Dokumentuaren akzioak
«Nik uste luzerako izango dugula Herri Musikaren Txokoa»

Eusko Ikaskuntzaren 2024ko Manuel Lekuona Sariak Soinuenea-Herri Musikaren Txokoaren sortzailearen, Juan Mari Beltran Argiñenaren, lana goraipatzen du, musika ondare tradizionala berreskuratu, babestu eta transmititzeagatik. Gaur izanen da sari emateko ekitaldia, Oiartzungo Landetxe aretoan, eta egun gutxi lehenago jo dugu kax-kax Soinueneko atea.
Ez da lehenengo aldia, ez da azkena izanen, bizi-bizi baitago Oiartzungo museoa eta aukera tentagarriak eskaintzen baititu (Newsletter-ean izena emanda atera gara elkarrizketatik). Txirrin indartsua da etxe honetakoa, eta aditzean burua leihora atera eta nor den begiratzeko ohitura dute. Elkarrizketak ematen ari da 1947an Donostian sortutako sortzaile, ikertzaile, musika sustatzaile eta irakaslea, lana utzi gabe, Orkatz, Itziar eta Joseba lankideekin batera.
2.000 soinu-tresnaren fitxak dituzte Soinuenean; herenak baino gehiago hemengoak dira; gainerakoak, mundu zabalekoak. Dokumentu, disko eta soinu-tresnen abaroan solastatu gara Beltranekin.
Zorionak! Nola hartu duzu sari hau?
Gustuz. Oso goxoa eta atsegina izaten ari da. Egin dugun lana baloratu eta saritu dute. Pluralean diot, bakarrik gutxitan ibili naizelako. Landa lanean, eskolan, musika emanaldietan... Momentu batzuetan batzuk izan dira, besteetan besteak. Duela 30 urte hona etorri nintzenetik hasi ziren boluntarioak laguntzen.
Zer eman dizue sariak zuri eta Soinueneari?
Lehenengo eta behin, bozgorailu bat izan da; jendea enteratu da, zoriontzeko deitu du. Errekonozimenduaren zabalpena ematen du bereziki. Bestetik, poz handia. Niretzat badago karanbola polita, zeren eta Manuel Lekuona saria da. 1990ean Jorge Riezu [hormako bere argazkia seinalatzen du] Aita Donostiaren kantutegia prestatzen ari zela eta laguntza behar zuela esan zidaten. Lau tomo ziren eta lau urte egin nituen. Bi urte eta erdira hil egin zen eta bakarrik segitu nuen. Riezu jakintsua zen; asko ikasi nuen harekin. Manuel Lekuona hirugarren sariduna izan zen. Berarentzat hori zen zeukan sari handiena. Ni 41.a naiz. Gainera, saria non eta Manuel Lekuonaren herrian jasoko dut, oiartzuarra baitzen bera.
«Soinu tresnak Euskal Herriko musikan» entziklopediarekin ari zarete. Hirugarren liburukia duzue esku artean.
Soinueneko lau langileok buru-belarri gabiltza horrekin. Hirugarren liburukiak menbranofonoak eta idiofonoak bilduko ditu. Eta laugarrenak eta azkenak, kordofonoak eta bestelakoak. Ondorio batzuk ere hor joango dira.
Soinuenearen egoitza berria ere gauzatuko dela dirudi, Oiartzunen bertan. Kontatu.
Orain erabaki da egoitza berria Arraguan egitea. Bada urbanizazio berri bat eta hor aukera daukagu egoitza askoz handiagoa egiteko: hau baino lau aldiz handiagoa metrotan. Izan ere, hasieratik garbi geneukan hemen ez zela proiektua kabitzen.
30 urte etxe honetan sartu zinetela, 1995eko udan.
Liburuak etxetik ekarri, soinu-tresnak, diskoak, filmazioak, argazkiak... Apaletan antolatzen eta fitxak egiten hasi ginen. Baina zentroa 2002ko martxoaren 1ean ireki zen. Martxa polita daramagu. Jendea gogotsu dago, eta ez hori bakarrik, ikusten dugu nolako harrera duen, nolako zerbitzua betetzen ari garen; presentziala eta, gaur egun jada beste horrenbeste ez, askoz gehiago dena, Internet, kontsultak eta eskaerak mundu osotik, halako artikulua, halako grabazioa. Beste batzuek euskarri fisikoko dokumentazioa kontsultatzen dute. Lehengoan Iruñeko neska bat etorri zen ostirala eta larunbata pasatzera. Etxetik ekarri zuen behar zuena, hor eseri zen, zu zauden leku berean, eta lanean aritu zen, gradu bukaerako musika lan baterako.
Zu etorri baino lehentxeago mutil batek deitu du tesia prestatu behar duelako ingurutxoari buruz. Guk egin genuen ingurutxoari buruzko CD-liburu bat eta etorri nahi du horren inguruko informazioaren bila. Nik uste luzerako izango dugula Herri Musikaren Txokoa.
Zer bilakatu da?
Izan nahi zuena da. Sustatzaileak gara eta topagune oso egokia da hau; jende asko juntatzen da, denetarik egiten dugulako: kontzertuak, jardunaldiak, tailerrak. Zarrabetearen inguruan badagoela elkarte bat, haientzat eguna antolatzen dugu hemen [zarrabetea da justu argazki saioan jo duen harizko instrumentua]. Hori bilakatu da, eta ez hori bakarrik. Oporraldia iristen da eta hau haurren topagune bat da musikarekin jolasteko. Udan hots-jostailuak egiten ematen ditugu goizak. Markina-Xemein eta Mutrikukoak izan berri ditugu. Bisita bikoitza egin dute, batzuek erakusketa ikusi bitartean besteek hots-jostailuak egin dituzte, eta gero alderantziz.
Zein da etxe honen sorburua?
Ni musikan Etxarrin hasi nintzen, baina 15 urterekin Donostiara joan nintzen familiarekin. Han hasi nintzen Isidro Ansorenarekin txistuan, eta auzoko kuadrillarekin. Argia dantza taldean ari ginela, Goizaldi taldetik etorri zitzaigun Urbeltz bere proiektuarekin, Oteiza tartean zela. Geroztik folklorea eta herri kultura beste era batera ikusi genituen. Oteiza gurekin etortzen zen askotan emanaldietara. Dantzen jatorriko tokietara joan, ikasi eta grabatu egiten genuen. Hasierako grabazio gutxi daude; ez ginen jabetzen zein inportantea zen dokumentua gordetzea. Zinta bat erabili, datuak atera, eta zinta bera erabiltzen genuen.
Jornaletik kanpo musikan lortutako dirua guretzat izaten zen, liburuak erosteko, diskoak, grabagailu bat, soinu-tresna bat... 14 urte nituela aita zenak anaia Bixente eta bioi danbolin bana oparitu zigun eta nire danbolin hori bilduman dago. Nik erositako lehen soinu tresna, aldiz, Isidro Ansorenak egina da. Berarekin ikasten ari ginela, Donostiako auzoetara eta inguruko herrietara bidaltzen gintuen txistua jotzera. Halako batean esan zigun anaia Bixenteri eta niri: ‘Miranda de Ebron txistulariak behar dituzte’. Hiru egunerako joan ginen. Diru asko irabazi genuen, eta diru horrekin Ansorenak egiten zituen txistu horietako bat erosi nuen. Ez zegoen ideiarik inongo bildumarik osatzeko. Baina bilduma hor hasi zen.
Añorgan jotzen ari ginela etxe batean txistu zahar bat zegoen. ‘Nahi duzue? Tori’. Bitrinan dago hori ere. Kanpora ateratzean, hor bai aprobetxatzen nuen hango zeozer ekartzeko. Hala, bilduma handitzen joan zen. Aurreproiektu bat idatzi nuen, lagundu nahi eta ezinagatik, galdetzen baitzidaten hau eta bestea eta ez bainekien zer kaxatan zeuden. Inbentariatzen hasi nintzen, eta ateak jotzen. Oiartzun leku ona iruditu zitzaidan.
Bilduma elikatzen jarraitzen duzu...
[Eskuratu dituen azken soinu-tresnak erakutsi dizkigu. Oihalean bilduta ditu eta kontuz-kontuz zabaldu ditu. Jotzen hasi da]. Argentinako indigenen bi flauta dira.
Soinuenea irakaskuntzarekin uztartu izan duzu. 30 urte eman dituzu musika eskolan. Nola bizi izan duzu irakasle-ikasle harremana?
1985ean Hernaniko musika eskola jarri zuten martxan eta hor hasi nintzen serio herri musikako soinu-tresnak erakusten. Hasieratik garbi neukan jendea animatu behar genuela ez ikastera bakarrik, kalera ateratzera ere bai. Bigarren ikasturterako Txalaparta Festa antolatu genuen. Nik erakusten dut, baina ikasleek ere berea ematen dute. Erritmo bat erakusten ari naiz txalapartarekin, eta ez dute lortzen esandakoa egitea, baina egiten dutena oso polita da. Nola egiten dute? Erne bazabiltza zuk ere hartzen duzu, eta gero eman. Niretzat musika eskola etxe bat zen, eta han beste familia bat nuen. Familia horrekin apirilean kontzertua dugu San Telmo museoan. Osatu ditudan talde gehienak ikasleekin osatu ditut.
Hala transmititzen da kultura musikala eta herri musika.
Transmisioa emateko komunikazio bideak behar dira, eta hori aldatzen ari da. 11 urterekin Etxarrin txistua eta klarinetea jotzen hasi nintzenean, kiosko inguruan izaten ziren gazteenak. Horren segidan, bazegoen beste eraztun bat, koskorragoena. Gero, beste bat, non jada bikoteak egiten ziren. Borobil zabalenean, senar-emazteak, helduak... Baina umeak denean barna jolasten. Gaur egun, plaza batean bakarrik adin honetakoak daude, beste honetan besteak... Hala zailagoa da transmisioa.
Nola definituko zenuke herri musika?
Ez dago inor markatzeko ‘hau da eta hau ez’. Zaila da ez aurkitzea herri musika Mozart, Beethoven edo Penderecki entzutean. Aita Donostiaren obra modernoenetakoa, ‘En busca del santo grial’, gure erritmo tradizionalarekin hasten da. Bela Bartok izan da XX. mendeko abangoardiako konpositore bat, baina 30.000 doinu bilduta bere taldekoen landa-lanean. Unibertsala den horrek hartzen badu berezitasunen bat, herri musika da. Toki bakoitzean bere berezitasuna hartzen du eta bertakoa egiten da.
Dokumentuaren akzioak