin bide hau egin ahal izatea. Hasiera batean, gainera, kanpo begirada koreografikorako rola eskatu nion, baina, proiektuaren hastapenetan aldaketa batzuk egon ziren proiektuaren bideragarritasun eta logistika kontuengatik, eta azkenean, elkarrekin arituko gara oholtzan. Bisualetan, Amaia Santa Maria bergararra izango da; bere begirada, sentsibilitatea eta originaltasuna izugarriak iruditzen zaizkit. Aurretik, hirurak, ez genuen elkar ezagutzen, eta ikaragarria izaten ari da pertsona hauekin talde bat sortzea eta elkarrekin lanean jardutea. Musika kontuetan Mattin Zeberio daukagu, musika elektronikoa egiten du, hor dabil talde ezberdinekin dena ematen, berarekin dena oso erraza izaten ari da, oso ondo ulertzen dugu elkar, bisio komun bat daukagu. Gehitu nahiko nuke, proiektuaren laguntza jaso nuenean, ez nengoela batere momentu onean, ez nuen indarrik sentitzen, ez nuen neure buruarengan sinisten, eta ondorioz, ezta eskuartean nituen proiektuetan ere; laguntza jasota ere, proiektua bertan behera uzteko pentsaera izan nuen. Eskertu behar ditut Ines Osinaga eta Amaia Castañeda, nik ahal ezin nuenean, beraiek eutsi nindutelako eta eutsi zutelako proiektua. Bidelagun zoragarriak izaten ari dira, ez soilik arteari eta proiektuari lotuta, emozionalki sostengatu eta zaindu nautenak dira, eta oraindik ere, horretan ari dira. Azpimarratu nahiko nuke ezinezkoa dela horrelako proiektu bat bakarrik sortzea, ezinbestekoak izaten ari diren aingerutxoak agertzen ari dira proiektuaren sorkuntzan zehar, eta jende gehiagok ere hartuko du parte, bai dramaturgian, koreografian laguntzen… Askotan, horrelako sorkuntzetan soilik zuzeneko emanaldian parte hartzen duten pertsonak ikusten ditugu, baina hori ahalbidetzen duen izugarrizko taldea dago atzean: produkzioan, aurrekontuan laguntzen, materiala prestatzen, aholkularitzan, babes pertsonalean eta abar.

Zergatik kale ikuskizuna?

Proiektua kalean izatea nahi nuen, gai hauekin ere plaza hartuz. Artea egiteko eta kultura egiteko beste modu bat plazaratu nahi nuen, antzokira etorriko ez litzatekeen jendearengana iritsi. Aurretik kalean eduki ditudan esperientziak zoragarriak dira, jendearekin konektatzeko izugarrizko aukera ematen dizu, potentzialtasun handia dauka transmisio bide honek. Herriko kaleetan artea denon eskura egotea, haur, gazte, heldu… edozein kolektibo zaurgarrirengana iristeko aukera izatea, oso garrantzitsua iruditzen zait kulturaren demokratizaziorako, bereziki, artea eta kultura bide izanik, gai hauen hausnarketak denon artean partekatu ahal izateko. Hala ere, ikusten ditugu zailtasunak, kalearen arazo nagusienetakoa da guk proiekzio bisualekin egingo dugula lan, eta iluntasun minimo bat beharko dugula proiekzio horiek ikusi ahal izateko, eta, ondorioz, kaleko jaialdi batzuetan arazoak eta mugak izango ditu, baina, borrokatuko dugu gure ideiak defendatzearen alde.

Baduzu emanaldia antzokira edo beste espazioren batera egokitzeko asmorik?

Bai, proiektua lantzen hasi ginenean ohartu ginen proiektu honek izugarrizko potentzialtasuna duela antzokirako. Negualdean proiektua antzokira egokitzeko asmoa daukagu, honek guztiak jarraipen bat izan dezan. Ari gara dagoeneko ditugun ideia eta errekurtso batzuk antzokirako gordetzen, bertako ezaugarriekin askoz ere hobeto doazelako. Antzokiak, iluntasun eta isiltasun osoan, fokuak bideratzeko duen ahalmen horretan, beste aukera batzuk ematen ditu. Proba ezberdinak egiten ditugun heinean, ikusten dugu aukera batzuk hobeak direla antzokirako kalerako baino.

Baduzue lotutako emanaldirik? Eta gehiago lotzeko asmorik?

Bai, Karrikan sariak ematen duen abantaila edo sari handienetakoa da, sariak berak hamabi ikuskizun programatzen dizkigula. Hitzartuta daukagu 2025eko maiatzean Leioako Umore Azokan estreinatuko dugula emanaldia, eta aurrerago, gutxienez, Euskal Herriko beste hamaika herrietako kale jaialditan egongo garela: Hendaia, Gasteiz, Iurreta, Zarautz, Lekeitio, Bilbo, Lezo… Ikuskizuna proiektuaren parte bat da, baina, ari gara ere oholtzan haratagoko ekipoa osatzen: zaintzaz arduratzen direnekin, proiektua elikatzen dutenekin, proiektua zabaltzeaz eta lotzeaz arduratzen direnekin, eszenatokiko estrukturak sortuko dituztenekin… Ezinezkoa da batzuk emanaldian eta dantzan egotea, aipatutako lan hori egingo duen jendea ez badago, izugarri eskertzen dut pertsona hauen laguntza eta babesa.

Nondik jarraitu daiteke proiektua?

Proiektuaren nondik norakoen berri emateko, sare sozialetan aktibo egoten saiatuko gara. Momentuz, @argilunak.komorebiprodukzioa izeneko Instagram eta Facebook kontuak ditugu. Eta, edozein proposamen, zalantza, informazio gehigarri edota emanaldietarako interesik balu norbaitek, komorebi.produkzioak@gmail.com helbidera idatzi dezake.

Nolakoa irudikatzen duzu zure etorkizuna dantzari gisa? Eta hemendik kanpo?

Ofizioz, irakasle lanetan aritzen naiz, Lanbide Heziketan, Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastolan. Aukera hau baliatu nahi nuke irakaskuntzaren eta irakasleen aldeko aldarrikapen moduko bat egiteko. Hezkuntzak berebiziko garrantzia duela sinesten dut, eraldaketarako bitarteko boteretsua iruditzen zait, etorkizun justuago bat eraikitzeko asmotan, balore eta egiteko moduen transmisiorako tresna, hain zuzen. Kurtso honetan geldialdi bat egin behar izan dut, halabeharrez. Bizitzako zirkunstantzia ezberdinengatik, ez naiz aurkitzen irakasle gisa aritzeko gai. Edozein ikaslek behar eta merezi duen bidelaguntza eta sostengua ematea benetan ardurazkoa eta konpromisozko sentitzen ditut, eta honek kudeaketa eta lidergotza gaitasun handia exijitzen ditu. Aukera aprobetxatu nahi nuke nire lankideen lanari balioa emateko eta eskerrak emateko. Hanka bat puskatzen duzunean, bistakoa da, ulertzen da mina, ondoriozta genezake zenbat denbora beharko den mina baretzeko, zenbat sendatzeko, zein tratamendu posible dauden… Aldiz, barrutik puskatzen zarenean oso zaila da guztia. Ikusezina da guztia, ezkutuko egiten dugu, zaila da izendatzea, zaila onartzea, lekua ematea… Berriz ere, eskerrik asko gehien behar izan dudanetan, hor egon zaretenoi, neure burua maite ez dudanetan ni maitatzeko hautua egin duzuenoi, eskatu ezin izan ditudan besarkadak eman dizkidazuenoi. Argilunak prozesu honen guztiaren nolabaiteko heriotza izango da, eta era berean, gu guztion bertsio berrien erditzea, jaiotza. Eta aurrera begira zer? Ez dakit. Momentuz hemen eta orain. Hau kontatzeko beharra izan dut, eta honetan jarriko dut nire pasio eta indar guztia. Momentuan momentukoa bizitzen, presente egoten… sistemak garamatzan etengabeko bilaketa horri pixka bat frenoa jarri nahi diot kontzienteki. Kultura kontsumitzeko eta kultura egiteko moduak ez dira oso jasangarriak ezta osasungarriak ere… zerbait aurkeztu orduko, beste zerbaiten bila gabiltza, zerbait berriagoa exijitzen digute. Ikusiko da, beste momenturen batean ere beste zerbait kontatzeko beharra jaiotzen bazait… ezingo dut ekidin, gorputzak hitz egingo dit buruak egin aurretik.

Dokumentuaren akzioak