Dokumentuaren akzioak
New Yorketik Baionara
Kritika, Shua Group
Public reflex pieza laburra izan zen Bilbon emandako lehena. Bertan, bakarlari gisa agertzen da Joshua Bisset, lehenago erabateko iluntasunean jiraka eta bueltaka, eta beranduago etengabeko elkarrizketan gune karratua markatzen duen argi zuriarekin, beraren itzal proiektatuarekin eta argitik kanpo geratzen den eremu ilunarekin.
Oinutsik doa zuriz jantzitako dantzaria, eta mugimendu segida zatikatuak deskribatzen ditu, bere ahotik hitz solteak eta agindu laburrak irteten direlarik. Ikusleok, ordea, gainditu behar izan dugu proposamenaren hasierako hermetismoa, baina artistaren introspekzio ariketan sartu garenetik, gero eta interesgarriago iruditu zaigu performance-tik hurbil dagoen pieza hau.
Orange place izeneko koreografian, ordea, giza egoera baten eboluzioa aztertu zuten Bissetek berak eta Laura Quattrocchik, herri-lanetan erabiltzen diren plastikozko hesi laranjak elementu eszeniko bezala erabiliz. Hodi forman bildutako plastikoek zazpi zutabe ezegonkor osatzen dute taula gainean, eta haien artean dabiltza bi dantzariak, atsekabe komun batek elkartuta eta mugimendu paraleloak deskribatuz, zutabeak ukitu gabe.
Hiri-bizitza modernoari buruzko alegoria honetan paisaiaren parte dira plastikozko zutabe laranjak, baina hiriko zarata lausotuekin osatutako soinu-bandak ere asko laguntzen du giro artegagarria areagotzen. Era berean, oso esanguratsua da jantzien erabilera, piezak aurrera joan ahala gero eta biluziago daudelako bi dantzariak, gero eta harrapatuago hiriaren dinamika suntsitzailean, azken unean beren barne-isolamendutik irten eta elkarri begiratzen dioten arte.
Konpainia: Shua Group.
Koreografiak: Joshua Bisset.
Jantziak: Laura Quattrocchi.
Arte-kolaborazioa: Sylvestre Gobart.
Lekua: Bilboko Kontainer aretoa.
Data: Ekainak 15.
Dokumentuaren akzioak