Dokumentuaren akzioak
«Beti neure burua ustekabean atzematen entseatzen naiz, horrelakoa naiz ni »
Angelin Preljocaj, Koreografoa
Koreografoa ordubeteko berantarekin iritsi da hitzordura. Eta, azkenean, buruz buru ezin elkarrizketatu. Kazetari gehiegi dago haren zain. Prentsaurreko bat inprobisatu eta, ahal den bezala jardun behar galdera-erantzunen jokoari. Hori bai, nahiz eta itxaron behar izan, ezin bulegora sartu haren adierazpenik bildu gabe. Alabaina, Angelin Preljocaj (Sucy-en-Brie, Frantzia, 1957) Frantziako dantza garaikideak duen erreferente nagusietako bat da. Nazioartean onespen gehien jasotzen duen koreografo europar handienetako bat. Amaigabeak dira nazioartean jasotako izendapen eta sari guztiak.
Eta Miarritzen izaki, pena zitekeen haren huts egitea. Gainera, mintzatzeko prest dago. Lau urtaroak dantza ikusgarriaren promozioa egin behar du eta. Izan ere, Maitaldia dantza jaialdiaren karietara, gaur 21:00etan Gare du Midi aretoan emanen dute bere dantzariek.
Hor dago, beraz, artista, mikrofonoen aitzinean jarririk. Barkamenak eskatu pare bat aldiz eta irria ahoan, giroa lasaitzeko asmoz kazetarien arteko euskarazko hitzak entzun dituela eta, hauxe dio: «Irrigarria da, euskaraz ari zaretela, nik albaniera entzuten dudala iruditzen zait. Plazer egiten du. Nahiz eta Frantzian handitu naizen, albanierak jantzi dit nire haurtzaroa. Gurasoak ni sortu baino bi aste lehenago iritsi ziren Frantziara. Ez zuten frantsesa ikasteko denborarik izan».
Hori erran eta, lehen galdera heldu da. Nolaz ez, gaurko emanaldiari lotua. Nolaz ez, Vivaldiri buruz. Zer dela-eta musika hori? «Lau urtaroen sorkuntza hasi aitzin N izeneko batekin geunden. Biziki ikusgarri bortitza zen hau. Iluna. Humanoen arteko bortizkeriaz mintzatzea zuen helburua, genozidio, tortura, kontzentrazio esparru, gerla eta beste. Hortik, ni eta nire dantzariak biziki minduak atera gara. Ezin zara heriotzarekin jolastu eta deus ez balitz bezala egin. Barne-barnetik hunkitzen zaitu horrek. Nahi ala ez».
Abentura horretatik nolazpait ateratzeko asmoz, gai arinago batean sartzeko gogoa etorri zitzaion koreografoari: «Erdi txantxetan Vivaldirekin hasiko ginela lanean bota nien dantzariei». Baina azkenean txiste bat baino gehiago izan zen: «Etxera sartu eta Vivaldiren musika entzuten jarri nintzen. Osorik entzun nuen eta zinez zerbait egin zitekeela horrekin ohartu nintzen». Eta hortik, dantza ikusgarri guzia musikan oinarritzea erabaki zuen.
Bistan dena, lehen lana musika horri buruzko aurreiritziak haustea izan zen: «Igogailu, supermerkatu edota sakelako telefonoetatik entzun daitekeen musika dela... Nik hortik atera nahi nuen. Eta horretarako ezinbestekoa bihurtu zitzaidan ikerketa lan bat burutzea».
Hastapenean Land art munduko artistei dei egitea pentsatu zuen, urtaroez mintzatzeko egokia iruditu zitzaion. Baina, azkenean baztertu egin zuen: «Begi-bistakoegia zen. Eroagoa zen zerbait atzeman behar nuen. Eta hortik etorri zitzaidan Fabrice Hyber deitzeko ideia».
Fabrice Hyber artistak bere burua chaosgrafoa hitzarekin definitzen du. Lau urtaroak dantza ikusgarriaren baitan ukan eragina ukaezina dela deritzo Preljocajek. Hura izan dela ardatz nagusia gaineratu du: «Bere lan egiteko manera frango bitxia dela erran daiteke. Hasteko, arrunt atipikoa da eta anitzetan eztabaidatua. Kontsumoaren kontzeptuekin jolasteko usaia dauka. Bere xedeetako bat norberaren usaien haustea da. Ezegonkortasuna sortzea jendearen baitan. Adibide bat emateko, laukia den baloi bat egina du jada. Zer egin baloi lauki batekin? Ba horrelako galderak ditu pausatzen». Hots, Vivaldirekin ez zeukan lotura izpirik. «Eta horregatik bihurtu zait, justuki, ezinbestekoa harekin lan egitea. Ezustearekin jolastu nahi nuen».
Lau urtaroak osatzeko, bi artistak erabat joko horretan sartu dira. Hybertek objektu bitxi bat ekartzen zion eta Preljocajek ezin zuen ukatu eta dantzariak horrekin dantzarazi behar zituen: «Ohiturak haustearen xede hori bururaino eraman dugu. Adibide bat emateko, dantzarien arteko besarkadak nik biziki maite ditut. Ba, Hyber horretaz ohartu zen eta jantzi xixtadun bat ekarri zidan. Sagarroi baten antzekoa, Ihesaren birusari eitea du jantziak... Eta nik horrekin egin behar».
Eta emeki-emeki egiazko unibertso bat margotzen hasi ziren biak: «Pieza osoa objektu berezi eta dantzarien artean sortu harremanarekin jolasten da. Batzuei deslotua dela irudituko zaie agian. Izan daitekeen lotura eguraldiarena da. Elurra, euria, haizea, lanbroa, eguzkia... Lau urtaroez gain, arteketako sasoi berezi batzuk ere sartu ditut. Badakizu... Badira egun batzuk, memento honetan ditugun horietako batzuk, non goizetan jaikitzen zarelarik ez baitakizu nola jantzi».
Hori guztia, beraz, Antonio Vivaldiren musikak lagundurik: «Musika horrek anitz laguntzen du. Dantzarien gorputzak altxatzen ditu musikak, eta baita publikoa ere».
Alabaina, Preljocajek onartzen du Vivaldi biziki egokia dela publiko zabal baten hunkitzeko. Orain arte leku anitzetan emana dute jada eta beti oihartzun baikorrak ukan ditu: «Arrakasta horrek pozten nau. Baina zehaztu nahi nuke, halere, nire lehentasuna ez dela hori».
Ez, beti bezala, aldi honetan ere, bere xedea bere burua harritzea izan da: «Neure burua beti ustekabean atzematen entseatzen naiz, horrelakoa naiz ni. Aspalditik marraztu ildoetan mugatzea, artista bati gertatzen ahal zaion gauzarik larriena da. Jendeak zuregandik ikusi nahi duena behin eta berriz errepikatzea. Artistak ere noiztenka bere burua lasaitzeko, erraztasunez edo, horretan erortzen da. Ba, nik hori saihesteko, obra bakoitz arrunt mundu ezberdin bat jorratzeko parioa egiten dut. Behin lan abstraktu bat egin eta, ondokoan ipuin bat kontatuko dut. Behin bortitza izan eta ondokoak atsegina izaten ahaleginduko naiz. Ikusgarri bakoitza zerbait gehiago ikasteko parada bat da. Jende berria ezagutzeko aukera».
Eta horregatik da agian Pavillon Noir izeneko dantza zentroa gauzatzeko borrokatu azken urteetan. Eta azkenean irabazi du. Heldu den hilabetean estreinatzekoa du Aix en Provence hirian. Frantzian mota horrelako lehen sala da. Rudy Riccioti arkitektoak diseinatu eraikin berriak lau entsegu gela eta kasik 400 lagunentzako entzutegi bat dauzka, besteak beste. Dantza produkziorako gune modernoa izanen da.
20 urte dantzan ibili eta horri lotu bada, beti ere dantza urrunago eramateko izan da, gauza berriak asmatzeko: «Bertan koreografo gazteek beren lekua ukanen dute eta nahi bezain bat denboraz egoten ahalko dira beren sorkuntza lantzen».
############
«Ezin zara heriotzarekin jolastu eta deus ez balitz bezala egin. Barne-barnetik hunkitzen zaitu horrek»
«Ikusgarri bakoitza zerbait gehiago ikasteko parada bat da. Jende berria ezagutzeko aukera»
############
Dokumentuaren akzioak