Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Nik ez dut berritzen tradizioa hausteagatik

Dokumentuaren akzioak

Nik ez dut berritzen tradizioa hausteagatik

Edu Muruamendiaraz

Egilea
Estitxu Eizagirre eta Ixiar Eizagirre
Komunikabidea
Argia
Mota
Elkarrizketa
Data
2000/12/10

- Nola ikusten duzu dantzan egin duzun ibilbidea?

Oso gustura nago, eta gaur aukera pilo bat ikusten ditut. Dantzan hasten zarenean ez dakizu zer aterako den, gainera dantzaren mundua oso itxia eta iluna da: zazpi urterekin hasi nintzen dantzan, Bergaran, eta handik ikusten zen lorpen gailurra herriko festetan dantzatzea zen. Donostiara etortzen zara, eta gorena da dantza folkloriko talderik ezagunenetan sartzea (Eskola, edo Kresala...). Eta jada ez da besterik ikusten. Nik txapelketak uztea erabaki nuen. Nire ametsa zen inork lortu ez zuena lortzea: hiru urtetan aurresku eta arin-arin eta fandangoko txapeldun izatea. Hori lortu eta jada ez nuen gehiago jarraitu nahi izan, nahiz eta ziur aski posible izango zen. Eta niretzat erabaki inportantea izan zen, utzi eta gero zer demontre egingo nuen ez nekielako. Poliki-poliki ate berriak ikusten dituzu: koreografiak, dantza klasikoa, kontenporaneoa, folklorikoa berritzea, espektakuluak montatzea jende gutxirekin... Jende gazteak dantzaren mundua zeinen zabala den eta zer aukera ematen dituen ikusiko duela espero dut. Gazte batzuek txapelketak bakarrik daudela ikusten dute, eta hori "palo bat" da. Txapelketetara behartuta joaten zara, gurasoek esaten dizutelako, eta ez baduzu irabazten aita-amek sekulako iskanbilak izaten dituzte bien artean, edo beste gurasoekin... konpetentzia nazkagarria! "Zenbat diru ematen dute?", galdetzen ari dira 12 urteko umeak gaur egun. Baina zertan ari gara jolasten?

- Tradizioari eutsita gauza berriak esperimentatu dituzu; zer beharrek eraginda?

Denak eboluzionatzen du, bertsolariak aldatu dira, trikitilariak ere bai... eta dantzak ere aurrerapauso bat egin behar du. Hori bai, dantza tradizionalak ez daitezela galdu! Nik ez dut esan nahi hemendik 15 urtera nik esperimentatu dudana dantzatuko denik. Ni ez naiz inor esateko zerekin apurtu eta nondik segi behar den, eta gainera nik ez dut tradizioa hausteagatik egiten, nire asmoa da gauza berriak egitea, beste mundu batzuetara zabaltzea eta denetik nahastea. Eta berritzeko, lehendabizi egin behar dudana da dantza tradizionalak ikasi eta hortik abiatuta gauzak aldatzen jarraitu. Azken koreografiarako, esaterako, hiru hilabetetan zehar egon ginen Sestaon erregelen dantza ikasten, eta hortik aurrera guk moldatu dugu gure ikuskizunerako. Jendeak ere gero eta gehiago eskatzen dizu gauza berriak egiteko. Jendea, seguruenik aspertuta dago betiko dantzak ikusteaz, eta gero eta gutxiago antolatzen dituzte halako dantzen emanaldiak: ikurrin dantzak-eta bai, herriko festetan izan dezakete euren lekua, baina espektakulu gisa ez dute jendea eramaten, hori galtzen doa. Guk aurten 30 emanaldi izan ditugu, eta hori astakeria da Eskola dantza taldea edo folklorean punta-puntan dabiltzan beste dantza taldeekin konparatuz gero (Eskolak aurten hiru bat emanaldi egingo zituen, bidaiak kenduta).

- Nola hartu dute berrikuntza hori?

Ez naute kontuan hartzen. Lehenengo koreografia -"Aukeran"- egin genuenekoaz gogoratzen naiz: arin-arina da, eta Arratiara joan ginen, hango eran dantzatzen ikasteko. Nik Gipuzkoako arin- arina nekien, eta orduan bi estiloen arteko nahasketa bat egin nuen eta istoriotxo bat jarri: neska-mutilen arteko harremanak. "West side story" filma ikusi genuen, eta ukitu hori ematearren jantziak aldatu genituen: neskak Euskal Herriko korpiñoekin, eta apropos egindako gona luze koloretsu batzuekin; eta mutilak galtza bakerotan eta txaleko batekin. Beraz, dantza betiko arin-arina zen, jantzia zen aldatu genuen bakarra. "Primera muestra de nuevos coreografos" beka eman ziguten 1997an, eta bertan egin genuen "Aukeran" koreografia hori. Normalki saltsa horretan dantza guztiak garaikideak izaten dira eta ikuskizunera joaten direnak ere beti izaten dira garaikide mundukoak. Gu sartu ginenean oso tradizional ikusten gintuzten, oso "baskito", eta gure koreografiak ez zuen eraginik izan. Gero Seguran aurkeztu genuen koreografia bera. Suposatzen da Segura purista eta tradizional ortodoxoen sehaska dela, eta pentsatzen nuen "ama! a zer saltsa izango duguna hemen", baina beste alde batetik ongi zegoen hantxe bertan esperimentatzea. Joan eta denetarik entzun genuen: batzuentzat oso ondo omen zegoen, asko gustatu zitzaien; beste batzuk ea zer uste genuen arin-arina galtza bakeroekin dantzatzeko...

- Eta dantza garaikidekoek nola ikusten dituzte zuen berrikuntzak?

Behin garaikideko saltsa horietako batera joan ginen eta "Akilimarro" koreografia dantzatu genuen: Mutilok kamisetarik gabe atera ginen, eta maila batzuekin. Noski, gure gorputzak ez dira "Danone" horietakoak, eta garaikideko jendeak berehala: "baina nola irteten zarete piura horrekin, mitxelinak zintzilik eta galtza elastiko estutan? Hori modaz pasea dago...", eta nik "baina nola modaz pasea? Hori dantza tradizionala hausten duena da eta...!". Noski, ni beste mundu batean bizi naiz, eta garaikidekoentzat oraindik lekutan gabiltza.

- Teknikak berak ez al du eragiten berrikuntza?

Bai, garai bateko dantzariek teknika txikiagoa zuten. Guk orain teknika handia dugu eta aukera gehiago dago ikasteko; orain, esate batera, klasikoa eta garaikide pixka bat ikasten ari naiz. Beraz, beste munduetatik eragin apur bat hartzen baduzu, gero berrikuntzak sartzen dituzu. Azkenean, pauso bat hartu eta zuku gehiago atera badakioke, airean buelta bat beharrean bi eman baditzaket, nik egin egingo dut, teknikoki posiblea delako. Eta ez dezatela esan buelta bakarra eman behar dudanik orain 15 urte hala egiten zelako, gaur bi eman ditzakedanean! Zergatik ez dut hanka bururaino jasoko? Orain dela 15 urte gizonek bular pareraino jasotzen zutelako? Ziur aski, nik orain 15 urte ikasi nuena eta orain dakidana oso ezberdina izango da eta, jakina, nik orain dakidana erakutsiko dut. Ume batek gauza zailagoak egin baditzake, nik esan egingo diot posibilitatea baduela eta egin egin behar duela, ez du zergatik betiko arauetara mugatu behar.

- Entrenatzeko modua ere ezberdina izango zen...

Teknikoki, ez dago konparatzerik ni hasi nintzeneko egoera eta oraingoa. Ni lehenengo txapelketara Pasaiara etorri nintzen dantzatzera (18 urterekin); orain txapelketa aurretik entseatzeko beroketa pila bat egiten duzu... baina orduan bai zera! Irakaslea (Moises Azpiazu) etorri eta hasten zen: "benga, hanka altxatzera!" eta zu bat-batean hanka lurretik bururaino altxa nahian, entseatzen hasi eta bost minutura izerdi patsetan... Astakeria hutsa zen! Muskulu-zuntzak apurtuta etorri nintzen Pasaiara; nik ez nekien zer nuen, hori bai, min galanta, baina Bergaratik nentorren lehenengo txapelketara eta ezin nuen ezer esan. Etorri eta dantzatu egin nuen. Azkena gelditu nintzen. Buruan grabatua gelditu zait epaimahaiko batek esandakoa: "zu ez zara inoiz dantzari ona izango". Halako mina egin zidan! Poliki-poliki ikasi eta hobetzen hasi nintzen, eta hamar urtera irabazi nuen aurresku txapelketa.

- Orain entseguetan beroketez gain, barra klasikoa egiten duzue...

Bai, eta Gipuzkoako dantzak, gainera, oso lotuta daude klasikoarekin. Astean bi egunetan joaten naiz klasikoa ikastera. Demontre, hori beste kontu bat da! Teknikoki asko ikasi dut klasikoan, gorputza kontrolatzen eta halakoak. Zaila da niretzat, ze euskaldunok hankak bai, oso arinak ditugu, baina ez gara askorik mugitzen gorputzez. Klasikoan, aldiz, oso ezberdina da, agian indar gutxiago behar da baina gehiago mugitu behar da.

- Klasikoaz gain garaikidea ere ikasten hasi omen zarete aurten.

Zeharo ezberdina da: Euskal Herriko dantzetan beti pauta bat segi behar duzu, pauso eta dantzaren zatiak oso zehaztuak daude; fandangoak lau zati ditu, eta ez gehiago! Eta garaikidea justu kontrakoa da: orain lurrera erori, gero altxa... behatz bat mugitu, eta jada garaikidea da! Gorputza askatzea eskatzen du, gorputz osoaren espresibitatea. Eta hemengo dantzatara jarria zaudenean, gero beste dantzak ikastea zaila egiten da, baina tira, ikasiko dut, oso burugogorra naiz eta! Teknikoki garaikidean ez duzu hainbeste indar behar, ez duzu halako kondizio fisikorik behar, eta arin-arinetarako 22 urte ez ditudanez, igual beste mundu horretan aproba egiteak ere merezi du... Esaterako, fandango eta arin-arina dantzatzen hastean, hutsetik hasita hiru segundutarako aritu behar duzu tope-topean dantzan, eta garaikidekoek ordu eta erdiko dantza askatuko saio bat ikusten dutenean, etengabe erritmo bizian, flipatu egiten dute!

- Zuen emanaldietan musika instrumentu berriak ere sartu dituzue...

Nik agurra kontrabaxu batekin dantzatzen dut. Zergatik ez? Ez da gurea, bale, baina izugarri ondo gelditzen da, eta agur normal bat da, baina ni jada aspertua nago txistuarekin dantzatzen. Alboka sartu dugu eta hori bertako instrumentua da, baina orain arte oso gutxik dantzatu du txalapartaren erritmora eta hori ere egin dugu. Orain nire asmoa da agurra beste batzuek abestea eta nik dantzatzea. Berritu nahi dut, baina ez aurreskua baztertzeko zentzuan: aurreskua ongi dantzatuta gozamen handia da, eta gurea da; arin-arin eta fandangoak ere gureak dira, baina buelta bat gehiago sartzeko gai banaiz, hobe.

- Jantziak ere aldatu dituzue.

Jantziak gaiaren arabera hautatzen ditugu. Ramon Garcia gure diseinatzailea pilo bat dokumentatzen da jantzietarako. Asko ikertzen du, toki askotara joaten da argazkiak ateratzera... eta berak badaki norentzat diseinatzen duen: badaki txapelketa baterako jantziak egiten, baina badaki gure espektakulurako beste jantzi batzuk behar direla, dantza ere zeharo ezberdina delako. Adibidez, "sokadantza" Bizkaian dantzatzen da, zuriz eta gerriko gorria jantzita. Orduan, diseinatzaileak guretzat traje zuri bat egin du, baina guztiz ezberdina. Badirudi erabat diseinokoa dela.

- Nola ikusten duzu dantza eskolen egoera?

Bolada batean gero eta jende gutxiago apuntatu da dantza ikastera. Orain poliki-poliki hasi da jendea sartzen, baina herri batzuetan galdu dira zituzten herriko dantza guztiak. Beste aldaketa bat da mutilak hasi direla dantzara hurbiltzen; lehen, esaterako, taldeetan 100 neska eta 5 mutil izaten ziren. Dantza beti izan da "mariken" gauza eta oraindik jarraitzen du fama horrek. Eskaintza zabala dagoela da umeak dantzan hasteko beste eragozpen bat. Lehen solfeoa eta erlijioa bakarrik genituen, eta gaur pilota, judo, pandereta, informatika...

- Dantza taldeek, beraz, gero eta arrakasta gehiago dute partaide kopuruan. Azpiegituraz ari al dira hobetzen?

Azpiegituraz oso gaizki dabiltza, beti eskean, eta nire ustez okerrera doaz; zer edo zer aldatu beharko da. Oso gogorra da gero! Dantza talde batera "por amor al arte" zoaz, alegia hutsa kobratzen duzula. Bakoitzak gure lan "ofiziala" izaten dugu dantzatik aparte, eta beti orduz kanpo joan behar duzu: arratseko 20:00etatik 22:00etara edo... Nik uste gauzek aldatu beharko dutela, eta azkenean taldeetan kobratzen duen jendea egongo dela, ze bestela, dantza asko gustatuta ere, hainbesteraino sufritzea zaila da. Behin urteak aurrera doazela, ez zaude prest urtean bidaia bat egiteagatik edo Kursaaleko aktuazio bategatik edozer egiteko.

- Munduan zehar ibilia zara dantzan; Japoniakoa bitxia izan zen gainera...

Japoniako Marugone herria Donostiarekin anaitua dago, eta hango festak zirenez, hemengoak ordezkatzera joan ginen. Etorbide batean jarri zuten oholtza bat, eta bertan alkatea, ez dakit nongo koronela... agintari gorenenak, eta gu han ondoan! Ez genuen zipitzik ere ulertzen, eta desfilea hasi zen: megafoniatik musika jartzen zuten denentzat, eta konpartsa guztiek mugimendu berberak egiten zituzten, kimonoaren kolorea zen aldatzen zen gauza bakarra. Hiru orduz egon ziren japoniar mordoa pasatzen eta pasatzen, denak berdina egiten, eta hemendik joandako laurok hiru orduz egon ginen asper-asper eginda. "Donostiakoek ere desfilean parte hartu behar dute" esan zuten. Eli eta biok bakarrik geunden dantzarako, eta bikote batekin nola demontre egin daiteke desfilea? Bada egin genuen. Gurekin joandako trikitilariak hasi dira jotzen, eta japoniarrak flipatzen! Imagimatu, pasakailea den errazarekin, eta japoniarrek ez zuten erritmoan asmatzen! Euren dantzatan orekak du garrantzia, baina erritmoa zer den ez dakite ia... Erdi-erdian jarrita fandango eta arin-arinak, agurra, banakoa egin genituen... primeran atera ginen pasotik.
- Zer proiektu dituzu aurrera begira?

Bi proiektu dauzkat, bata "Sutarri" deitzen den espektakulu berria, orain arte egin ditugun beste ikuskizunak lotzen dituena. Espektakulu hau saltzeko egin dugu, alegia Espainiako Estatuan eta beste kanpoko herrietan emankizunak emateko. Horretarako eszenaratzea asko landu behar dugu (Garbiñe Losada, A2 Antzokiko zuzendariarekin), argien diseinua ere zainduko du Carlos Salaberrik, eta banatzaile bat ere badugu, saltzeaz arduratuko dena. Hori guretzat oso garrantzitsua da. Orain artean ni arduratu naiz saltzeaz, baina guk eskatzen dugun dirua ez badute ere baietza ematen duena ni naiz, eta gero taldekideek amorrazio ederra! Proiektua atera dadin kideok ekonomikoki inbertitzea da gure apustua. Enpresa moduan antolatuta, behar dugunean kontratatuko ditugu dantzariak, edo koreografoak, edo behar dena, eta espektakulua montatu. "Kulunkan" deitzen den espektakulua ere hor dugu, oso minimalista. Josetxo Goia saxofoijoleak, Maddi Oienart abeslariak, eta hiru dantzarik -Patxi Laborda, Eli Alberdi eta ni- parte hartzen dute. Espektakulu honetan produkzio-etxe batek jarri du dirua, eta ikuskizuna oraindik montatzeko dagoela, jadanik zazpi-zortzi emankizun atera dira datorren urterako.

- Fisikoki iritsi zara zure gorenera?

Beheraka noa jada, 36 urte dauzkat! Ez duzu hanka kopeteraino altxako baina teknikoki gero eta hobeto zoaz eta eszenan gero eta gehiago irabazten duzu, zure buruarekin seguruago zaude. Fandango eta arin-arin txapelketak irabazi nituenean, mundu horretarako fisikoki oso ongi nengoen, baina bada beste mundu bat orain ikasi dudana (klasikoa, garaikidea). Sarri pentsatzen dut: "26 urterekin nuen arintasun hura banu gaur...". Baina gaur jolaslekura irten, eta esperientziak erakutsita ez duzu erridikulurik egiten. Eta ikusleek akaso zera esango dute: "joe, zure albokoak hanka gehiago altxatzen du ba!", baina albokoak 22 urte ditu, eta normala da. Ondo legoke zuk baino gehiago ez altxatzea! Edo "basoa bota duzu baina!", badakit basoa bota dudala, baina ikusi behar dena da nola dantzatu duzun, nola iritsi zaren basoraino.

- Ez da arrunta 36 urteko dantzari bat ikustea. Pentsatu al duzu noiz utzi?

Ez naiz bizitza osoan dantzan ariko, ezinezkoa delako, baina oraindik beste urte bat edo bitan ikusten dut neure burua dantzarako moduan. Eta uzten dudanean eszenategiaren atzean egongo naiz, nahita ere ezin dudalako utzi!

BERE HITZETAN
Badirudi kanpokoak beti gu baino hobeak direla"
Euskaldunon Egunkaria, 00-04-15
"Hemen jendea maiatzean joaten da dantza ikustera, baina hortik aparte
badirudi amaitua dagoela. Moden arabera bizi gara"
Euskaldunon Egunkaria, 00-04-15
"Fandango eta arin-arineko eta aurresku txapelketetan sariak irabazi
ondoren, dantza horietatik natorrela esan dezaket"
Euskaldunon Egunkaria, 00-04-15
"Gure folkloreak indar handia du, eta kanpora zabaldu behar genuke"
Euskaldunon Egunkaria, 00-10-20
"Hasiera oso zaila izan zen, euskal dantza tradizionala oso mundu itxia
baitzen. Gure helburua hori aldatzea izan da, eta lortu dugula uste dut.
Gaur egun, gurea bezalako emanaldiek arrakasta dute"
Euskaldunon Egunkaria, 00-10-20
"Gure koreografia guztiek dantza tradizionala dute abiapuntu"
Euskaldunon Egunkaria, 00-10-20
"Ordu pila bat sartzen ditugu entsaiatzen. Gure asmoa da hortik bizitzea,
baina zaila da"
Euskaldunon Egunkaria, 00-04-15

*****************

CURRICULUMA
- Jaio: Bergaran, 1964an.
- Dantzaria, koreografo eta dantzako irakaslea (Urnietako Hegape ikastolan
eta Lesakako "Tantirumairu" dantza taldean).
- Dantzan: Zazpi urterekin hasi zen Bergaran, Moises Azpiazurekin.
Hemezortzi urterekin Donostiako "Eskola" dantza taldean sartu zen eta gaur
arte hor aritu da.
- Sariak: Jaione Arana bikotearekin Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuen
1978an. Gerora, Amaia Agirre bikotearekin Gipuzkoako Dantza Askatu
Txapelketa (93, 94, 95 eta 96an) eta Euskadiko Dantza Askatu Txapelketa
irabazi zuen (93, 94 eta 95ean). Gipuzkoako Aurresku Txapelketan (95, 96)
eta Euskadiko Aurresku Txapelketan ere (94, 95, 96) txapeldun izan zen.
- Emanaldiak: Besteak beste, Belgikako Eusko Jaurlaritzaren egoitza eta
Anoeta futbol zelaia inauguratu zituen; "Eskola" dantza taldearekin ia
Europa osoan eta Kuban egona da; Kepa Junkerarekin aurten 70 bat emanaldi
eskaini ditu, tartean Finlandia, Portugal eta Eskozian; Argentinan izana da
"Gozategiz blai" ikuskizunarekin, eta baita Japonian ere Eli Alberdirekin.
- Koreografiak: "Aukeran" dantza taldearen sortzaileetakoa (1997) eta
geroztik bertan dihardu koreografia, zuzendaritza eta dantzari lanetan.
Azken hiru urteotan bost koreografia egin ditu: "Aukeran" (taldeari izena
eman ziona, 1997), "Akilimarro" (1998), "Errenkan" (1999), "Zirga ezean"
(2000), eta "Argia ilunpean" (2000).
*********************
BIZITZAREN PASARTEA
Lehenengo txapelketa Eibarren izan nuen, 7 urterekin. Nire bikotea
ikastolatik ezagutzen nuen baina oso harreman gutxi genuen. Dantzatu genuen
txapelketan, gure ustez ondo (ez dakit zenbagarren gelditu ginen; azken
aurren, edo...), eta hasi ziren sariak banatzen. Lehen ez zen dirurik
ematen, opariak baizik: lehenengoari txapela, besteei trofeo edo poltsaren
bat... eta kasualitatea, guri erloju bat tokatu. Baina erloju bakarra,
noski. A zer poza erloju bat eman zigutenean, baina zeinentzat? Zazpi
urterekin, batek hartzen badu bestea negarrez hasten da... Gure lehen
txapelketa, eta gurasoek dirua jarri behar izan zuten beste erloju bat
erosteko!


Dokumentuaren akzioak