Dokumentuaren akzioak
«Nik uste nuena baino oinarri hobea eman dit euskal dantzak»
Balleto Teatro di Torinon dantzari dabil urtarriletik Axier Iriarte (Amasa-Villabona, 1996). Oinkari dantza taldean hasi, Aukeran konpainiara salto egin eta aurreko urtea bukatu arte, Dantzaz egitasmoan ibili zen. Etorkizuna du agertokietan.
Zer moduzkoa da Turin eta zer moduz moldatu zara hirira?
Oso gustura nago eta ondo egokitu naiz. Ikasle asko dago hirian eta beraz, kalean giro ona egoten da. Erlijiozko arkitektura eta jauregi asko dago eta eraikin historikoak asko dira. Arte garaikidea oso presente dago hemen eta antolatzen diren ikuskizunetara joateko ohitura dut; konpainia ezberdinek nik lan egiten dudan antzokian eskaintzen dituzten emanaldiak ikusten ditut, astean bitan behintzat. Jendeak badu interesa artean eta niri hori asko gustatzen zait. Ari naiz, pixkanaka italiarra menderatzen. Oraindik goiz da, baina pixkanaka ari naiz ikasten. Konpainian denok gaztelaniaz hitz egiten dugu eta bakarrik bizi naizenez, ez dut aukera gehiegirik izaten hizkuntza praktikatzeko. Hona etorri ginenean, aukera eman ziguten konpainiako dantzariak elkarrekin bizitzeko, baina nik bakarrik bizitzea erabaki nuen. Lanetik aterata deskonektatzeko aukera izaten dut modu horretara, bestela egun guztia dantzaren bueltan pasako nuke.
Non eta nola hasi zinen dantzan?
Ni hasi, euskal dantzetan hasi nintzen txikitan, arrebarekin batera. Oinkari dantza taldean eman genuen izena eta urte mordoa eman genituen bertan.
Txikitan dantza tradizionalarekiko joera gehiago al zenuen?
Bai, egia da. Villabonan ez zegoen ballet edo dantza garaikideko klaserik eta beste aukerarik ez zegoenez, euskal dantzetan zaletu eta trebatu ginen. Hiru urtez aurresku txapelketetan parte hartu nuen eta Ane Urruzola bikote nuela suelto txapelketetan ere aritu izan nintzen. Beti ibiltzen ginen lehenengoen artean eta sariren bat ere eskuratu genuen, baina gu gehienbat disfrutatzeagatik ateratzen ginen txapelketetan.
Nola bizi izan zenituen Oinkariren garaiak?
Oso dantzari onak zebiltzan bolada bat tokatu zitzaidan, bai nesketan eta baita mutiletan ere. Nik esango nuke, denek batera egin genuela gora. Ni baino zaharragoak ziren dantzari mutil oso onak zebiltzan taldean eta nik beti erreferentziatzat hartzen nituen. Astean behin, astearteetan, Edu Muruamendiaraz etortzen zitzaigun klaseak ematera eta hor bai balleteko barra moduko zerbait egiten genuen. Ni oso gustura aritzen nintzen horretan, izan ere, txikitatik gimnastika artistikoa gustatu izan zait. Beti aritu naiz luzamenduak egiten eta esango nuke, horregatik naizela flexiblea.
'Ari du' eta 'Itsasoaren emaztea' ikuskizunetan parte hartu zenuen Oinkarirekin.
Ari du ikuskizunarekin mugitu nintzen ni gehienbat. Orduan hasi ginen Oinkarin beste bide bat hartzen eta arropa, ideia eta koreografia ezberdinak lantzen. Itsasoaren emazteak emanaldiaren estreinaldia egin nuen baita ere eta orduko hartan, Kukai dantza taldekoekin batera, garaikideko pausu gehiago erabili genituen. Hor hasi zitzaidan dantza garaikidearekiko interes handiagoa.
Noiz erabaki zenuen dantzari izan nahi zenuela?
Momentu bat iritsi zen, non gauzak serioago hartu behar izan nituen. 12 edo 13 urterekin afizio bezala neukan dantza baina beranduago beste seriotasun batekin hartzeko eskatu zidaten eta nik nire burua presionatu behar izan nuen aurrera egiteko. Nik ere nabaritzen nuen hobetzen nindoala eta orduan, Aukeran konpainian sartzeko aukera sortu zitzaidan, herritik kanpora joatekoa. Gainera garai horretan, asko hazi nintzen eta gorpuzkera aldatu egin zitzaidan.
Mutil altua zara. Dantzarako egokia den gorputza duzula uste duzu?
1,86 neurtzen dut. Fisikoak badu zeresana dantza munduan. Altua izan arren azkarra naizela uste dut eta gorputzak dantzarako laguntzen didala esango nuke. Ni baino txikiagoa den dantzari batek beti izango du mugitzeko gatz gehiago, beraz, nire dantzatzeko era lasaiagoa da. Fisikoak beti lagundu izan dit nire ofizioan. Dantzari klasikoaren gorputz idealak zangoak, besoak eta lepoa luzeak ditu eta nik ematen dut irudi hori. Baina, beste gauza asko zaindu behar izaten dira.
Malgutasun handia duzu, adibidez.
Txikitatik horrekiko interesa izan dut. Telebistatik gimnastika erritmikoa ikusten nuenean mugimenduak errepikatzen nituen. Obsesionatua ere banengoen. Arrebak ere badu gaitasun hori eta genetikoa dela esango nuke. Gai naiz zangoa asko altxatzeko eta horrek publikoan harridura sortzen du.
Dantzariak gorputz jakin baten esklabo zarete?
Oholtza gainean zabiltzanean, zaindu beharreko gauza da fisikoa. Mutilok ez dugu presio asko jasotzen, gutxi ibiltzen garelako eta aukera gehiago dauzkagulako dantzarako. Emakumeek gehiago zaindu behar dute euren burua, presio handiagoa daukatelako. Gorputz jakin bat eskatzen zaie eta neska argalak gehiago estimatzen dituzte dantzarako.
Zergatik ibiltzen dira mutil gutxiago dantzan?
Ni Oinkarin hasi nintzenean, mutil bakarra nintzen. Ni nire saltsan eta gustura nenbilen baina mutil batzuk inguruan edukitzea eskertuko nukeen, erreferenteak edukitzeko, bestela arraroa sentitzen zarelako. Zaharren taldera pasa nintzenean, mutil gutxi, baina batzuk behintzat bazeuden eta haien babesa jaso nuen. Dantza garaikidean eta balletean mutil gutxi ibiltzen direla, askori balleta oso femeninoa iruditzen zaielako. Mugimendu sotilak dira balletean egiten ditugunak, baina horrek ez du zertan esan nahi femeninoak direnik. Aurreiritzi asko dago horrekin.
Nola eman zenuen zuk saltoa dantzari profesional izatera?
Batxilergoa oso gogorra egin zitzaidan. Oinkarin eta Aukeranen nenbilen aldi berean eta entsegu ordu asko izaten nituen, hortaz, eskolara nekatuta joaten nintzen. Hala ere, azkarra naiz eta aurrera atera nituen ikasketak. Karrera aukeratzeko momentua iritsi zenean zalantza asko nituen eta orduan, Ane Anzak Dantzazen hasteko proposamena egin zidan. Aukeranetik ezagutzen nuen eta bera Dantzaz konpainian ibilitakoa zen. Nik ez nuen nire burua gai ikusten, ustez, balletaz eta dantza garaikideaz asko ez nekielako. Probatzeko gogoa jarri zitzaidan eta klase bat ikustera joateko aukera izan nuen. Horrela Mugi plataforma bidez hasteko proposamena egin zidaten. Gazteoi aukera ematen zaigu, konpainian bertan hasi aurretik, urtebetez Dantzazen ikasten aritzeko.
Zer moduzko aukera izan da Dantzaz egitasmoan parte hartzea?
Adriana Pous izan genuen bertan zuzendari artistiko bezala eta asko lagundu dit. Pertsona bezala ikaragarria da. Urte eta erdi eman dut konpainian eta gaur egun dakidan guztia han ikasitakoa da. Edonorentzat gomendagarria da. Pertsonalki asko eman dit eta nahiz eta Euskal Herriko konpainia izan ingelesa praktikatzeko aukera ere izan dut. Gainerako ikasleak Belgika, Finlandia eta beste hainbat herritatik etorritakoak ziren eta koreografoak ere nazioarte mailakoak etortzen zitzaizkigun bisitan. Agertoki ezberdinetan egin izan dut dantza: tabernetan, hondartzan, museoetan, baina baita antzoki handietan ere. Esperientzia izugarria izan da. Orduan konturatu nintzen euskal dantzek oinarri sendo bat eskaini zidatela dantzarako, nahiz eta ni horretaz ohartuta ez egon. Gerora ikasi dudan guztiaren abiapuntua hor dago. Gorputzaren goiko partea, adibidez, ez da erabiltzen euskal dantzetan eta besoak gehienetan ez ditugu mugitzen. Kostatu zait baina pixkanaka ari naiz nire gorputza guztiz ezagutzen.
Eta Italiara joateko aukera nola sortu zitzaizun?
Aureo izeneko ikuskizuna prestatu genuen aurreko urteko urrian, Bilboko Arriagan emateko. Handik astebetera, Victoria Eugenian aritu ginen Donostian. Turingo koreografoak ikuskizuna ikusi zuen eta handik bi asteetara hots egin zigun. Niri eta Dantzazeko beste kide bati, Agustin Martinez irundarrari, curriculuma eta inprobisazio batekin egindako bideo bat bidaltzeko eskatu zigun. Hurrengo egunean luzatu zigun Balleto Teatro di Torinon aritzeko proposamena. Olatuak ekarri nau hona, ia oharkabean.
Zeintzuk osatzen duzue konpainia?
Hiru mutil eta hiru neska gara. Konpainia txikia da eta horrelakoetan zailagoa izaten da askotan lan egitea. Agustin eta ni Euskal Herrikoak gara eta gainerako dantzariak Espainia, Frantzia eta Italiakoak dira. Urtarrilean etorri ginen eta epe mugarik ez du kontratuak. Oraingoz gustura nago hemen.
Nola da eguneroko martxa zuen dantza konpainian?
Guk balleteko klasea izaten dugu, egunero, goizeko 10:00etan. Gorputza esnatzeko eta berotzeko erabiltzen dugu saio hori. Pixkanaka egiten dugu esnatze prozesua, behatzak eta zangoak luzatzen ditugu eta gorputza berotzeko balio digu horrek. Hamabost minutuko atsedenaren ondoren, berriz estudiora bueltatu eta egunaren arabera gauza ezberdinak egiten ditugu. Koreografiak ikasteko baliatzen dugu tarte hori; Marco de Alteris koreografoa egoiliarra da Turinen eta berarekin batera entseatzen ditugu dantza berriak. Bazkalostean ere pieza ezberdinak prestatzen ditugu. Egun guztiak ez dira berdinak izaten eta gure zuzendariak kontuan hartzen du gu nola gauden. Nekatuta egonez gero, lasaiagoak izaten dira saioak.
Sormenerako aukera daukazue zuen konpainian?
Hori Dantzazen ikasi genuen, oinarrizko ezagutza batzuk eman eta hori garatzeko aukera ematen ziguten. Zuretik gehiago jarri behar izaten duzu. Hemen Turinen oraindik ere handiagoa da lan hori, minimo bat eman eta zuk zeuk sortu behar izaten duzu guztia.
Gustuko duzun estiloren bat ba al duzu?
Entrenamendu bezala eta teknika bezala, gorputzaren kontrolerako balleta asko gustatzen zait. Baina gero, ballet klasiko bat egitea ez litzaidake hainbeste gustatuko. Garaikidearen barruan estilo asko daude eta konpainia bakoitzak berea jorratzen du. Oraindik bilatzen ari naiz non kokatu neure burua. Turingo konpainian koreografia ezberdinak egiteko aukera izaten dugu eta beraz estilo ezberdinak proba ditzakegu.
Emankizun asko eskaintzen dituzue?
Balleto Teatro di Torino izena duen arren, ez dugu balleta egiten. Aurreko koreografoarekin klasikorako joera handiagoa zeukaten baina oraingoarekin, dantza garaikidea lantzen dugu gehienbat. Herri ezberdinetan aritu gara eta horri eskerrak Italia ezagutzeko aukera izan dut. Urtarrilean, esate baterako, emankizun asko izan genituen, astean bitan eskaintzen genituen saioak. Orain bolada lasaiagoa dugu.
Leku asko ezagutu dituzu dantzari esker?
Bai. Batez ere, Oinkariren eskutik. Udan bidaiak egiten genituen eta dantza folklorikoko jaialdietan parte hartu izan dugu. Ingalaterran, Errumanian, Danimarka, Herbehereetan izan naiz eta Korrontzirekin egiten genuen elkarlanarekin ere Frantzian eta Espainian zehar ibili izan naiz. Aukeran dantza konpainiarekin Munichen izan nintzen, adibidez.
Non ikusten duzu zure etorkizuna?
Ez dut gehiegi pentsatzen. Gauza bat pentsatu eta beste bat ateratzen baitzait. Intuizioan asko sinisten dut eta niri gustatuko litzaidake konpainia batean aritzea non estiloa eta kokagunea gustatzen zaizkidan. Etorkizunak esango du.
Laburra al da dantzari profesionalaren bizia?
Dantzari batzuei oso laburra gertatzen zaie. Mugatua da gure mundua eta ez dago nahi bezainbeste lan baina dantzari ona izanez gero luzaroan segitzeko aukera duzu. Gure konpainian, adibidez, 44 urteko dantzari bat dago eta oso ondo dabil. Hala ere, irteera asko daude dantza munduan: balleteko klaseak eman ditzakezu edo koreografo lanetan sartu. Aukerak badaude, bilatzen ikasi behar, ordea.
Iriarteren dantza ibilbidean izan dituen irakasleen iritziak
ENEKO ARTEAGA
Oinkari Dantza Taldea
«Hasieratik, elastikotasun handia erakutsi zuen eta dantzari planta antzematen zitzaion. Ikusten zen urrutira iritsi zitekeela»
«Oinkarik Axierri lagundu dio, bera garai hartan aktore nagusietako bat izan zen gure ikuskizunetan eta, beraz, Oinkariri ere asko lagundu dio Axierrek».
«Ibilbide berri honekin harrituta geratu naiz. Gaztea zenean dantza tradizionala egin nahi izaten zuen eta ez zen gustura sentitzen dantza garaikidearekin nahasten bagenion. Orain, berriz, aldaketa erabatekoa egin du eta bide horretatik darama bere ibilbidea».
«Kirolariena bezala dantzarien bizitza laburra da eta Axierrek lortu duena ez du Villabonan beste inork lortu. Etapa polit eta labur hau gozatu dezala, Oinkaritik oso harro gaude gure eskuetatik pasa den dantzari bat hain urruti iritsi izanaz».
EDU MURUAMENDIARAZ
Aukeran dantza konpainia
«Gaztetatik izan da Axier dantzari fina, zerbait berezia zeukala ikusten zitzaion. Oinkarin zebilela, mutil gaztea eta alturaz baxua zela ikusten nuen. Gero bi urteetan izugarrizko saltoa eman zuen, hazi egin zen gorputza aldetik eta dantzari bezala. Eta horrela sartu zen Aukeranen».
«Maila horretan, mutilak nahikoa gutxi ibiltzen gara dantza munduan. Bere pasioa da dantza eta hori nabaritzen zaio. Baldintzak dauzka dantzarako. Hor goian ibiltzeko eta ballet handietan aritzeko aukera du».
«Mundu profesionala zer den jakingo du orain eta Torinoko lana erakusleiho bat izango da berarentzat. Mundu horretan sartu bada, bertan jarraituko du eta seguru nago beste konpainietan ikusiko dugula etorkizunean».
ADRIANA POUS
Dantzaz konpainia
«Aneren eskutik etorri zen klase bat ikustera, oso modu lotsatian. Lehen egunean ez zuen parte hartu eta begira egoten zen bazterretik. Baina segituan berriz etorriko zela esan zigun eta behin erabakia hartuta buru-belarri sartu zen Dantzazen».
«Axierrek emanaldi askotan hartu du parte. Hondartzan egin genuen Txoriak emanaldian aritu zen lehen aldiz, Josu Mujikaren koreografiarekin. Gero nazioarte mailan egiten ditugun biratan parte hartu du eta urrian estreinatu genuen produkzioan aritu zen. Horrek eman zion aukera Turingo konpainian parte hartzeko».
«Axierrek gaitasun handia du dantzarako. Oso ibilbide polita izango du, ziur. Pertsona bezala ikasten joango da, eta beste arte eta diziplina batzuetara zabalduz gero, artista bezala aberastuko da. Bizitzan eta dantza munduan pasaeran gaude eta gauden bitartean disfrutatu egin behar dugu»
Dokumentuaren akzioak