Dokumentuaren akzioak
Neurtu ezin dituzun gauza horiek
‘Scratching the inner fields’
«Neurtu ezin dituzun gauza horiek» omen dira Wim Vandekeybusen obsesioak, Estibalitz Ezkerraren igandeko elkarrizketan irakurri genuenez. Eta Bilboko Dantzaldiari hasiera emateko mundu obsesibo eta ilun batean murgildu gintuen Bruselan finkatutako koreografoak, Scratching the inner fields (Barne lurraldeen ertzetik pasatuz) lanarekin.
Laster batean igarotzen den ordubete eta erdiko lan honek berebiziko erritmo geldoa darama bere baitan, azken finean barne begiradari patxadaz eta munduko denbora guztiaz ekin behar baitzaio.
Piezako zazpi emakumeak banan-banan, isiltasun erabatekoan eta inolako presarik gabe sartzen dira eszenara, albo batean dagoen foku gogor baten argipean, eta sabaitik noizean behin jausten diren zapi bustiek lehen mugimendu esanguratsuak eragiten dituzte: aurreneko lasterketak, jauziak, jarrera estatikoak... Soineko ezin ederragoak daramatzate guztiek, eta gehienek oinutsik doaz, baina Vandekeybusen konpainiaren azken sorkuntza honetan ez da bakarrik edertasuna eta mugimendua bilatu behar, askoz haratago baitoa koreografo zorrotz honen planteamendua.
Bere estilo ezagunari jarraiki, giro itogarrian garatzen da lan osoa, isilune luze-luzeak, testu poetikoak, soinu elektronikoak, bihotz taupadak eta perkusioan oinarrituriko musikak direla soinu-bandaren osagai nagusiak. Horrekin batera, garrantzi handikoak dira ezuste eszenikoak, objektuen erabilera ezohikoa eta, horren guztiaren gainetik, plastikotasun itzelezko irudi artegagarriak.
Hotzik uzten ez zaituen lana
Haien artean bereziki harrigarria da dantzari batzuen buruak beraien kideek lurperatuta ikustea, baina badaude beste une batzuk gogoratzeko, hala nola inora ez doan eskailera batean ahaztuta geratzen den gorputz hura, eta –nola ez– dantzari guztiek erakutsitako prestakuntza, arintasuna eta figura ederrak.
Intentsitate handiko lana izan da Scratching the inner fields hau, inondik ere hotzik utzi ez gaituena, nahiz eta latza eta ezerosoa izan hainbat momentutan. Izan ere, geure barnera begiratzean zalantzak dira nagusi, baina koreografoak berak dioenez: «interesgarriagoa da galderekin lan egitea egiekin baino».
Dokumentuaren akzioak